Ekarpenak egiteko hiru modu izango dituzte herritarrek: Interneten, www.aurrekontuahobetzen.net webgunean, etxeko postontzietara bidali diren eskuorrien bidez eta, azkenik, herriz herri deituta dauden partaidetzazko tailerretan ere proposamenak egin daitezke. Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo partaidetza tailerra maiatzaren 22an izango da, arratsaldeko 18:30ean Mintzolaren egoitzan.
Behin proposamenak jasotzeko epea amaituta, ekarpen guztiak bildu eta sailkatuko dira. Bigarren fasea ekaina inguruan izango da eta eskualdeetan egingo diren batzarretan lehentasunezko 20 proposamen aukeratuko dituzte. Lehenetsitako proposamenak Foru Aldundiko teknikarien eskutan jarriko dira. Haiek azterketa ekonomikoa eta juridikoa egingo dute, egitasmoak bideragarriak diren ala ez argitzeko eta bakoitzak zenbat kostatuko duen zehazteko. Azkenik, 500.000 euro horiekin zer egin erabakiko dute herritarrek eta behin betiko zerrenda hori 2015eko Foru Aldundiko aurrekontuetan txertatuko da.