Asteasuko haurreskolak hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 13:56

Santa Kruz ermitaren albo batean jarri zuten martxan Asteasuko haurreskola, 2004an. Egoitza berri eta erosoan biltzen dira egun haurrak eta hezitzaileak.

Zortzi ume eta bi hezitzailerekin zabaldu zuten Asteasuko haurreskola, Elizmendiko Santa Krutz ermitaren ondoan. Edurne Garzia hezitzaileak eman ditu hasierako urteen inguruko azalpenak: “Lehen hilabeteak ez ziren errazak izan, baina ilusioz betetako egunak izan zirela aipatzen dute garai hartan hezitzaile lanetan aritu zirenek. Santa Krutzeko egoitza hura haurreskola izateko prestatuta zegoen, baina haurren beharretara moldatu beharra zegoen eta gainera, ume kopurua ere hazten joan zen. Gurasoen laguntza ezinbestekoa izan zen lehen urtebete hartan eta baita Udalaren inplikazioa ere”.
Guztira, 120 haur baino gehiago pasa da Asteasuko haurreskolatik. “Lehen urteetan gorakada handia izan zen haur kopuruan. Gaur egun, ordea, beheranzko bidea hartu du. Haurreskolen Partzuergotik esan digutenez, orokortu egin da jaiotza kopuruaren jaitsiera. Horrez gain, langabeziak ere zerikusia du joera horretan. Bi arrazoi horiek eragin dute haurreskolarako haurren kopuruaren jaitsiera”, azaldu du Edurnek.

Egoitza berria
2011ko urtarrilean estreinatu zuten haurreskolaren egoitza berria. Edurnek gogoan du aldaketa hura: “Pello Errota ikastetxearen albo batean gaude orduz geroztik. Haurreskolaren izena ere aldatu egin zen orduan; Santa Krutz haurreskola izatetik, Pello Errota haurreskola izatera igaro zen. Hamahiru haur hartzen ditu Asteasuko haurreskolak, urtebetez azpiko lau haur eta bi urtera arteko bederatzi txiki. Hiru gela ditu egoitza berriak, nahiz eta bi bakarrik erabili izan ditugun beti. Oso ongi hornitutako haurreskola da, haurren beharretara ondo egokitutakoa”.

Harreman estua
Haurreskola txikia da Asteasukoa. Hala azaldu du Edurne hezitzaileak: “Haurrekin eta euren familiartekoekin dugun tratua oso zuzenekoa da. Egunero dugu haurren gurasoekin hitz egiteko aukera; eguna zer moduz pasa duten, zein ekintza egin duten..., informazio asko ematen diogu elkarri. Haurreskola handiagoetan oso zaila da tratu hori lortzea, denboraz larriago ibiltzen direlako”.
Hamar urteotan aldaketa handiak izan ditu haurreskolak eta bertan lan egiteko moduak. Hasierako urte haietan, haurrekin egindako ekintzak bideratuagoak izaten ziren. “Gaur egun, haurrari protagonismo handiagoa ematen diogu; bere ingurua aztertzen eta modu librean mugitzen uzten diogu. Prozesu horretan, umeari segurtasuna ematea eta bere beharrak asetzea da hezitzaileon ardura. Elementu ezberdinak eskaintzen dizkiegu haurrei, eta beraiek modu askean esperimentatzen dute; irina, ogi-xehetua, margoa, tamaina ezberdinetako pote eta kateak... Ume bakoitzak bere modura erabiltzen ditu elementu horiek”.

Mugimendu askea
Mugimendu askearen teorian oinarrituta lan egiten dute Asteasuko hezitzaileek: “Emmi Pikler pediatraren teoriak dioenez, haurrei euren kasara mugitu eta postura ezberdinak lortzen uzten badiezu, euren buruan duten konfiantza hazi egiten da. Teoria hori jarraituz egiten dugu lan”.
Asteasuko haurreskolan biltzen diren hamalau umeak, bost hezitzaileren zaintzapean egoten dira: “Lanegun murriztuarekin ari gara gutako hiru. Oso ratio baxua dugu. Alde horretatik, ezin gara kexatu; haurren erritmoa errespetatu eta haien beharrei erantzuteko moduan izaten gara”.   

Gurasoen ikuspuntua
Feli Martin Asteasuko gurasoa da eta ondo baino hobeto ezagutzen du haurreskola: “Hiru seme-alaba ditut, eta hirurak ekarri ditut Asteasuko haurreskolara. Seme zaharrena Santa Krutz ermitan hasi zen eta egoitza txikia bazen ere, oso gustura ibili zen. Izan ere, azpiegiturak garrantzia handia badu ere, are garrantzitsuagoa baita hezitzaileen lana. Garai batean ez nintzen haurreskolen aldekoa, baina esperientziak erakutsi dit ez nengoela zuzen. Haurren artean sortzen den harreman hori oso polita da eta ekintza ezberdin asko egiten dute. Hiru umeak ekarri ditut haurreskolara, eta hiruak izugarri gustura etorri dira”.

Ordutegia eta kuotak
Goizeko 07:30etan zabaltzen dute Asteasuko haurreskola eta arratsaldeko 16:30ak arte egoten da zabalik. “Hiru umeren gurasoek eskatuko balute, 18:30ak arte luzatzeko modua izango litzateke”, gaineratu du Edurnek.  Felik eta Edurnek arazo nagusi bat ikusten die haurreskolei: “Hileroko kuotak garestiak dira. Askotan aldarrikatu dugu zero eta hiru urte arteko haurreskola zerbitzua dohakoa izan dadin, baina ez dugu lortzen. Kuota merketzea ere eskatu izan dugu, baina momentuz, ez dago erantzunik”, azaldu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!