Postontzia: “Ruben eta Jon errugabeak direlako”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 28a, 12:50

"Berriro gerta ez dadin kasua behin betiko itxi dadin aldarrikatzen jarraituko dugu".

Gutuna:

POSTONTZIA: Ruben eta Jonen aldeko plataforma

RUBEN ETA JON GUREKIN DAUDE, ORAIN KASUA ITXI BEHAR DA.
Apirilaren 4an bizitakoa ederra izan zen. Beraien atxiloketaren hamargarren hilabetea betetzear zela instrukzio epaileak Ruben eta Jon aske uztea aerabaki zuen. Gure lehen momentuko pozak ospakizun logikoari eman zion bide, eta horretan egon gara azken egunotan.
Orain, egun batzuk pasa diren honetan gertatutakoaren balorazioa egiteko tenorean gaude. Gauza asko gertatu dira hamar hilabete hauetan eta gehienak oso garrantzitsuak:

  • Lehen unetik Ruben eta Jon errugabeak zirela eta beraien berehalako askatasuna eskatzeaz gain, kasua ixtea aldarrikatzen genuen. Inolako frogarik gabe eginiko atxiloketak zirelako.
  • Hamar hilabete hauetan egin ditugun mobilizazio ezberdinen garrantzia azpimarratu nahi dugu. 1200 sinadura bildu ditugu, ehunka lagun hurbildu dira deitutako elkarretaratze eta kontzertuetara, elkartasun ekonomikoa antolatu ahal izan dugu…, handia da denon artean egindakoa eta bidegabea litzateke gure aldetik behar duen garrantzia eman gabe pasatzen uztea. Mila esker eta zorionak guztioi.
  • Baina bada, gure ustez garrantzia berezia duen gai bat. Ruben eta Jon fiskaltzak horrela eskatu duelako daude kalean. Ekainean espetxeratzea eskatu zuen fiskaltza bera izan da, une honetan inolako baldintzarik gabe kalean uzteko eskatu duena, zergatik irizipide aldaketa hori? Guk hasieratik esan izan dugun bezalaxe,  inolako frogarik ez dagoela diolako une honetan.

Fiskaltzari irizpidea aldatzea besterik ez zaio geratu, eta  Rubenek eta Jonek bizi izan duten bidegabekeriari amaiera ematen hasteko garrantzi handiko urrats bihurtu da.
Hala ere, zoritxarrez, kasua ez da amaitu. Oraindik ikusteke dago instrukzio epaileak zein nolako erabakia hartzen duen egoera berri honen aurrean. Beraz, gaia adi-adi jarraituko dugu.
Guk ez dugu zalantzarik. Ruben eta Joni eragindako kaltea inork ez die itzuliko. Ez beraiei eta ez beren etxekoeoi, lapurtutako denbora ez baitago inolaz ere itzultzerik. Baina berriro gerta ez dadin kasua behin betiko itxi dadin aldarrikatzen jarraituko dugu.
Ruben eta Jon errugabeak direlako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!