Maiatza Saltsan, motorrak berotzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 25a, 10:11

Jatorri ezberdinetako zizurkildarrei eskainia izango da aurtengo Maiatza Saltsan. Estatutik etorritakoak zein mundu zabaletik gerturatu direnak hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du ekimenak.

Urteroko legez, ekitaldiz betea iritsiko da maiatza Zizurkilera. Gai nagusi baten ingurukoak izango dira aurtengo ekitaldi gehienak; jatorri ezberdinetatik Zizurkilera etorri direnak hartuko dira gogoan.

Bideoa eta hitzaldia
Gai horri lotuta, maiatzaren 17an egingo dute aurtengo ekitaldi nagusia. Ainhoa Larreak eman du horren berri. “Duela zenbait urte estatuko puntu ezberdinetatik etorritako herritarren testigantza biltzeko ekimena martxan dago. Bideo batean bildu dituzte haietako batzuren esperientziak, eta maiatzaren 17an izango da ikusgai. Ekitaldiari jarraipena emateko, Jon Maia bertsolariaren hitzaldia izango dugu. Maiaren gurasoen jatorriaren inguruko hitzaldia hunkigarria da eta Zizurkilen izango dugu gozagarri. Jai giroan murgilduta borobilduko da eguna”.

Ipuinak eta festa
Maiatzaren 20an, Baraka taldearen emanaldi bereziaz gozatu ahal izango dute Zizurkilen. “Oso modu berezian eskaintzen dituzte ipuinak, euskara eta arabiera nahastuz eta antzeztuz. Familia giroan gozatzeko moduko ekitaldia izango da”, azaldu du Ainhoak.
Maiatzaren 24a, larunbata, Afrikari eskainitako eguna izango da. “Nigeriatik etorritako jendea badugu herrian, eta haiek gospel saio bat eskainiko dute. Bestalde, dantza eta perkusioa nahasten duen ikuskizuna ere izango da herritar talde baten eskutik, eta baita janari afrikarra ere. Sabel dantzako ikastaroan parte hartzen duten herritarrek ere erakustaldia prestatuko dute egun horretarako”.
Jatorri ezberdinetako kulturei begira jarraituz, maiatzaren 10ean zunba maratoia egitekoa dute plazan. “Herriko jende asko ari da zunba ikastaroetan parte hartzen eta horri lotuta, ekitaldi berezia egingo dute maiatzaren 10ean, larunbatarekin”.

Hitzordu gehiago
Maiatzeko egitarau oparoaren barnean, urtero errepikatzen diren ekitaldiak ere aipatu ditu Ainhoa Larreak: “Maiatzaren 4an Andatza eguna ospatuko dute zizurkildar eta usurbildarrek. Maiatzaren 15ean, berriz, San Isidro egunaren baitan, hainbat ekintza izango da baserritarrentzat. Hurrengo egunean, maiatzak 16, ikasturte amaierako ekitaldia eskainiko dute bertso eskolako haurrek, Loatzo musika eskolako abesbatzakoek eta Bukalai dantza taldekoek. Maiatzaren 31n, bestalde, Senidetze eguna ospatuko da eskualdean. Aurten, adunarrei egokitzen zaie antolatzea”.

Txirrindularitza
Neska txirrindularien lasterketa ere maiatzean izango da. “Neska txirrindularien hiru lasterketa lehiatzen dira urtean Gipuzkoan. Aurten, hiru lasterketa horiek batu eta Gipuzkoako bira antolatu dute. Maiatzaren 16an hasiko dira Bergaran, erlojuaren aurkako frogarekin, maiatzaren 17an egingo dute lehen etapa, Tolosan hasi eta bertan helmugaratuz, eta maiatzaren 18an, azken etapa jokatuko dute Villabonan hasi eta Zizurkilen bukatuz”.

Dantza
Maiatzaren 25eko ekitaldia bereziki azpimarratu nahi izan du Ainhoak: “Kukai dantza taldearen ‘Gela jauziak’ ikuskizuna izango dugu Intxaur pilotalekuan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!