Hausnarketa idatzia, Saharatik bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 28a, 16:13

Villabona, Ibarra eta Orexako EH Bilduko hiru hautetsi, Nora Urbizu, Oihane Sarasola eta Eneko Maioz, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan izan dira egunotan. Handik bueltan, bidaiaren hausnarketa eginez, ondorengo idatzia igorri dute:

"BIENVENIDOS A LA TIERRA PRESTADA"

Hitz hauekin jaso gintuzten saharar errefuxiatu kanpamenduetan. Gizarte adeitsu baten ongi etorri beroa. Argeliak utzitako behin behineko lurretan, 40 urtez erresistentzia aktiboaz saharar nazioa eraikitzen diraute. Helburu duten lurra ezagutu ez duten gazteak ere eraikuntza horren parte aktiboa dira; inpotentziaz eta amorruz, bake bidea errespetatzen duten gazte iraultzaileak. Nazioa dagozkien lurretan eraiki ezinean, basamortuan ari dira beraien herria hezurmamitzen.

Emakumeak izan ziren nazio berri horren lehen zutarriak jarri zituztenak, gizonezkoak frentean ziren bitartean. Emakumeek hartu zuten nazioa egituratzen hasteko ardura.

Orduz geroztik, egunez egun egitura hori sakontzen joan da, Sahara burujabe baten eredua sortuz. Bitxia da, 2700 km luze dituen Lotsaren harresia, munduko bigarren handiena izateaz gain, ezezagunena ere izatea. Hauxe diote Sahararrek harresi honi buruz: "Lotsaren harresia: munduak ikusten ez duena, Marokok ikustea nahi ez duena, Espainiako gobernuak ikusi nahi ez duena, Nazio Batzuek ikusteaz utzi zutena, herritar libreok ikusi behar duguna" Lotsaren harresiaren bi aldeetatik ari dira norabide hori lantzen, nola errefuxiatu kanpamenduetatik, hala lurralde liberatu eta okupatuetatik, elkarrekin egingo baitute herri askerako bidea. Hiru errealitate ezberdinetan banatu duten herria helburu batek bateratzen du.

Egoera honek helburu eta arduradun zehatzak ditu. Sahara jasaten ari dena nazioarteko komunitatearen jarrera politiko epel eta interesatuaren ondorio da eta herrialde horiei dagokie egungo egoerari irtenbide duin bat ematea. Giza eskubideak eta erabakitzeko eskubidea ez dituzte benetan bermatu nahi eta guztiaren gainetik interes ekonomikoak jarriz. Saharako lehengaien lapurreta babestu eta egoera geopolitikoa ez mugitzea baita Giza eskubideen aldeko mezu hutsal horren atzean dagoena. Honen adibidea NBEk Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko osatu zuen MINURSOk 23 urte daramatzala pauso erabakigarririk eman gabe. Beraz, Nazioarteko komunitatea Marokori Giza eskubideak bortxatzea eta saharar baliabideak lapurtzea onartzen ari da bere jarrerarekin.

Hala ere, herritar guztion esku dago errealitate hori aldatzea. Saharak ez luke bizirauteko laguntzarik beharko bere lurren jabe balitz. Konponbidea ez da baliabideak bidaltzea, berez dituztenak berreskuratzen laguntzea baizik. Babes politiko hori bultzatzea da herritarren eta bere ordezkari politikoen eginkizuna.

Erantzukizun horren jakitun, ardura politikoz lehen urratsak eman ditugu eta bide horretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu. Arazoaren ondorioei hainbesteko elkartasuna eskaini dien herriari arazoaren arrazoiei ere heltzea eskatzen diegu. Orain arte egindakoarekin harro, pauso bat haratago joan nahi dugu, euskaldunengandik duten irudia berresteko: "euskaldunak beti daude iraultzaren lehen lerroan".

Nora Urbizu, Oihane Sarasola eta Eneko Maioz, Villabona, Ibarra eta Orexako EH Bilduko hautetsiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!