Irakurleek osatzen dute 111 Akademia izenekoa eta haiek hautatu eta izendatutakoaren arabera, Miren Agur Meabek idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Kristalezko begi bat eleberriak jasoko du 2013ko urteari dagokion 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 4an amaitu zena. Lehenengo txandan, 2013an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 193 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua izan ziren bi finalistak, eta Meaberen eleberriak jaso zuen boto gehien.
Gauzak horrela, orain irabazleari saria ematea baino ez da geratzen. Maiatzaren 8an ospatuko da sari banaketa ekitaldia, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, arratsaldeko 19:30etan hasita.
Zer da Akademia?
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2007ko apirilaren 17an aurkeztu zuen 111 Akademia Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, euskal literaturzaleen lehenengo akademia. 2007ra arte Beterriko Liburuko Epaimahai Orokorrean zeuden epaimahaikideak 111ko akademiakide izatera pasa ziren, eta horiekin batera, Euskal Herri osoko beste hainbat lagun ere Akademiako kide egin dira. Une honetan 193 akademiakide ditu; beraz, orain zazpi urte jarri zuen 111 akademiakidetara iristeko lehen helburu hura bete du.
111 Akademiarekin, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna apurka-apurka euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura sortzen ari da. Akademiako kideak irakurle arruntak dira eta ez idazle, literatur aditu edo kritikoak. Zentzu horretan, 111 Akademia euskal literaturzaleen artean dagoen errealitatearen ispilu da, herritar irakurlea islatuz.
Irakurle soil izateari uztea da asmoa. Helburu nagusia honakoa da: euskal literaturgintzak urtero eman ohi duenetik liburu bat edo gehiago irakurtzen duen herritarrari literaturgintza horren inguruko ekimen batean parte hartzeko aukera ematea, irakurle soil izateari utziz. Literatur aipamen honen helburua urteko obrarik gogokoena hautatzea da, irakurleen artean gehien gustatu den obra, hain zuzen ere.
Ia berrehun akademiakideen lana eta horien arteko harremana ahalik eta modu errazenean bideratzeko, eragileek ezinbestekotzat jo zuten akademiaren web gunea sortzea. www.111akademia.com webguneak bi funtzio nagusi bete ditu: alde batetik, akademiakideen harreman-tresna bihurtzea eta, bestetik, akademiakide ez diren gainontzeko euskal literaturzale eta irakurleen atari ere bada, euren interesekoa izan daitekeen informazioa eskainiz eta hainbat ataletan parte hartzeko aukera emanez. 2014ko apirilean web gunea goitik behera berritu dute, atari erakargarriago eta dinamikoagoa eratuz.
Webgunean irakurleek iritzia emateko aukera baliatzen dute. Esaterako, saritutako liburuaren inguruan Larraulgo akademiakide batek zera adierazi zuen: “oso liburu intimoa, autobiografikoa eta barnekoia da. Egilea hustu egin da, terapeutikoa izateraino.
Oso liburu atsegina da irakurtzeko, bikote harreman baten haustura izan berria eta min horrekin distantzia jarriz, bere galera fisikoa (ezkerreko begia) nola iritsi zen galtzera eta horrek bere bizitzan nola markatu duen…. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga bereiztu gabe. Oso liburu polita eta ausarta idazlearen aldetik.
Hizkuntza bera ere oso ondo zaintzen du, aipuekin osatua eta tokiko euskarari tarte txiki bat ere emanez”.
Saritua Urnietara bertaratuko da, irakurleek eskaini nahi dioten saria jasotzera.
SARITUTAKO LIBURUA
Kristalezko begi bat
Miren Agur Meabe.
Argitaletxea: Susa.
Urtea: 2013.
Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: "Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago...".