Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen ditu Larraul eta Adunako liburutegiak. Itsaso Gonzalez kultur dinamizatzailea arduratzen da kudeaketa lan hori egiteaz. “Herri txikietako liburutegiak ez dira ohiko liburutegiaren kontzeptuaren barnean sartzen. Biltzeko tokia izaten da liburutegia; elkarrekin egon, ordenagailuarekin jolastu... Neguan oso nabarmena izaten da hori. Hori guztia liburuz inguratuta egiteak, nolanahi ere, badu bere garrantzia. Liburuak eskura dituzte, eta irakurketan murgiltzen ez badira ere, eskuartean ibiltzen dituzte. Ordenagailuan jolasteko txandaren zain dauden bitartean, edo beste momenturen batean, liburuak hartu eta gozatu egiten dute”.
Liburu artean gozatuz
Liburuekin eta literaturarekin gozatzen erakusteko helburuz, ekimen ezberdinak dituzte martxan Aduna eta Larraulgo liburutegietan. “Ipuin kontaketak egiten ditugu bi hilabetez behin eta horrez gain, ipuin tailerrak ere antolatzen ditugu. Tailer horietan, ekintza ezberdinak antolatzen ditugu. Batzuetan, ipuina irakurri ondoren pertsonai ezberdinak banatzen ditugu haurren artean, eta antzezpena egiten dugu. Bestetan, ipuinen bat asmatu eta marraztu egiten dute. Haurrek liburutegia beste modu batera ikusi eta liburuekin gozatzen hastea da helburua”, azaldu du Itsasok.
Adin ezberdinetarako
Tailer ezberdinak egiten dituzte haurren adinaren arabera: “3 eta 6 urte arteko haurrei zuzendutakoak oso erantzun ona izaten du beti. Izugarri gozatzen dute txikiek. Sei eta hamaika urte artekoen tailerrean ere gustura egoten dira, baina zailagoa da zortzi urtetik gorakoengana iristea. Nolanahi ere, eginez ikasten da eta horretan ari gara gu ere”.
Itsasok azpimarratu duenez, izugarri gozatzen dute haurrek marrazkiak egiten: “Prozesu osoan zehar gozatzen dute, lehendabizi ipuinak asmatzen, eta marrazkiak egiten geroago. Adunako kasuan, liburutegiko hormetan jarriko ditugu marrazki horiek, guztiek ikus ditzaten”.
Ipuin tailerrak eta ipuin kontaketak txandakatu egiten dituztela azaldu du Itsasok. “Hilabete batean kontaketa egiten badugu, hurrengoan txikientzako tailerra. Beste kontaketaren ondoren, helduxeagoentzako tailerra egiten dugu”. Maiatza amaieran egingo dute datorren saioa.
Aiztondoko VII. Gutun lehiaketa abian
Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko kultur dinamizazio arloak Aiztondoko VII. Gutun lehiaketa antolatu du, Aduna, Larraul eta Alkizako Udalen babesarekin. Parte hartzea irekia da eta sei urtetik aurrerakoei zuzenduta dago. ‘Erbestera noa’ gai zehatzaren inguruan idatzi beharko dira gutunak, gehienez bi orriko luzerakoak.
Apirilaren 30ean amaituko da Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan (Muñoa kalea 36 behea, Zizurkil) lanak aurkezteko epea. Adinka sailkatuta, sari ezberdinak banatuko zaizkie irabazleei ekainaren 13an Adunako kultur aretoan egingo den ekitaldian.