Nazioarteko laguntzaren zain
Sahara eta Marokoren arteko gerra hasi zela badira 40 urte dagoeneko eta Norak dioenez, “ez dute bueltarik ikusten oraingoz. Europari begira bizi dira, bake egoeraren zain. Baina nor saiatuko da Marokorekin egun?”. Saharar gazteek egoeraren inguruko beste ikuspegi bat dutela uste du zinegotziak, “gazteak iraultzaileagoak izaten dira beti eta ez daude guztiz ados polisarioaren aukerekin. Gazteen arteko ezinegona nabaria da eta zer edo zer egin behar dela diote gehienek. Egoeraz oso ondo informatuta daude”.
Gerraren ondorioz, Saharako herriak bere lurrak utzi eta desertuaren erdira joan behar izan zuen bizitzera. Geroztik nazioarteko laguntzaren bidez bizi dira erabat, baina urtez urte laguntza horrek behera egin duela nabarmendu du Norak, “2013ra arte bi karabana-aldi abiatzen ziren Saharara, txanda bakoitzean 100 edukiontzirekin; 200 edukiontzi guztira. 2013an jaitsiera handia nabaritu zen, txanda batean 19 eta hurrengoan 39 edukiontzi iritsi baitziren. Osasuna gero eta juxtuago mantentzen dute, gero eta anemia kasu gehiago sortzen ari da haurdunen eta umeen artean bereziki”. Eraikinak eraikitzekoan ere, laguntzak jasotzeko hiru zutabe nagusi izan dituztela argitu du Norak: Andaluzia, Katalunia eta Euskal Herria: “Azaldu zigutenez, azken urteotan laguntzak jaitsi ez dituen lurralde bakarra Euskal Herria izan da. Egia esan, eraikin askotan ikusten da Euskal Herriko erakundeen izena, laguntzaile gisa”. Saharar haur eta haien gurasoentzat ‘Oporrak bakean’ izan daiteke urteko ekimenik garrantzitsuena. Udan Euskal Herriko lurretara etorrita, mediku azterketa ugari egin eta ondo elikatuta itzultzen baitira gaztetxoak bueltan, “aurten bost haur saharar etorriko dira Villabonako familiengana eta hamar gazte Amasako apaiz etxean bilduko dira”, adierazi du.
Senidetzea abian da
Bidaiaren helburu nagusia Saharako herriarekin senidetzea zen Amasa-Villabonarentzat, “elkartasuna eta laguntza humanitarioa eskaintzeaz gain, modu politikoan senidetzea, bi aldetara: haiek guri eta guk haiei norberaren egoeraren berri azaltzeko”. Agti dairarekin senidetu zen Saharako bisitan Amasa-Villabona, Noraren hitzetan, “oso ekitaldi xume eta hunkigarrian. Jende asko gerturatu zen senidetze ekitaldira, emakumeak denak. Oso sorpresa polita izan zen guretzat”. Saharar emakumearen papera nabarmentzekoa dela aipatu du, “gizonak gerran zebiltzan bitartean, emakumeak jarri zuen martxan Saharar herria desertuaren erdian. Goi mailako kargu ugari emakumeek betetzen dute egun ere: ministro, alkate…”. Maiatzaren 7ko Udalbatzan, Elkartasun astearen baitan, Villabonako udaletxean izenpetutako agiriarekin onartu zen senidetzea. Senidetzeak, besteak beste, hango eta hemengo haurrek harremana izan dezaten ahalbidetuko du, gutun trukearen bitartez.
Elkartasun astea
- Maiatzaren 5etik 11ra, Elkartasun astea antolatu du Villabonako Udalak, nazioarteko lankidetzaz, senidetzeaz eta internazionalismoaz herritarrak informatu eta sentzibilizatzea helburu:
Hitzaldiak: Gureako erakusgelan, 19:00etan. - Maiatzak 8, osteguna: Sahara gaur egun. Hassana Aalia, bizi osorako zigorra duen ekintzaile gaztea.
- Maiatzak 9, ostirala: Venezuela, iraultza bolibiarra, lorpenak eta erronkak. Xabat Laborde, Venezuelan brigadista izana eta Askapenako kidea.
Txokoa - Maiatzak 10, larunbata: Sahararren txokoa, 17:00etatik aurrera Malkar plazan. 22:30etan Kukuka taldearen ‘Sahara isiltasunaren ahotsak’ antzezlana Gurea antzokian.
Erakusketa - Maiatzaren 7tik 11ra: Hodeien seme-alabak, Saharari buruzko erakusketa. Gureako erakusgelan.