Mekanizatua:
- Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
- Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Intenret bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.
- Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
Autolikidazio proposamena:
- Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Internet bidezkoa:
- Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
- Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.
Emaitzak gora, pixkanaka
Kanpainarekin hasi zirenetik, Amasa-Villabonan nahiz Zizurkilen emaitzek pixkanaka gora egin dutela jakinarazi dute Maitek eta Ainhoak. “Villabonaren kasuan, bina puntuz bina puntu, euskararen erabilerak gora egin du errenta aitorpena egiterakoan azken urteotan. Hala ere, Tolosaldeko herri guztien artean, gora egitea gehien kosta zaion herria da gurea. 2008an %10arekin abiatuta, 2011n %15ekoa zen emaitza eta %17koa, iaz. Oso pixkanaka egin dugu gora, beraz. Aurrera begira ere ahalegin horretan jarraitu nahi dugu, ahalik eta herritar gehienek, administrazioarekiko pauso hau ere euskaraz eman dezaten”, Maiteren hitzetan. Zizurkilgo kasua, berriz, bestelakoa da. Ainhoak azaldu duenez, “2011n %18ak egin zuen errenta aitorpena euskaraz Zizurkilen eta, iaz, %27ak. Pixkanaka hasi ginen, baina erantzun ona izan du kanpainak herrian, urteek aurrera egin ahala”. Larrearen esanetan, hainbat beldurrekin amaitzeko garaia iritsi da, “badirudi diru kontuez edota gai serioez aritu behar dugunean, oraindik ere ezin dela euskaraz hitz egin. Baina, egun, badaude baliabideak eta posible da euskaraz egitea”.
Errenta aitorpenaren kanpaina abiatu berri den honetan, oraindik ere herritarrei euskaraz egiteko aukeren berri gogorarazi behar zaiela aipatu dute teknikariek, “izan ere, esaterako, etxera autolikidazio proposamena gaztelaniaz iritsitakoan, gaiarekiko oso kontzientziatuta ez bazaude, gaztelaniaz jarraitzeko dinamikari eusten baitzaio gehienetan”. Euskaraz egitea batere kostatzen ez dela jakinarazi du Maitek, oso pauso errazak eman behar direla. “Pausoen zailtasuna baino garrantzitsuagoa da gaiarekiko kontzientzia edukitzea eta horixe da kanpaina honen helburua: gogoraraztea”.