"Bizitza bigundu behintzat egiten du umoreak"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 12:40

Mikel Pagadi umoregile billabonatarra oso ezaguna egin da azken urte hauetan. Trebea da entzuleen aurrean irribarrea edota algara sortzen. Bere ibilbidearen nahiz egun egiten dituen lanen berri azaldu du ondorengo elkarrizketan, umorerik galdu gabe:

Jendaurrean umorea egiten hasi aurretik ere mutil grazioso edo umoretsua zinen. Geneetan ekarri al zenuen grazia hori?

Etxekoentzat graziosoa nintzen eta eskolan ere nahiko pasillo ezagutu nuen arrazoi horregatik. Beti izan naiz pastelari ginda jarri diodanetakoa. Berezkoa grazia izango dut,  bai; etxekoak alaiak izanagatik, ez baitira oso espektakulu zaleak. Familiako ardi beltza atera naiz. Orain lanbide dut lehen zigortzeko arrazoi nuena. ‘No hay mal que por bien no venga’. Ez naiz kexatzen.

Duela urte mordoxka, Jon Iraola eta Arkaitz Zendoiarekin batera, Rechaza imitaciones saioarekin ekin zenion jendaurrean umorea egiteari. Ez zenuen bide horretan halako ondorenik esperoko…

Guztiz lan amateurra izan zen hura, afizioz hasi ginen Ibarrako gaztetxean duela hamabi urte. Mundu honetan kasualitatez nagoela esaten dut nik. Lehen diseinugintzan eta maketatzen aritzen nintzen eta bat-batean sortu zitzaidan umorea egiteko aukera. Egia esan, diseinugintzan baino aukera zabalagoa izan dut umoregintzan eta eskaintza bat bestearekin lotuz, hamaika urtean etengabe aritu naiz lanean. Zortedun sentitzen naiz.

Noski, ez nuen inondik ere halako biderik egiterik espero. Zorte handia izan dut, inguruan ikasteko oso jende interesgarria egokitu zaidalako. Esaterako, asko ikasi dut Nagore Aranburu edota Oscar Terolengandik.

Alor eta formatu ezberdinetan aritu zara lanean: irrati esatari, antzezle, bakarrizketalari… Eta denen gainetik, gidoilari!

Gidoilari aritzen naiz bereziki, bai. Horixe da agian gutxien ikusten den lana, baina nik gogokoen dudana. Oso gustura sentitzen naiz ordenagailuaren aurrean eserita, goizeko 09:00etan hasi eta aspertu arte. Aktore lanerako ez dut ezertxo ere ikasi; hainbat esketxetan aritu banaiz ere, zirkunstantzialak izan dira paper horiek. Bakarrizketalari bezala egiten dudan paperik onena Pagadirena dela esaten dut nik, paper hori egitea ez baitzait batere kostatzen.

Ikerketa soziologikoak egitea gustuko duzu. Non aurkitzen dituzu hainbeste ikerketagai?

Eguneroko bizitzak ikerketak egiteko gai asko ematen du. Ezberdina da fikzioa asmatzea, buruari gehiago eragin behar baitzaio. Adi egonez gero, erraz pilatzen dira ikerketa soziologikoak egiteko gaiak. Gero ikusitakoa mugikorrean apuntatu eta denbora tarte baterako gaiak izaten ditugu.

Hainbeste gairen artean, etorririk gabe geratzeko itolarririk sentitu al duzu inoiz? Umorea egiten aspertzeko beldurrik?

Gairik gabe geratzeko beldurrik ez dut izan orain artean, deskonektatzea kostatzen zait gehiago: telebista ikusten nagoela edota beste edozein egoeratan, ‘hau eta hura ere hartuko nuke’ pentsatzen baitut askotan. Gure lanaren alderik ‘txarrena’, ez udan, ez Aste Santuan, ez Gabonetan ezin deskonektatzea da; beti argiak piztuta ibili beharra. Baina, gustuko lana da eta beti ondo etortzen dira apuntatutako ideiak.

Aldarteak eragina izango du umorea sortzerakoan. Nola moldatzen zarete aldarte petralagoarekin zabiltzatenean?

Esaerak dioen bezala, ‘de tripas corazón’ eginez. Aldarte txarrean edo ahulduta aurkituz gero eta gai umoretsuak idatzi behar badira, laneko eta eguneroko bizimodua bereizten dituen mekanismoa jarri behar da martxan. Gure lana, azken batean, beste edozein lanen parekoa da: ogiak egiten ari denak ere, gaizki egonagatik, ogiak egiten jarraitu beharko du edota berdin torlojuak egiten dituenak ere.

Zein umore erreferentzia aipatuko zenuke? Zein umoregile edota telebista saio?

Asko gustatzen zait telebistako saioak, antzerkiak edota bakarrizketak ikustea. Norberaren sormen lana atera ahal izateko, besteek egiten dutena sartu ere egin behar izaten da; ezin baituzu zure planetan bakarrik bizi. Idazteko eta sortzeko, ikusi eta irakurri egin behar da. Gustuko dut ingurukoek egiten dutena ikustea, ez da batere nekagarria, baina garrantzitsua da.

Asko gustatzen zait La Sexta-ko ikus-entzunezkoen estiloa. Buenafuente, esaterako, oso gustuko dut. BBCko komikoak ere jarraitzen ditut eta baita, besteak beste, Estatu Batuetako Saturday Night umore saioa ere. Lanerako oso baliagarri izaten dira.

Zein da umorea egiteko gairik egokiena? Zein gaik ez dizu batere graziarik egiten?

Mingarria ez bada behintzat, edozein gaik balio dezake umorea egiteko. Horretan ez da tabu handirik izaten. Hori bai, umore politikoak ez dit grazia handirik egiten. Politika eta umore politikoa hedabide eta telebista kate guztietan gehiegi landu dela iruditzen zait eta gai horiekin aspertuta nago dagoeneko. Nahiago ditut gai sinpleagoak.

Nola definituko zenuke zure umorea?

Nahiko sinplea dela uste dut. Mekanismo sinplekoa naiz ni: norbaitek estropezu egiten duenean barre egiten dutenetakoa naiz. Txisteak funtzionatzen duen edo ez, hortxe ikusten da estiloa… Umore nahiko frikya dut, neroni ere nahiko frikya bainaiz. Zineko erreferentziaren bat aipatzekotan, Star Wars-ek grazia berezia egiten dit, baita txiste historikoek ere.

ETB1eko Airean saioan ari zara lanean une honetan. Egungo gaien inguruko iritziak biltzen dituen programa da. Tartean umorea ekartzeaz arduratzen zara zu. Zer moduz ari zara?

Lana proposatu zidatenean errespetua eman zidan Jaime Otamendiren mailako kazetariekin lanean hasteak. Nigatik, aktualitate edo errealitateari buelta eman eta beste ikuspegi batzuk eramatea nahi zutela esan zidaten.

Denboraldi osoa betetzera goaz laster eta oso gustura ari naiz. Oso esperientzia positiboa izaten ari da. Beste umorezko saio batzuetan baino erosoago sentitzen naiz askotan. Askatasun osoa ematen didate nire tartea prestatzeko. Oso ondo.

Nola antolatzen duzue eguneroko lana?

Goizean bilera egiten dugu 09:30etan. Ordurako prentsa irakurri behar izaten dugu, hemengoa bezala kanpokoa. Ideia ezberdinak proposatu ondoren aukeratzen dira arratsaldeko saioan landuko diren gaiak; aztertuko diren bestelako gaiekin lotura dutenak askotan. Lan-ordu asko izan arren, azkar pasatzen da eguna. Dinamika polita da.

Bodologuak bakarrizketa saioa eta gero, Potologuak estreinatu berri duzue. Kontaiguzu abiapuntuaren berri…

Otsailean estreinatu genuen lana Elgetan eta martxoan Villabonan ere aritu ginen. Egia esan, dezente kosta zaigu Potologuak ateratzea, lanez gainezka ibili baikara bakarrizketa saioan parte hartzen dugun Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta hirurok Lana, haurrak eta katarroak tarteko, hasierako asmotik atzeratu egin zitzaigun zertxobait emanaldia, baina pixkanaka martxa hartzen hasi gara eta gustura gaude emaitzarekin. Udaren ondorenerako saio asko lotu dugu dagoeneko. Bakarrizketalarion artean nahiz zuzenekoak prestatzen laguntza handia ematen digun Anartz Zuazuarekin oso harreman ona dugunez, ez da batere kostatzen haiekin lan egitea. Lehen saioekin kontentu geratu gara eta horrek poza ematen du. Saioa idazten denbora dezente pasa eta gero, jendaurrean erakutsi arte ez baitugu jakiten zer nolako erantzun izango duen. Lehen bi saioak eskainitakoan, ondo funtzionatzen duela konturatu ginen; lanak baduela bere bizitza propioa.

Bodologuak saioaren ildo beretik osatu al duzue Potologuak?

Bodologuak saioaren estilo bera du Potologuak-ek. Egungo Euskal Herriko gaiekin lotuta bereziki, bakoitzak bina bakarrizketa egiten ditugu eta hirurok batera ere aritzen gara elkarrizketan. Tartean, noski, bada sorpresa gehiago ere.

Krisi garai ilun honetan, gero eta umorearen behar handiagoa al du gizarteak?

Umorea beti da beharrezkoa, baina orain, batik bat, hedabide gehienetako berriak txarrak direnean eta jende askoren egoera ere iluna denean, beharrezkoagoa da bizitza umorez hartzea,-eta ez katxondeoz-. Lagundu ez dakit, baina bizitza bigundu behintzat egiten du umoreak.

Zuzenbidea eta diseinu grafikoa ikasi zenituen. Historia ikasten ere hasi zinen. Jakin-min handiko pertsona zara…

Zuzenbidea ikasten hiru urtez aritu nintzen arren, gerora ez nuen horretatik batere tira. Selektibitateko notagatik aukeratu nuen Zuzenbidea ikastea, ez inolako pasiorik sortzen zidalako. Nahiago nuen praktikoagoa zen beste zerbaitetan aritu eta diseinu grafikoa ikasi nuen. Hiru bat urtez aritu nintzen diseinugintzan lanean, baina umorea egiteko aukera sortu zitzaidanean utzi egin nuen. Batzuetan ez da jakiten zein bide hartuko duen bizitzak.

Duela hiruzpalau urte, lan gutxiago izango nuela pentsatuta, Historiako karreran matrikula egin nuen UNED bidez. Liburuak hartu nituen arren, ezin izan nuen karrera egin, lan asko sortu baitzitzaidan espero gabean. Historiarekiko pasio handia daukat; bigarren mundu gerrarekin, esaterako. Aurrerago eutsi beharko diogu.

Jakitea gustatzen zait: ikusi eta ikastea. Liburu asko irakurtzen dut, ez gero sasi-jakintsu bezala hitz egiteko, gustatu egiten zaidalako baizik eta entretenitu egiten naizelako.

Beste zaletasun aipagarririk ba al duzu?

Egia esan, etxean geratuz gero ez naiz aspertzen. Ateratzea ere gustatzen zait, baina gustura egoten naiz etxean irakurtzen, pelikulak, dokumentalak edota telesailak ikusten. Interneten ere konturatu gabe pasatzen zaizkit orduak. Gogoko ditut komikiak ere eta, noski, tarteka parrandaren bat egitea ere gustatzen zait.

Donostiara joan-etorrian ibiliagatik, Villabonan bizi zara…

Lana eta entseguak tarteko, askotan berandu etxeratzen naiz eta jende askok ‘Villabonan bizi al zara?’, galdetzen dit. Gurasoen etxera joaten naiz askotan afaltzera, ohitura onak ez baitira galdu behar. Lanera Miramongo bunkerrera joaten naiz egunero eta behin han sartutakoan, ez dut jakiten eguraldi ona edo txarra egiten duen ere.

Twitter sarean erreferentzia zara euskal komunitatean. Zer da zuretzat Twitter? Dezente erabiltzen dut Twitter, oso ondo etortzen baitzait lanerako eta baita lanen zabalpena egiteko ere. Momentuko berriak jakiteko ere baliagarria da. Facebook-en ez naiz gehiegi ibiltzen, nekagarria iruditzen zait, -errespetu guztiekin-, jendea katuen edota beren umeen argazkiak jartzen hasten denean. Twitter egunerokotasunerako praktikoagoa iruditzen zait.

Trending topic izatera iritsi zara bi aldiz, kontua blokeatzeraino. Kontaiguzu…

Espainia mailan, mito zaharren gaia eta betiko gezur eta egiena Trending topic izatera ailegatu ziren, bai. Euskarazko lehen bi kasuak izan ziren. Hashtag-a jarria neukan eta mezu mordoa iritsi zitzaidanean, telefonoa itzali egin nuen. Hurrengo egunean, lanera Berria egunkaritik deitu zutenean jakin nuen Trending topicarena eta zeharo harrituta geratu nintzen. Milaka erantzun jaso nuen eta harrigarria zen Bartzelonako futbol taldearen ‘Gol de Fabregas’en azpian ‘Mito zaharrak’ ikustea.

Nola azalduko zenioke Twitterraren berri hedabideetan entzun baina erabiltzen ez dakien norbaiti zer den?

Informatzeko –edo, segun eta non sartzen zaren, desinformatzeko ere- balio duen instrumentua da. Nik Twitterrarekiko dudan ikuspuntua denbora pasatzekoa da. Ez naiz serio ibiltzen. Lagunartean hasi nintzen eta berdin jarraitzen dut, tarte libreetan haiekin barre egiteko eta hashtag txoroak idazteko erabiltzen dut. Twitterren, ez daukat ondo pasatzeaz gain beste anbiziorik.

Twitter bidez, besteak beste, norberaren filiak eta fobiak ezagut daitezke. Zergatik gorroto dituzu galtza piratak hainbeste?

Oso prenda erridikulua iruditzen zaizkit galtza piratak, begietan min egiten didate. Sekula ez ditut izan –horixe besterik ez nuen falta!-. Neskentzat ez, baina mutilentzat oso prenda satanikoa da. Ez dakit nork asmatuko zituen…

Eta aterkien erabilera okerra egiten dutenak?

Kalean zoazenean, jendea –normalean adineko pertsonak izaten dira- ez da ondotik zein pasatzen den askorik fijatzen. Barillekin begia ateratzeko arriskuan egoten garenez, aterkia eramaten ikasteko ea puntukako karneta jartzen duten proposatu nuen Twitterren.

Iker Jimenezen misterioek ere zeresana sortzen dute zugan sarritan…

‘Cuarto milenio’ saioarekin flipatu egiten dut. Ketik ateratzen duten materiala urrea iruditzen zait. Ez da sekula ezertxo ere gertatzen: ‘ia harrapatu dugu obnia’, ‘ia ikusi dugu Ness lakuko munstroa’…, baina hortxe jarraitzen dute zazpi edo zortzigarren denboraldian. Ikaragarri ondo pasatzen dut programa hori ikusten eta lagunartean adarra joz ibiltzen gara. Hurrengo egunean lanera joan behar denez, igandea batere egun ona ez dela esaten da. Baina ni gehienetan igandea iristeko desiatzen egoten naiz ‘Cuarto milenio’ ikusi eta barre egiteko. Halako programa bat ikusita txapela kentzen dut nik. Sinestezina da. Ordu horietan gainera! Orain 22:30etan jarri badute ere, orain arte 00:00etan hasten zen. 02:00ak arte zein ero egon gintezkeen programa hori ikusten?

 

 

Hainbat lanen inguruan…

-Wazemank: Gidoilari bezala egin nuen lehenengo lan profesionala, aktore bezala ere zertxobait aritu nintzen arren. Asko ikasi nuen Nagore Aranburu nahiz Anjel Alkainekin. Nagore izan nuen lehenengo irakasle eta beragatik ikasi dut batez ere, gero sozio bukatu dugu. Ikasteko eskola ona izan zen Wazemank.

-Villabona konexion: Noaoa saioaren barruko atala zen. Pagadikeriak egiten hasi nintzen bertan, gauzak nire ikuspegitik kontatzen. Irratirako ere balio izan zidan gerora eta ildo horri jarraituz egiten dut lan egun ere.

-Brinkola: Oso lan berezia. Niretzat oso lan polita izan zen, baina jendeak beste estilo bateko umorea espero zuen. Plazera izan zen Telmo Esnal eta Asier Altunarekin lan egitea eta oso gustura aritu ginen Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta hirurok gidoia idazten. Hasiera batean, nahiko estilo britaniarra zuen eta ikusle asko ahozabalik geratu zen. Esperientzia ona izan zen, zinea telebistara eraman genuen.

-Xabineitor: Profesionalki antzerkian egin nuen lehen lana. Oso lan korala zenez, babestuta egon nintzen. Plastikozko zakil harekin lan egitea oso erosoa ez zen arren, hura ere egin genuen. Komikia polita zen eta antzerkia, beno… James Boonen lehenengo papera Sean Coneryk bete zuen bezala, gehiago ez badago ere, ni izan nintzen lehenengo Xabineitor.

-Oilategia: Kolaborazio txikiak eginagatik, aurrez ez nuen sekula irratian lanik egin. Egunerokotasunean izan dudan lanik exigente eta gogorrena izan zela esango nuke. Tartean ekipo aldaketa ere gertatu zen, -Anjel Alkainek utzi eta Ilazki Serrano sartu genuen-, eta egokitzapena ere behar izan genuen. Oso ondo pasatzen genuen, baina estres handiko lana zen, askotan beste lan batzuekin batera egokitzen baitzen gainera. Oso denboraldi luzeak izaten ziren, iraileko lehen astean hasi eta uztailera arte, egunero. Hirugarren denboraldia bereziki gogorra egin zitzaidan. Oso nekatuta bukatu nuen. Telebistako lana, buruz behintzat, irratikoa baino lasaiagoa dela uste dut.

-Ai ama!: ETBk egitea eskatu zigun esperimentua izan zen Ai ama!, arratsalde-iluntzeko show-a. Ez zuen hainbesteko arrakastarik izan, baina guk ederki pasatu genuen Iban Garaterekin batera.

-El nunca lo haría: Anartz Zuazuarekin idatzi nuen laburmetraia hori. Kimuak-era aurkeztu genuen eta horixe da laburmetraia bati gerta dakiokeen gauzarik onena: Kimuak-en sartzea. Sariak ere jaso genituen lan harengatik, harrituta eta pozik geratu ginen izan zuen erantzunarekin.

-DBH: Nagore Aranburuk eta biok sortu genuen DBH proiektua. Gero ETBk formatua erosi egin zuen eta, egia esan, oso gustura aritu ginen lanean. Izan ditugun aktorerik onenak bildu ziren proiektu hartan: Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Elena Irureta…

-Idatzi duzun gidoirik onena? Boteprontoan, DBHko edozein aipatuko nuke eta laburmetraia ere bai. Normalean, bakarrizketetako gidoiekin ere gustura geratzen naiz. Atzera eginez, Wazemank-en ere gogoratzeko moduko esketxen batzuk idatzi genituen, baina hainbesteren artean, ez nuke bakarra zehazten jakingo. 

-Idazteko daukazun gidoia? Bigarren mundu gerrarekin lotutako pelikularen gidoia idatziko nuke gustura, baina antzerki lan bat egiteko ia dirurik ez dagoenean, horixe besterik ez zaigu falta!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!