“Babesa beharrezkoa da kokatu ahal izateko”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 10:13

Sortzez orexarra da Jexux Bidaola. Ezkondutakoan, Kati Larrea emaztearekin batera, Amasa-Villabonara etorri zen bizitzera. 41 urte zituela, ihes egitea erabaki eta 23 urte igaro ditu errefuxiatuta. Martxoaren erdialdean itzuli zen berriz ere herrira.

Zurgina da ofizioz Jexux; arotz lanetan aritua, gaztetxotatik. “1977 urtean pertsianen enpresa jarri genuen martxan Zizurkilen. Bi sozio ginen eta nagusi bezala aritu ginen lanean, 1991 urtera arte”. Jexux izenez, Txirrita ezizenez, bertsoarekiko bere zaletasuna agerian uzten du bigarren izenak: “aita bertsotan aritzen zen tarteka tabernan eta plazetan ere bai zertxobait. Gipuzkoako txapelketa batean ere hartu zuen parte. Txirrita esaten zioten berari eta gero baita semeei ere. Gaztetan neroni ere aritzen nintzen zertxobait bertsotan. Gustuko dut bertsolaritza eta oraindik ere jarraitzen ditut jaialdi eta txapelketak”, azaldu du. Bernardo anaia galdu zuen 1976 urtean, guardia zibilarekin izandako tiroketa baten ostean, desagertuta egon ondoren. Gertaera gogorrak izan zirela ekarri du gogora, “mugan guardia zibilarekin enfrentamendu bat gertatu eta anaia desagertu egin zen. Handik 20 egunera hilik agertu zen Nafarroako lurretan. Oso gertaera gogorra izan zen. Anaia agertu zenean, autopsia egiteko konfiantzazko medikurik nahi al genuen galdetu ziguten. Konfiantzazko abokatu eta interpretearekin joateko. Baina, dena ukatu egin ziguten gero. Horren ondorioz, Iruñeako auzitegian salaketa jarri nuen, Etxalar inguruan agertu baitzen hilik. Mehatxu asko jaso nuen salaketa hura jartzeagatik, bai idatziz eta baita telefonoz ere, kentzeko eskatuz”.

Zergatik egin zenuen ihes 1990. urtean?
Beldurragatik egin nuen ihes, 1990eko otsailean. Gogorra izan zen hura familiarentzat. Lehenengo hiru-lau urteak oso txarrak izan ziren, ia gordeta egon bainintzen eta familiarekin komunikatzea ere oso zaila baitzen. Atxilotzeko kezka eta beldurrarekin bizitu nintzen. Gero, 1995 urte inguruan bizimodu normala egitea erabaki nuen, baina oso egoera txarra zegoen: GALen garaia zen eta kaleak garbituta geratu ziren. Oso gutxi ibiltzen ginen kalean eta apartamentuak alokatzeko ere lanak izaten genituen, paperik ez genuelako.

Urteak aurrera, atxilotu egin zintuzten…
1998an atxilotu ninduten. Bitartean oso bizimodu gogorra izan nuen, paperik gabe, ezin bainuen lanik ere aurkitu. Atxilotu eta gero, Paueko auzitegian epaitu ninduten eta han, ez nindutela kanporatuko esan zidaten. Handik hamabost egunera, ordea, Parisko fiskalak erabaki hori onartzen ez zuela zioen gutuna jaso nuen, kanporatu egingo nindutela esaten zuena. Abokatuak berak ez zuen sinesten nola eskutitza bidali ondoren ez zitzaizkidan etxera atxilotzera etorri. Horretan geratu zen. Nik erabaki hori errekurritzea pentsatu nuen, baina diru asko eskatzen zidaten: garai hartako 22.000 franko. Langabezian egonda, ez nuen diru hori lortzeko aukerarik eta salaketa Estrasburgon jartzea proposatu zidaten. Hamar-hamabi urtera erantzungo zidatela esanagatik, oraindik ez dut inolako berririk jaso.
Egunero saiatzen nintzen paperak eskuratzen, baina urte askoan ez nituen lortu ez lanik egiteko, ez gidabaimenik berritzeko, ez medikutara joateko… Bitxia izan zen, beste hainbat lagunei, 2005 urtean eman baitzieten gidabaimena berritzeko aukera, Europako legea aldatu zenean. 2008an lortu nuen nik azkenean. Behin gidabaimena berritzea lortutakoan baldintza duinagoetan bizitu ahal izan nuen.
Izan ere, Europan barrena ibiltzea ahalbideratzen du gidabaimenak. Dokumentu horrekin, ospitalera joan zaitezke, edozein kontroletan erakuts daiteke edota banketxean kontu-korrontea ireki daiteke, besteak beste.

Lanik aurkitu al zenuen ondorenean?
Azken urteetan arotz bezala aritu naiz lanean. Zaila izan zen lana topatzea, nagusiek, normalean, kontratua lortzeko gidabaimena eskatzen baitute Iparraldean. Han garraio zerbitzu publikoa nahiko eskasa denez, lanerako gidabaimena edukitzea ia ezinbestekoa da bai lanera joateko, baita itzultzeko ere. Lana topatzeko ezintasunagatik, urte gutxi dauzkat kotizatuta; 18 urte denera. Urrian 65 urte beteko ditut eta jubilazioan sartuko naiz.

Zer esan nahi du Ernio mendiak zuretzat?
Angeluko hondartza ingurutik ikusten nuen Ernio. Gertu eta urruti zegoen. Bertara gerturatzeko ametsa nuen eta oraindik igo ez banaiz ere, ea lehenbailehen joaten naizen. Ernioko argazkia beti gertu sumatu dut: etxe ingurutik nahiz Iparraldetik ere ikusten delako. Ernio ikusten nuenean oroitzapen asko etortzen zitzaidan gogora: familiarekin nahiz lagunekin askotan joaten baikinen bertara. Alde egin aurretik ere hantxe ibili berria nintzen.

Lehen urteetan ez bezala, gerora etxekoekin eta lagunekin harremana mantendu duzu Iparraldean…
Bizimodua aurrera ateratzen lagundu didate etxekoek eta lagunek. Oso gogorra da; lanik gabe ez baitago baliabiderik eta eguneroko bizitzan diru asko behar baita. Pertsona bezala ere, gertuko harremanak mantentzea beharrezkoa da, beharrezkoena. Bisitak eta harremanak mantentzea nahiz herriko kontu eta gora-beherak jakitea oso garrantzitsua izan da niretzat.

Martxoaren erdialdean Tolosaldeko sei errefuxiatu itzuli zineten herrira. Noiztik ari zineten bide hori lantzen?
Orexa, Lizartza, Ibarra, Leaburu, Txarama eta Villabonako sei errefuxiatuok batera eman genuen pausoa. Bi urte pasa ditugu itzultzeko bidea prestatzen. Azkenean lortu dugu ‘Herria dugu arnas’ amets hori betetzea, edo lehenengo pausoak ematea behintzat bai. Baina oraindik lan asko geratzen da egiteke.

Zer sentitu zenuen herrira itzulitakoan? Zer moduz ari zara egunerokotasunera moldatzen?
Bat-batean jendaurrean agertuta, beldur handia sentitu nuen. Lehenengo egun eta gauetan zer gertatuko zen kezka nuen, atxilotzeko beldurra. Alde egin nuen gaueko argazkia oraindik buruan dut: etxe inguruan nola bi auto zeuden.
Pixkanaka ari naiz egunerokotasunera moldatzen, oso motel. Jendea ezagutzeko arazoak ditut, 23 urtean asko aldatzen baita pertsona. Aurpegien irudiak gutxi gora-behera gogoan ditut, baina kosta egiten zait loturak egitea. Nik ezagutu nituen umeak helduak dira dagoeneko. Garai hartako haurretako askok haurrak dituzte orain, familia osatuta dute. Hori da bizi-legea.

Zerk harritu zaitu bereziki 23 urteren ostean, herrira etorrita?
Herrian izugarrizko aldaketa sumatu dut, Oria ibaiaren inguruan gehienbat. Salvadora eta Subijana desagertuta ikustea, frontoi berria…, dena da berria niretzat. Bestalde, lehengo erreka ezagututa, harrituta begira egon nintzen nola orain ahateak dabiltzan. Amasa inguruan, berriz, autobiak jo dit begia gehien. Asko aldatu da inguru hori.
Bizimoduari begira, berriz, jolas parkeetan umeak gauez jolasten ikustea bitxia iruditzen zait. Baionan eta Iparraldean ez da horrelako ohiturarik. Kaleko bizimodua oso ezberdina da eta baita jendarteko harremanak ere. Asko harritzen nau hemengo dendetako gertutasuna ikusteak, harremanak zuzenak baitira. Hango bizimodua indibidualagoa da.

Zein puntutan sumatzen duzu Euskal Herriko gatazka? Zein pauso eman behar da aurrerantzean?
Oso motel doa dena. Presoen kolektiboak nahiz iheslariek erabakia hartu arren,  gobernuek ez dute onartu nahi kolektiboki pauso hori eman izana. Guk aurrera pausoa eman dugu eta bide-orria betetzen jarraitu behar da, itxaropentsu. Aurrerantzean, deportatuen egoera ere moldatu egin beharko da, baina gobernuaren erabakia da hori. Milaka kilometrora bada eri edota baldintza txarretan bizi den jendea, gatazkaren ondorio direnak. Gobernuak dira arduradun eta haiengan dago pausoa ematea. Haietako askok 30 eta 40 urte daramate kanpoan. Zein etorkizun dute? Herrira itzulita ere, inork ezagutuko al ditu? Babesik izango al dute? Kezka handiz bizi dute egoera, babesa beharrezkoa baita kokatu ahal izateko.

Andoaindar errefuxiatuak etxean
Apirilaren 5ean, Andoitz San Sebastian eta Imanol Olazabal andoaindar errefuxiatuak etxera itzuli eta lagunekin bazkaldu zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!