Oposizioak atzera bota du Udal aurrekontu proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 2a, 12:51

Arrazoi ezberdinak erabilita, Bilduko Udal Gobernu taldearen urteko Udal aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu zuten PSE-EEk, EAJ-PNVk eta PPk. Gobernu taldeak gogor kritikatu du oposiziokoen jokabidea.

Udal gobernu taldearen balorazioa:

"Udal gobernuko kideak txundituta geratu ziren apirilaren 29an ospatu zen apirileko ohiko plenoan. Udaletxean egin diren bileren eta prentsaren bitartez oposizioak egin dituen deklarazioak aztertuta, aurrekontuek ez zutela aurrera jarraituko susmoa bazuen udal gobernuak, baina euren ezezkoa argudiatzeko oposizioak erabilitako arrazoiak ikusita, beste behin agerian geratu da udaletxea blokeatzeko erabaki irmoa dutela.

Legegintzaldi hau arrunt konplikatua izaten ari da egoera ekonomikoari dagokionez. Udal gobernuak behin baino gehiagotan eman du egoera ekonomikoaren berri, bai Ogasun batzordean, non alderdi guztiak ordezkatuak dauden, baita publikoki ere, herritarrak gonbidatuak izan diren bilera eta batzarren bitartez. Dirudienez, ordea, oposizioko kideak ez dira egoera horretaz guztiz jabetzen; izan ere, aurrekontuei ezezkoa emateaz gain, ez dute ez ekarpen ez-eta emendakinik ere aurkezten diru-kontuek aurrera egin dezaten. Euskal Herri osoan toki gutxitan gertatzen den egoera da hau, herri gehienetan bere aurrekontuak aurrera ateratzea lortu baitute oposiziotik egindako proposamen edo emendakinen bitartez. Egoera zeharo zentzugabea da gainera, izan ere, aurrekontuen osotasunari ezezkoa ematen diote, baina proiektuak banaka aurkezten direnean, proiektuz proiektu, hauek onartu egiten dituzte.

Ez dago taxuzko arrazoirik euren itsukeria arrazoitzen duenik; udal gobernuak beti esan du talde politikoen artean ezberdintasunak egon daitezkeela ulertzen duela, auziak enfokatzeko edo bideratzeko era diferenteak. Baina beti erakutsi du bere borondatea proposamenak jaso hauen inguruan eztabaidatu eta akordiotara iritsiz gero aurrekontu proposamenean sartzeko. Oposizioak ezin du baieztatu, gaur gaurkoz, eztabaida edo elkarrizketa ez dela posible izan udal gobernuarekin, ez baitu bide eman horretarako; ez dira aurrekontuak negoziatzeko prest agertu, eta horren erakusle da, nahiz eta gaiaz eztabaidatzeko bilerak egin diren arren, udal gobernuari esan ziotela euren iritzia plenoaren egunean bertan adieraziko zutela.

Oposizioaren jarrera oso argia da: erabateko blokeoarena, Bildu-ren isolamendu politikoa eta erabaki falta antzeztu nahi izatearena; edukiz hutsalak diren terminoak entzuten ohituak gaude: “udal gobernuaren eraginkortasun eza”, “herriaren paralizatzea”, “kudeaketarako gaitasun eza”... errealitatean, ordea, ondo asko dakite udal gobernuaren eta udal teknikarien eginahalaren ondorioz zor akumulatua erdira jeistea lortu dela (1.500.000 eurotatik 800.000 eurotara) eta aurrekontu orekatu batzuk aurkeztea lortu dela. Gogoratu behar da udal gobernuak ez duela aurrekontu bat bakarrik aukeztu, bi baizik: horietan lehenak uraren kudeaketa osoa Gipuzkoako Ur kontsorzioari esleitzea aurreikusten zuen, bigarrenak berriz udalaren esku mantentzen zuen kudeaketa hori. Eredu batek eta besteak ezberdintasun nabarmenak dituzte, lehenengoak hainbat aldaketa eta inbertsio jasotzen dituen bitartean, bigarrenean hauek jasotzea ez baita posible. Alabaina, oposizioko kideek uraren esleipen proposamenarekin erakutsi duten arrazoitu gabeko burugogorkeriaren aurrean, udal gobernuak bigarren alternatiba aurkeztu du proposamen gisa; baina bistan da horrela ere ez dutela amore eman.

Udal gobernuak uste du estrategia gisa konplikazio ekonomikoko testuinguru hau baliatzea errentagarritasun politikoa lortzeko larri dela, oso-oso larria. Apostu horrekin erakusten dute ez dituztela aurrekontu batzuk nahi Andoainentzako, ez dutela egoera ekonomikoa hobetzerik nahi. Jarrera guztiz deitoragarria da, honen ondorioak herritarren ongizatean nozituko direlarik.

Gogoratu behar da bigarren urtea izango dela jarraian Andoainek aurtenera egokitutako aurrekontu batzuk izango ez dituela. Aurreko aurrekontuak luzatu beharko dira, beste behin ere; 2012koak, hain zuzen, izan ere, 2013an ere, inolako proposamen edo emendakinik gabe, ez baitzituzten diru-kontuak babestu. Hots, aurreko legegintzalditik akumulatutako zorragatik egoera konplikatua bazen, are gehiago korapilatuko da orain. Are gehiago Madriletik datozen doikuntza neurriak ikusita, BEZaren igoera edo diru kontuan jarraipena kasu. Udal gobernuak legegintzaldi honen amaierara arte jarraituko du lanean, irmoki sinetsita Andoainek eta andoaindarrek baldintza egokietan dagoen herri bat merezi dutela, bere beharrei aurre egitea posible duena; ez da ezkutatuko eta ez du egoera makilatuko gauza konplikatzen denean, eta egoerari aurre egingo dio herritarren emendatzen dituzten proiektuak eta diru-kontuak aurrera atera daitezen.

Udal gobernua lanerako heldu zen udaletxera, bada garaia oposizioak hausnartu, eta esku bat bota eta lagundu dezan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!