Aurtengo Santa Krutz jaietako pregoilariei elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 26a, 12:36

Berrogeita hamar urte atzera eginez, emakumezkoen danborrada kaleratu zen Santa Krutz egunean. Orduko emakumeak aurtengo protagonista nagusi bilakatuko dira. Tere eta Pili Otaegi ahizpak eta Arantxa Garmendia tartean izan ziren egun seinalatu hartan, 1964ko maiatzaren 3an Santa Krutz elkartearen ohiko danborradan. Eta azken asteetan, danborrada hartan parte hartu zuten 32 emakumeekin harremanetan jartzen saiatu dira.

Izan ere, jai batzordearen proposamena jaso zuten, gertakizun historiko hartako emakumeak aurtengo pregoilariak izan zitezen. Denekin ezin izan dute egon, baina ugariri jakinarazi diete pregoiaren asmoa. Denek hartu dute gogo onez; are gehiago, zerbait berezia egiteko taldea osatu dute. Astean behin biltzen ari dira jendaurreko agerraldia prestatzeko.
Tere Otaegik haien guztien izenean hitz egin du: “Seguru gaude egunak oso oroitzapen gozoak eragingo dizkigula guztioi ere. 1964koa oso egun polita izan zen, nahiz eta hurrengo urteetan segidarik ez eduki. Alde horretatik, pozgarria da gertakizun jakin hori gogora ekarri nahi izatea, eta pregoiaren ohorea protagonista bihurtu ziren emakumeei ematea”.   
Ikuspegi historiko batetik, berritzailetzat jo daiteke orain mende erdi emakumeak danborrada batean parte hartu ahal izana, Andoainen ez ezik Euskal Herrian ere gizonezkoei mugatutako eremu itxia zenean. Ekimena nork, non, nola eta zein testuinguruan sortu zen azaldu du Pili Otaegik. “Garai haietan Santa Krutz jaiak izen bereko elkarteak antolatzen zituen, eta bera zen danborrada kaleratzen zuen bakarra. 1964an, nonbait, zuzendaritzan zeuden zenbait gizonei euren alabek ere bertan parte hartzea otu zitzaien. Zerrenda jarri zuten, eta hogeita hamarretik gora emakumek eman genuen izena. Modu naturalean egin zen guztia, inongo liskar edo polemikarik gabe”.

Prestaketak
Eskola kalean, Correos eta Udal alhondiga zegoen egoitzan egin zituzten entseguak, Santa Krutz elkarteko kideek zuzenduta. Patxi Iriarte Patxi Handia izan zuten zuzendari nagusia.
Adinez nahiko gazteak ziren denak ere, Arantxa Garmendiak gogoratu duenez: “16-20 urte bitartekoak izango ginen guztiok. Ez ginen koadrila berekoak, baina denek ezagutzen genuen elkar”. Pilik zera gaineratu du: “Bizitzaren eztitan, punttu-punttuan geunden denok ere. Oso zintzoak ginen; gurasoei isil-isilik obeditzearen heziketa jasotakoak ginen”.
Janzkerari dagokionez, alkandora zuria nork bere etxetik hartu zuen; gonak, berriz, espreski okasiorako prestatu zituzten: “Ez oso luzea, ezta motzegia ere; garaian moda-modan zegoena”.
Atera ziren argazkietan ikus daitekeenez, desfile aski luzea osatu zuten. Erdian, emakumeak; aurretik, danbor jotzaileak (gizonezkoak), eta atzetik barril jotzaileak (gizonezkoak). Eta guztien tartean, musika banda eta erreginen karroza. Beheko eta goiko kaleetan zehar osatu zuten ibilaldia, eta zaharren egoitzara ohiturazko bisita egin zuten.

Herritarren harrera beroa
Entsegu lekuan taldeko argazkia egin eta zertxobait urduri atera omen ziren kalera. Harrera ezin hobea jaso zuten, ordea, Andoaingo herritarrengandik. “Etxetik hasita, babesa handia sentitu genuen; espaloietan ere, izugarrizko ikuskizuna piztu zen. Aupa emakumeak! eta antzeko animoak entzuten genituen”, adierazi du Arantxa Garmendiak. Tere Otaegik sekuentzi jakin bat dauka bereziki buruan gordeta: “Goikoplazarako bidean, Mirasol etxearen parean, petrilera igota zegoen Victor Trekuk, ¡Bien por las chicas! egin zigun oihu”.
SEGIDARIK EZ ZUEN IZAN 1965EAN
Egun polita, biribila izan zen, baina ez zuen segidarik izan. Pili Otaegik azaldu du zergatia: “Hurrengo urtean, jaiak etorri baino aste batzuk lehenago geure artean prestakuntza txikiak egiten hasi ginen. Gonbitea jasoko genuela nahiko ziur geunden. Usteak uste, ez zen mugimendurik izan. Nonbait, elkartean oposizioa zegoen, mutil zaharrek osatutakoa batez ere. Ikusten denez, 1964an ekimenak ezustean harrapatu zituen. Bigarren urtean, baina, indar egin zuten eta emakumeei aukerarik ez ematea  lortu zuten. Ofizialki ez zen arrazoirik jakitera eman; baina diotenez, aitzakia danborra gaizki jotzea izan omen zen”.
Frustrazioa sentitu zuten emakumeek, baina ez zuten protestarik egin, ez zuten kanporatu haserrea. Sistema frankistak agintzen zuen gizarte kontserbadorea zen 1964ko hura, eta ez ziren aldarrikapenak kalera eramateko garai samurrak. Gerora bai, 60ko hamarkadaren amaieran panorama politiko eta sozial berria sortu zen, eta berdintasunaren eta askatasunaren aldeko eskakizun publikoak aisago gizarteratu ahal izan ziren.
Tere Otaegiren iritziz, feminismoaren kontzeptua geroago ernetu zen gizartean. “parekidetasuna, aldarrikapen gisa, 80ko hamarkadan hasiko zen plazaratzen. Gure garaian, ez dut uste emakumeok aldarrikapen feminista burutzen ari ginela sentitu genuenik. Gauza oso naturala izan baitzen; elkarteak emakumeei ateak ireki zizkigun Santa Krutzetako ekitaldi jakin batean parte hartzeko, eta geuk, festazaleak ginenez eta geure herriko festetan parte hartze aktiboa izateko gogoa genuenez, baiezkoa erantzun genuen”.
Gizarte kontserbadorea
Ez da ahaztu behar, zein testuinguru historikotan burutu zen danborrada. “Orain gutxi arte, elkarteak mutil zaharren getoak izan dira!”. Elkarteak, gizarteko arau eta ohituren ispilu ziren hein batean, Tere Otaegik zehaztu duenez: “emakumeei ez zitzaigun okurritzen tabernetan sartzea. Oso adierazgarria den detaile bat daukat gogoan: Andoaingo bi neska gazte taberna batean sartu eta bi txikito eskatu zituztelako, epelak entzun behar izan zituzten. Andoainen emakumeentzat, Olajauna zen ezkongabeen despedidak eta antzekoak ospatzeko leku bakarra”.
Arantxa Garmendiari, Juantxo Arregi eta biak bikote gisa hasi zireneko garaiak datozkio gogora: “kalean gora eta kalean behera ibili behar izaten genuen, burutik pasa ere ez taberna batera sartzea garagardo bat hartzera! Urteak aurrerago, kafetegiak irekitzen hasi ziren eta horrek askatasun pixka bat eman zigun emakumeoi”.
Pasadizo adierazgarriak aipatzen hasita, Hernaniko Tilos izeneko plazan egiten ziren dantzaldia gogora ekarri du Tere Otaegik, “igande arratsaldeetan han biltzen ginen eskualdeko gazte guztiak. Musikariek atsedena hartzen zutenean, mutilak taberna zuloetan sartzen ziren eta emakumeok, hantxe, plazan eseri behar beste erremediorik gabe! 21:00etako trenean itzultzen ginen. Behin hura galdu eta 22:00etakoa hartu genuen. Andoainen, Kale Nagusian behera juerga batean gindoazela etxera, Koxme aguazila atera zitzaigun bidera, zera esanez: ¡Qué pena, qué pena! Chicas tan majas y que a estas horas tengáis que andar por la calle!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!