Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 7a, 15:06

Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoaldi onenak biltzen dituen liburua argitaratu du Bertsozale Elkarteak. Liburuan irakur daitezkeen bertsoak, gainera, diska batean ere bildu dituzte. Liburua dagoeneko salgai dago ohiko liburudendatan eta www.lanku.com gunean, 20 euroren truke. Bertsozale Elkartearen bazkideek, 15 euroren truke erosi ahal izango dute. Subijana Etxean egin dute liburuaren aurkezpen ekitaldia:

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren koordinatzaile den Jon Agirresarobek hartu du hitza liburuaren aurkezpena egiteko: "Bertsozale Elkarteak antolatu dituen Txapelketa Nagusi guztiak liburu batean bildu izan dira eta aurtengoak, diska izango du itsatsita. Zortzigarren liburua da hau; 1986koa izan zen lehendabizikoa. Aurten, diskaren aldeko apustua egin dugu, bertsozaleek gehien estimatzen duten euskarria dela uste dugulako. Bertsoak liburuan biltzea, nolanahi ere, garrantzitsua iruditu zaigu. Ziurrenik ez da kolpe bakarrean irakurtzeko liburua izango, baina egokia izan daiteke bertsozale eta bertso-eskolaterako prestaketarako eta kontsultarako; baita tarteka irakurtzeko ere". Xenpelar dokumentazio zentrua aipatu du Jonek: "Xenpelarrek koordinatu du bilketa, hautaketa eta jasotze lan guztia, eta bertan egindako lanari esker egiten dira modu honetako argitalpenak".

Felix Irazustabarrena kazetariak gauzatu ditu liburuaren edukiak: "Liburua, batez ere, bertsoz osatuta dago. Bertsoaldi bakoitzeko kokapen fitxa bat eta kronikatxo bat ere badago, irakurlea hobeto koka dadin. 200 bertsoaldi eta 800 bertso inguru biltzen ditu liburuak. Bertsoak hautatzeko garaiak, ohiko irizpideak erabili dira; batez ere, bertso onenak aukeratzea. Saio guztietako bertsoaldiak aukeratu ditugu, oreka bilatu nahian. Finaleko bertso guztiak ere bildu ditugu liburuan. Liburuan azaltzen diren bertso guztiak diskan daude entzungai". 

Iritzien atala ere badu liburuak. Karlos Aizpuruak izan du atal horren ardura: "Mintzola Fundazioa eta Bertsozale Elkartearen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren arteko elkarlanean kokatu behar da hamalau iritzi emaileon lana. Liburuan daudenak hamalau iritzi dira, hamalau analisi. Inoiz ez dira horrenbeste izan orain arte argitaratutako liburuetan. Esparru oso ezberdinetako jendeak hartu du parte. Jone Miren Hernandez, Xabier Paia,  EHUko Ixa taldea, Teresa del Valle , Jexux Larrañaga, Anaís Falcó eta Christian Simelio, Pere Bescos, Olatz Mitxelena eta Pio Pere, Xabier Sukia, Gorka Azkarate, Joxerra Garzia, Arkaitz Goikoetxea eta Andoni Egaña". 

Txapelketako doinu berriak ere biltzen ditu liburuak. Martin Aramendi eta Juanito Dorronsorok hartu dute ardura hori.  Sei doinu berri aurkeztu dira txapelketan, eta dagoeneko doinutegian txertatuta daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!