Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberriak jasoko du 111 Akademiaren Saria 2013

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 22a, 15:38

111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izendatuta, Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberriak jasoko du 2013ko 111 Akademiaren Saria. Maiatzaren 8an ospatuko da 2013ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, arratsaldeko 19:30ean.

Hiru bozketa txandetan garatu da irabazlearen aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 4an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2013an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 193 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua izan ziren bi finalistak, eta Meaberen eleberriak jaso du boto gehien; idazle lekeitiarraren lanak hamahiru botoko aldea atera dio Epaltzaren nobelari. Aurreko bi txandetan ere Kristalezko begi bat izan zen boto gehien jaso zuena.

Webgune berria

111 Akademiak web gune berria jarri du abian 2013ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera ematearekin batera. Akademiakideei zein akademiakide ez diren gainontzeko euskal irakurle eta literaturazale guztiei zuzendua dago atari berria. Aurrekoarekiko ezberdintasun nabarmenen artean, bisitariari eskaintzeko dion interakziorako aukera zabala eta irudiek hartu duten indarra azpimarra litezke. Horrekin batera, irakurleek bidaltzen dituzten iritziek protagonismo handiagoa eskuratu dute web gunean. Gainontzean, euskal literaturaren inguruko albisteak, Euskal Herriaren literaturaren inguruan antolatzen diren ekitaldien inguruko agenda, argitaratzen diren euskal liburuen zerrenda… aurkituko ditu bisitariak atari berrian.

Webgune berria

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!