Asteasuko Udal aurrekontuak %8 igo dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 13:57

2.179.000 euroko aurrekontua izango du aurten Asteasuko Udalak, iazkoa baino pixka bat altuagoa. Herritarren aurrean aurkeztu zuten aurtengo aurrekontuen ildo nagusia.

Udalak urtean zehar izango dituen diru-sarreratan %8ko igoera izango dela aurreikusi dute, honenbestez, iaz baino diru gehiago izango du Udalak gastu arruntei eta inbertsioei aurre egin ahal izateko.

Sarrerak
Udaleko diru-sarrerarik handiena Foru Aldunditik dator. Hala azaldu zuen Pili Legarra alkateak herritarrekin egindako bileran: “Fondo Forala deitzen zaiona izaten da Udalen sarrerarik nagusiena. Aldundiak egiten duen diru-bilketa Gipuzkoako udalerrien artean banatzen du urtero, biztanle kopuruaren arabera. 867.350 euro jasoko ditu aurten Asteasuk, iaz baino gehiago”.
Gastuei erreparatuz, Udalak dituen sarrera guztien %24a langileen gastuei aurre egiteko erabiltzen da. Aurten, lau langabetu kontratatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gastu finkoekin jarraituz, “mantenimendua, kontsumoak, makinariaren konponketak, aholkularitza, herriko jaiak, eraikinen mantenimendua..., aurrekontuaren %42a erabiltzen dugu gastu finko horiei aurre egiteko”, azaldu zuen Pilik.

Inbertsioak
Nolanahi ere, inbertsioetarako aukerarik ere izango da aurten. Hondakinen bilketa sistema berriak esaterako, inbertsioa egitea eskatuko dio Udalari: “Hondakin organikoen konpostatzea izango da sistema berriaren ardatz nagusia. Beharrezko azpiegitura sortzeko, 27.000 euro beharko ditugu. Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dugu horri aurre egiteko”.

Lizarditik Betanira
Betani etxearen egokitzapena izango da 2014ko inbertsiorik potoloena, izan ere, 80.000 euroko diru partida eskatuko baitu. Alkatearen azalpenen arabera: “Lizardi etxea hamabi egoiliar hartzeko eraiki zen, baina egun, hiru lagun bakarrik hartzen ditu. Egoera hori aztertu ondoren, erabaki bat hartu dugu; Betani etxean etxebizitza bat egokituko dugu eurentzat. Guztira, 80.000 euro beharko dira lan horiek egiteko. Aurrerago, herritarrekin eta beste Udal taldeekin batera erabakiko dugu aurrerantzean Lizardi etxeari zein erabilpen eman”. Horri aurre egiteko Aldundiak 49.837 euro jarriko ditu.

Kale Berria
Diru partida txikiagoak behar dituzten lanak ere aurreikusi dituzte 2014rako. “Kale Berriko espaloiko zorua oso egoera txarrean dago hainbat lekutan, eta norbaitek mina hartu aurretik, konponketa lanak egingo ditugu, inguruko zoruko asfaltoa ere txukunduz, 33.500 euro gorde ditugu horretarako”. Horrez gain, Erreka bailaran, atseden leku bat sortzea, herriko argiterian energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna lortzeko egokitzea, elizako erlojurako eskailerak konpontzea, Andazarrateko parkean komuna egitea edota parkeko zorua konpontzea ere aurreikusi du Udalak.

Zorrak, txikitzen
Udalaren zorpetze maila ere hartu zuen ahotan Pili Legarrak. 1.207.600 euroko zorra du Udalak maileguetan. “Azken urteotan gastua asko ari gara kontrolatzen eta horri esker, iaz eta aurten 100.000 euro ordaintzea lortu genuen, mailegua jaisteko. Hori da gure politikaren ardatzetako bat; zorpetzen jarraitu ordez, maileguak amortizatzen joan gara interesak ere jaisten joan daitezen”. Aurten interes eta amortazioetan, 183.000 euro ordaindu beharko ditu Udalak.

Atalez atal
Kultura, kirola, ongizatea, hezkuntza, zerbitzuak..., atalez atal Udalak izango dituen gastu eta sarrerak aurkeztu zizkieten herritarrei. Ramon Aiertzak, kirolari dagokiena azaldu zuen: “Kirol arloari dagokionez 133.000 euroko gastua aurreikusi dugu. Hor sartzen dira kiroldegiaren mantenua, kontsumoa, garbiketak..., eta baita herriko talde ezberdinei ematen zaizkien laguntzak ere”.
Julen Larruskainek kultur arloko ekintzei dagokiena azaldu zuen. “111.400 euroko aurrekontua dugu kulturarako. Gastu korronteak mantendu egin dira: kultur etxearen mantenimendua eta kontsumoa, langileen soldata, diru-laguntzak, etab. Urtean zehar antolatzen diren ekintza ezberdinak martxan jartzeko, 48.700 euro aurreikusi ditugu”.
Asteasuko ongizate sailak, 134.360 euro beharko ditu. Datu bat nabarmendu zuen Patxi Olasagasti zinegotziak: “Zaintzaileak zainduz’ ekimena jarriko dugu martxan; gaixo bat etxean dutenen beharrak aztertuko ditugu, etorkizunean nola lagundu erabakitzeko. Asteasuko adinekoen inguruko ikerketa ere egingo dugu”.
Bestelako zerbitzuetarako, 200.000 euro pasatxo beharko ditu Udalak. Iñaki Sorarrainek eman zituen azalpenak: “Igerilekuaren mantenimendua eta kontsumoa, herriko jaien antolakuntza, Udaltalde 21, Euskara Biziberritzeko Plana, Bake epaitegia edota guraso elkartearen formakuntza saioak sartzen dira atal honetan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!