Rebeca Gestoso, abeslaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 10:33

Musikaz inguratuta hazi da Rebeca Gestoso gazte andoaindarra. Pianoa jotzen hasi bazen ere, laster konturatu zen abestea gehiago gustatzen zitzaiola. Horretan ari da egun.

Zazpi urte zituenean jaso zituen lehendabiziko piano eskolak, “horrekin batera, Andoaingo musika eskolako abesbatzan parte hartzen hasi nintzen eta aurrerago, baita kantuko klaseetara joaten ere. Ahotsa gehiago trebatzea eta ikastea zen helburua. Irakasle batekin, bakarka egiten dira kantu saioak eta norberaren beharretara eta gabezietara moldatzen dira. Azken bi urteotan buru-belarri nabil kantuarekin”.

Lau taldekide
Andoaingo Lorratzak taldeko kide da Rebeca Gestoso: “Lau kide gara taldean: Malen Otxoa gitarrarekin, Maddi Etxeberria biolinarekin eta Garazi Jauregi eta biok, kantuan. Malen eta Garazi hasi ziren, baina oso denbora gutxira, beste bi kideak batu eta Lorratzak taldea sortu genuen. Ikastolako ekitaldietan kantu ezberdinak eskaintzen hasi genuen ibilbidea eta pixkanaka, geroz eta aukera gehiago sortu zaigu. Larraulen, Urnietan, Donostian, Andoainen..., toki ezberdinetan jotzen ari gara”.

Irratian
Mikel Markez musikariak ikastolara egindako bisitaldi baten ondoren hasi zen forma hartzen Lorratzak taldea: “Mikel Markez ikastolara etorri zen hitzaldi bat ematera eta Malen Otxoak eta Garazi Jauregik abesti bat eskaini zioten. Emanaldi txiki haren ondoren, irratira joateko gonbita luzatu zien Markezek. Kantuak osatze aldera, Maddi Etxeberriari dei egin zioten eta hiruak izan ziren irratian. Gauza politak egiteko aukera genuela ikusi genuen, eta hortik aurrera, maizago geratzen hasi ginen”.  

Entseguak
Astelehenero biltzen dira Lorratzak taldeko lau neskak eta maiztasuna gehitu egiten dute emanaldien atarian: “Oso giro ona dugu gure artean eta horrek asko laguntzen du lanerako. Geroz eta abesti gehiago prestatzen ari gara, eta pixkanaka, gureak sortzen ere hasi gara”.

Lotsa
Jende aurrean abestea gogorra egiten zaio Rebecari. “Pixkanaka ziurtasuna hartzen ari naiz, baina urduri jartzen naiz oraindik ere. Eszenatokira igo aurreko momentuak dira gogorrenak. Kantuan hasitakoan gozatu egiten dut, nahiz eta oraindik ere kosta egiten zaidan gorputza askatzea. Esperientziak lagunduko dit hori guztia lortzen”.
Apirilaren 27an Sahararen aldeko ekitaldian arituko dira Basteron eta ekainaren 21ean, Alkizako Urmara museoan izango dira. Facebook eta twitter sare sozialen bidez jasotzen dituzte emanaldietarako gonbiteak, baita ezagunen eta lagunen bitartez ere.

Hatikan taldea
Bigarren talde batekin ere aritzen da Rebeca: “Senitarteko eta lagunen artean osatutako taldea da; aitak eta osabak gitarra jotzen dute, lehengusinak nirekin batera abesten du, lehengusuak bateria jotzen du...,  Hatikan izena du taldeak eta dagoeneko diska bat grabatzeko aukera izan dugu”. Elizara joaten da Rebeca eta handik sortu zen diska grabatzeko aukera. “Abestiak sortzeko ikastaro bat eskaini ziguten elizan. Ingalaterra eta Estatu Batuetatik etorri ziren ikastaro hura ematera. Zenbait abesti konposatu genituen eta diskoa grabatzeko gonbita luzatu ziguten. Manchesterren izan ginen pasa zen udan, diskoa grabatzen. Oso esperientzia polita izan zen; familiako kideak joan ginen eta asko ikasi genuen”.

Durangon
Euskaraz grabatu zituzten abesti guztiak. Elkarlanean egin zuten sorkuntza lana. “Melodia sortzen genuen lehendabizi, hitzak ondoren... Pianoa jotzen duen taldekideak, Joxan Rodriguezek hartu zuen abestien moldaketa guztiak egiteko ardura. Piano irakaslea da eta urte asko darama musika munduan murgilduta. Abesti askotan Bibliako hitzak biltzen ditugu, eta euskaraz egiteko saiakera berezia egin dugu”, azaldu du Rebecak.
Durangoko azokaren atarian emandako kontzertua ere gogora ekarri du Rebecak: “Oso esperientzia polita izan zen. Askotan, kantuan Jesus edo Jainkoa aipatutakoan, jendea deseroso sentitzen dela nabaritzen duzu, baina Durangon oso gustura aritu ginen”.

Etxekoen babesa
Etxekoak ditu Rebecak zaleturik sutsuenak. “Emanaldietara joaten dira etxekoak eta horrez gain, nire aitak asko laguntzen digu. Gitarra asko ditu etxean eta tarteka, Lorratzak taldeko kideoi uzten dizkigu. Soinu teknikari lanak ere egiten dizkigu maiz”.
Haur Hezkuntza ikasten ari da Rebeca: “Ondo moldatzen naiz musika eta ikasketak bateratzeko. Gustatuz gero, behar den tokitik ateratzen da denbora”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!