Bertsoa tabernatik plazara, antzinatik egunera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 10:34

Sorozabaletik Mendiluzera ekimenaren baitan, Andoaingo bertsolaritza eta bertsozaletasuna aztertzeko solasaldia nahiz Jokin Sorozabal nahiz Aitor Mendiluzeri esker-oneko ekitaldia antolatu zituen Andoaingo euskalgintzarekin lotutako hainbat eragilek apirilaren hasieran.

Oro har, eragileak gustura geratu dira herritarren aldetik jasotako erantzunarekin. Apirilaren 3an, Errekaburu elkartean bildu zirenek, Andoaingo bertsolaritzak iraganeko urteetatik egunera egin duen bidearen berri jakin ahal izan zuten. Solasaldi hartan, Jokin Sorozabal eta Aitor Mendiluze bertsolariak, Jon Beloki (egungo bertso eskolako kidea), Xabier Huitzi (Andoaingo lehen bertso eskolaren sortzailea) nahiz Xabier Lasak (Aiurri) hartu zuten parte, besteak beste, eta Andoain mailan bertsoaren inguruan garrantzia izan duten pertsonen ibilbidea azaldu zuten. Sorozabalek, lehenik eta behin, inolako azterketa zientifiko edota artxibo miaketa berezirik ez zutela jakinarazi zuen. “Bertso mundua jarraitzen zuten gure aurrekoei entzundakotik jasotako erreferentziak ditugu eta, dakigunez, guk Andoainen ezagutzen dugun lehen bertsolaria Pedro Santa Krutz delako bat da, Txirritaren garaikoa gutxi gora-behera, 1850 urte inguruan jaioa, Leizotz bailarako Antzizu baserrian”. Andoainen jaio arren, Adunan bizitu zen denbora tarte batean Pedro, “ezkondutakoan Andoaindik Adunara joan zen bizitzera eta handik Ereñozura, 1915 urte inguruan hil zen arte. Oraindik bizi den bere biloba bat ezagutzen dugu, 88 urte dituena. Berak ez zuen ezagutu, jaio zenerako hila omen zen Pedro, baina anaiei entzunda zekien aitonaren berri”. Ekimena bideratzen aritu diren hainbat kide nahiz Sorozabal eta Mendiluze bertsolariak Pedro Santa Krutzen bilobarekin elkartu ziren Larregain sagardotegian. “Adunara joan zela esan zigun, Etxenagusia baserrira. Lau senide bizi ziren bertan, bi anaia eta bi arreba, guztiak ezkongabeak. Pedrok, garai hartan oso normala zen bezala, herriko festetan eta kalean banatzen eta saltzen ziren bertso paperak idazten zituen. Behin mutilzahar eta neskazaharrei buruzko bertso batzuk idatzi omen zituen eta badirudi baserriko nagusiak berekin haserretu eta baserritik bidali egin zutela. Orduan joan zen Ereñotzuko Alkatsuin baserrira”. Gertaera horren harira, hainbat pasarte bitxi ere aipatu zuten, “Adunako nagusiekin haserretutakoan, han pilatuta zeukan simaur guztia Ereñozura eraman omen zuen, nagusiei etxean ez uzteagatik. Denboraren eta lanorduen balioa agerian jarri zituen hark”. Xelebrekeriekin jarraituta, bertso paperekin lotutako ondorengo pasartea ere azaldu zuten, “itxura denez, bertso paper dezente idazten zuen Pedrok eta behin semea bidali zuen Donostiara pilotari batek nola tongo egin zuen esaten zuten bertsoak saltzera. Semea ia egurtu egin omen zuten eta itzuli nahi ez zuela esanez etorri omen zen etxera”.

Meza entzundakoan etxera
Andoaindarrak Txirrita baino 15 bat urte zaharragoa izan behar zuela aipatu zuen Aitor Mendiluzek. “Pedrok 11 urte zituela-edo hil omen zen Txirrita. Eliza atariko saioetan bi bertsolari jartzen omen ziren eta pareko etxeko leihoan Txirrita, atzean zerbitzaria zuela. Bera bakarrik kabitzen omen zen leihoan, baso ardoa eskuan zuela. Hustutzen zenean erretiratu, basoa bete eta berriz etortzen omen zen leihora”. Familia xelebre samarra zela eta garai hartako Pedroren familia giroko hainbat gertaera bitxi ere kontatu zien bilobak: “mendira zuloak egitera joan eta norbait sagardoa probatzera joateko esanez etortzen bazitzaion, bi semeak mendian utzi eta erraz egiten omen zuen martxa baserri edo tabernara sagardoa probatzera”. Jokini deigarria egin zitzaion parrandara ospa egin eta igual hiru egun etxeratu gabe egoten zela jakitea. “Esaten dutenez, tipikoa zen hori garai hartan... Behin, arropa garbiak eta enkargua bidali omen zizkion emazteak semearekin parrandan zebilen lekura: meza entzunda etortzeko etxera. Itxuraz, hiru egun kanpoan egonda ere, mezetara joaten bazen purifikatuta etortzen zen etxera. Elizara joatea, hura zen bizimodu eredugarria orduan”.
Aitorrek, berriz, istorioa hor bukatzen ez zela gaineratu zuen: “etorri omen zen Pedro etxera, atea zabaldu eta pausoa atzeraka egiten zuela sartu omen zen. Andrearen pareraino iritsi zenean, –‘non ibili zara?’, galdetu omen zion emazteak. –‘Zer ba?, ez al nauzu estimatzen?’, Pedrok. Andreak ezetz esango zion, noski. Jira omen zen ‘ba, nengoen lekuan asko estimatzen ninduten’ esan eta martxa egin omen zuen berriro. Dezenteko figura behar zuen izan, bai!”.
Xenpelar ezizena zuen, “Xenpelar Jainkoaren pareko bertsolaria zen orduan. Egunen batean oso bertso saio ona egin eta saio hura entzun zuenen batek ‘Hi haiz Xenpelar’ esan omen zion Pedrori. Geroztik Xenpelar deitzen zioten”.

Gerraurreko txapelketa Andoainen
Antzina Andoainen Pedro Santa Krutz bertsolari bakarra izan zela iruditu arren, lagunartean eta taberna giroan abesten zutenak asko zirela gogoratu zuen Xabier Lasak. “Baserri eta Aitzolen belaunaldiko bertsolariek taberna zulotik plazara atera zuten bertsoa eta haien lanak eta argazkiak jasota utzi zituzten. Pena da haien aurreko Andoaingo bertsolarien lanik edota haien argazkirik jasota ez edukitzea. Harrigarria da Andoaingo datu bat, ez baitago halakorik Euskal Herri osoan. Izan ere, 1936ko Gerra etorri baino bi-hiru hilabete lehenago, Andoainen bertsolarien arteko txapelketa antolatu zen eta 18 bertsolari andoaindarrek eman zuen izena jendaurrean abesteko. Gero zazpik atzera egin eta 11k abestu zuten. Herrian zaletasun handia zegoela eta herritarrek abesten zutela adierazten digu horrek. Txapelketa haren lehen argazkia bada”.
Joxe Inazio Etxeberriak irabazi zuen txapelketa hura, Andoaingo onentsuena omen zen. Lasak azaldu zuenez, “Merdilegi baserrikoa zen, solteroa, metro eta erdi eskas omen zuen, oso txikia. 1936an Euskal Herriko bertsolari txapelketa antolatu zuten Victoria Eugenian. Bada, Etxeberria, Tolosako kanporaketan finala jokatzeko sailkatu egin zen. Argazkian Txirritaren ondoan azaltzen da andoaindarra. Gerran Artxandan hil zuten gizarajoa. Pena, gerra garaian bertsolaritzan indar handia izan baitzezakeen Andoainen. Hala ere, belaunaldi hartan andoaindarren artean Txirritaren parean abesten zuen bertsolari bat bazegoela jakin behar da. Gerora, Francoren garaian, herriz herri erdi ezkutuan jarraitu zuten hainbat bertsolarik, baina Jokin eta Aitor etorri arte Andoainen ezer handirik ez zela pentsatu izan da. Hala ere, abestu, abesten zen kalean nahiz taberna zuloetan”. Andoainen bezala beste herrietan, plazako saiorik apenas izaten zela azaldu zuen Mendiluzek. “Gehienak tabernetan aritzen ziren otorduetan eta haiek ziren garaiko bertsolariak. Gerra etorri ez balitz, horietatik batzuk taula gainera igaroko ziren, baina hortxe geratu zen”. Hizlariak bat etorri ziren hortik aurrera eten nabarmena gertatu zela esatean. “Besteren artean, Bautista Arruti edo Agustin Zinkunegi aipa daitezke. Goiburu aldean auzo mailan aritzen zirenak, herritik sekula atera gabeak. Andoaingo auzoetan bertsozaletasuna mantendu egin zen, afizio handia zegoen: Sorabillan, Sanestebanen…”, azaldu zuten Xabier Lasak eta Jon Belokik. Sorabillan bertan, dantzaldiaren ondoren, saio zoragarriak izaten zirela ekarri zuen gogora Sorozabalek, 80-90 hamarkadetan. Auzoetan saio handiak ere izaten zirela gehitu zuen Aitorrek. “Akorduan dut mutil kozkorretan Lasarte Bekoplazan kantuan ikusi izatea igande eguerdiren batean”.

Bertsoa indarrean
Jon Belokik jakinarazi zuenez, etena eta gero, Jokin eta Aitorren belaunaldia etorri zen herrian bertso eskola sortutakoan. Xabier Huitzik eman zituen Andoaingo lehen bertso eskolaren sorrerari buruzko xehetasunak, “80ko hamarkadan, Gipuzkoa, Bizkaia nahiz Aranban, Foru Aldundiek bertso eskolak jarri zituzten martxan ikastetxeetan. Hemen Mikel Mendizabal ibiltzen zen eskolaz eskola disko eta liburuetako bertsoak abesten eta abestuarazten. Berrozpera zihoala topatu nuen behin. Berak galdetu zidan Andoainen jende helduxeagoa biltzeko prest ote legokeen eta laster bildu ziren hiruzpalau lagun. Ordura arte Andoainen ez zegoen mugimendu eta aukera handirik. Lehen aldiz Errekaburu elkartean abestu zuten jendaurrean. Kasualitatez sortu zen eskola. Nik ez nuen esperantza handirik. Gerraz gain, Andoainen itxuraldaketa handia izan zen. Herri rural-rurala izatetik industriagune izatera pasatu baitzen. Sagardotegiak nahiz baserri giroa galdu egin ziren”. Bertso eskola hark emaitza onak eman zituen. Ikusi besterik ez dago, besteak beste, esker-oneko ekitaldia jaso duten bi andoaindar bertsolarien bidea. Egun ere bizirik da bertso eskola Andoainen eta horrez gain, ‘Gu ere bertsotan’ ekimenaren bitartez 300 haur inguru ari da bertsolaritza lantzen herrian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!