Santa Krutz jaiak Andoainen, asteazkenean hasi eta igandera arte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 30a, 10:07

Gaur arratsaldean hasi eta igande iluntzera arte ekitaldi ugari burutuko da herrigunean.

Udaberria bete-betean dela, herritar gehienen eta inguruko herrietako biztanle askoren arreta pizten dute Santa Krutz jaiek. Ekitaldi asko egitarauan finkoak izaten dira, hala nola, maiatzaren 1eko lasterketa, maiatzaren 3ko Ikurrinaren jaitsiera eta dantza saio ikusgarria, edota jaietako azken eguneko sagardo lehiaketa. Badira ere, egonkortzeko joera har dezaketen hitzordu berriak. Horien artean ostegun honetako pintxo lehiaketaren bigarren edizioa. Taberna askotako sukaldarien trebezia erakusteko hitzordua izango da. Euro baten truke pintxo goxoez gozatzeko aukera izango da taberna hauetan: Zeru, Txitibar, Txalaka, Xaxi, Txuribeltz, Gaztelutxo, Txindoki, Irunberri, Traiñerum, Urkiola, Bastero, Hiru, Atarraia eta Miura. Ikusiko da iaz nagusitu zen Urkiola tabernaren lekukoa nork hartzen duen.
Festari ukitu berezia emateko antolatzaileek iaz ekimen berritzailea martxan jarri zuten: Elegante eguna. Aurten ere festazaleak elegante kalejiran hurbiltzeko deialdia luzatu dute. Iaz ibili zirenak giro ederrean aritu ziren. Aurten, giro on hori areagotzeko, musika jartzaile bat izango dute ibilbidean zehar.
Umorea eta festa ez dira faltako, ezta musika doinuak ere. Rock kontzertu ikusgarriak eta erromeri giroko plaza taldeak gauero entzungai izango dira. Horien artean, diskoa labetik atera berri duten “Ingo al deu?” taldekoak dira. Jaiak hastearekin batera bederatzi kantuko diskoa argitaratu dute, eurek egindako abestiak eta bertsioak uztartuz. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, “autoekoizpenean oinarritutako diskoa da eta taldeak berak eskerrik beroenak eman nahi dizkie diskoa osatzen lagundu dieten guztiei, batez ere Iñigo Garridori eta Igor Astigarragari”. Diskoa Lanbroa, Olajauna eta Irunberri tabernetan salgai egongo da 5 euroren truke.
“Ingo al deu?” taldearen kantu berri horiek entzungai izango dira Bekoplazan, larunbat honetan.

Koadrilen eguna
Ostiral honetan adin guztietako koadrilek bat egingo dute jaietako bazkarian. Zumea plazan egingo da, baina euria izanez gero, mahaiak Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian ipiniko dituzte. Eguzki talde ekologistak koadrilen bazkarian direnei hondakinak bereizteko eta edukiontzi ezberdinak erabiltzeko deia egiten die. Ekimen zehatz horrez haratago, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia ere egin dute.
Asteazken arratsaldean hasi eta igande iluntzera arte ekitaldi ugari burutuko da herrigunean. Jaiaren jarraipen zabala eskainiko du aiurri.com guneak. Bertan ikus ahal izango dira jaietako argazkiak eta bideoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!