LAB sindikatuak maiatzaren lehenaren harira argitara eman duen oharraren arabera, “krisia iruzur handi bat da, iruzur bat bestearen atzetik hasieratik: Krisitik ateratzeko guztion ahalegina behar dela esaten zitzaigun behin eta berriz. Gezurra. Irabaziak pribatizatu zituztelako, kalteak sozializatuz. Ez dugu guztiok berdin ordaindu: aberatsak aberatsagoak, pobreak pobreagoak direlako. Espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzeko bide berriak aurkitu dituzte”.
Sindikatuak burujabetzan aurkituko luke irtenbidea. Horixe euren eskaera: “Irtenbide propio bat eskatzen dugu, burujabetza prozesu bat, España markari eta gaurko politikei loturik ez jarraitzeko. Burujabetza ekonomikoa, soziala eta politikoa aldarrikatzen dugu. Guri dagokigu erabakitzea Euskal Herrian nola sortu, banatu eta antolatu nahi dugun aberastasuna”.