3.045.000 euroko aurrekontua du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 10:11

Iazkoa baino aurrekontu txikiagoa izango du aurten Zizurkilgo Udalak. Futbol zelaia berritzea edota trenbide azpiko pasabidea txukuntzea izango dira, besteak beste, inbertsiorik handienak.

Ohi baino geroago onartu dituzte aurrekontuak Zizurkilen. Nerea Lizarraga zinegotziak eman ditu azalpenak: “Zizurkilgo Udalaren gastu finkoa oso altua da eta zorpetze maila ere handia da. Horrek guztiak, aurrekontuak oso ondo neurtzera behartzen gaitu. Xehetasun handiz egin behar izaten ditugu eta aurten ez da erraza izan. Ondorioz, nahi baino denbora gehiago joan zaigu. Nolanahi ere, dagoeneko onartuta ditugu”.

Sarrerak
Udalak dituen diru-sarrerei dagokienez, Foru Funtsa nabarmendu du Nereak: “Horixe izaten da sarrerarik handiena. Aurten 1.600.000 euro jasoko ditugu Foru Aldunditik. Azken urteotan kopurua handitzen  ari zaigu. Gainerantzean, zuzeneko tasetatik 500.000 euro jasotzen ditugu normalean, zeharkakoetatik 100.000 inguru, zerbitzuen tasetatik 275.000... Dirulaguntzak ere jasotzen ditugu, hala dagokigunean. Azken urteotan saiakera handia egin dugu horretan; inbertsioak egiteko garaian, ahalik eta dirulaguntza handiena lortzen saiatu gara. Esaterako, San Migelgo saneamendu lanek, 456.000 euroko aurrekontua zuten eta 364.000 euroko dirulaguntza lortu genuen aurre egin ahal izateko. Pello Mari Otaño ikastetxeko leihoak aldatzeko ere, 117.000 eurokoa zen aurrekontua eta 70.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak. Dirulaguntza horiek jaso izan ez bagenitu, ezingo geniekeen aurre egin gastu horiei”.

Zorra
Azken urteetan jaisten ari bada ere, oraindik ere zor handia du Zizurkilgo Udalak: “Gaur egun, 2.081.000 euroko zorra du Udalak, maileguetan. Udala hartu genuenetik, maileguei zegozkien 800.000 euro amortizatu ditugu. Zorra jaisten joatea izan da gure helburu nagusienetakoa eta urtero, aurrekontuen %10a baino gehiago erabili dugu horretarako. Ez da erraza aurrekontuak modu horretan egitea; inbertsiotarako tarte txikia uzten digu. Herrian egin beharreko gauza asko ikusten dugu, baina, momentuz, ezin dugu gehiagorik egin”.

Inbertsioak
Futbol zelaiko obrek hartuko dute aurtengo inbertsioen ataleko zatirik handiena. “Belar artifiziala jarriko dute eta aldagelak ere txukundu egingo dituzte. 330.000 euro beharko ditugu lan horiek egiteko, horietatik 100.000 Futbol Federazioak jarriko ditu eta Foru Aldundiak beste 150.000 euro. Gainerakoa Udalak jarri beharko du eta horixe izango da aurtengo inbertsiorik potoloena”, azaldu du Nereak.
Inbertsio txikiagoak ere egingo ditu aurten Udalak: “Zizurkil Goiko aparkaleku berria aipatu behar da batetik. Elbarrenan, bestalde, trenbidearen azpiko pasabidean egokitzapen lanak egingo dituzte. Panelak jarriko dira zubia txukuntzeko eta argiztapen berria ere jarriko dute. Guztira, 15.000 euro beharko dira horretarako. Bestalde, Muñoa kalean autoen abiadura murrizteko egokitzapen txikiak egingo dira”.

Atxulondoko igogailua
Atxulondo kultur etxean igogailua jartzea aspaldidanik antzemandako premia da. “Urtea aurrera doan heinean, aurrekontuen garapena nolakoa den ikusita erabakiko dugu igogailua aurten jarri edo ez. Eusko Jaurlaritzak eraikin publikoetako irisgarritasuna bermatzeko ematen dituen dirulaguntzen zain ere bagaude erabaki hori hartzeko. Momentuz ez dute eskaerak egiteko deialdirik zabaldu eta horren zain gaude. Nolanahi ere, garbi daukagu egin beharreko zerbait dela, eta aurten ez bada, datorren urtean jarriko dugu Atxulondoko igogailua”.
Etorkizunera begira, beste inbertsio baten premia ere hartu du ahotan Nerea Lizarragak: “Joxe Arregi plazako urbanizazio berria egin zenean, herritarrekin hainbat bilera egin genuen haien iritziak jasotzeko. Jende askok aipatu zuen plazak estalki bat behar zuela.  Aurten ezingo ditugu lan horiek egin, baina legealdia amaitu aurretik egin nahiko genituzke”.

Aurrekontuen inguruko bilera irekia
Udalaren egoera ekonomikoaz argibideak eskaini eta 2014ko proiektuen berri emateko bilera irekia antolatu dute Udal gobernuko kideek. Dagoeneko martxan diren eta urtean zehar egingo diren inbertsioen berri emango die bertan herritarrei. Apirilaren 28an egingo dute batzarra, astelehenarekin, iluntzeko 19:00etan hasita, Atxulondo kultur etxeko jubilatuen lokalean. Herritarrek dituzten zalantza guztiak argitzeko aukera izango dute bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!