"Andoaingo haurrak erbestean" dokumentala, astelehen honetan Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 14a, 12:41

Manoli Díez de Uré, Emilio Truchuelo, Natividad Martinez eta David eta Joseba Barandiaran anaien lekukotzak bildu dituzte. Gaur Basteron arratsaldeko 18:00etan eskainiko dute, eta gonbidapenak jada Basteron bertan jaso daitezke.

Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Udal artxibozainek egin dute dokumentaleko  gidoia eta beraiek zuzendu dute lana; Beatriz Amondarain eta Ignacio Zabala arduratu dira errealizazioaz eta muntaiaz. Musikaren konposizioa, azkenik, Alberto Rubio gaztearen esku geratu da. Diputazioaren diru laguntza jaso ikus-entzunezkoak.

Bost andoaindarren hitza
Bost protagonistak lehen emanaldi berezian izan ziren, eta Aiurrik haiekin egoteko aukera baliatu zuen.

Emilio Truchuelo:
"Orokorrean begiratuta, oso inpresio ona eragin dit. Oso lan polita egin dute. Gure bizipenak transmititzeko aukera eman digute, eta alde horretatik, satisfazio handia da parte hartu dugunontzat. Iruditzen zait oso lan txukuna dela, eta ikusteko modukoa izango dela gure herriaren historiaren zati bat ezagutu nahi duen edonorentzat.
Izugarria izan zen historia zati hura andoaindarrontzat, baina gu umeak ginen orduan, eta halako begiekin ikusi genuen ia guztia: modu ludiko batean, alegia. Dokumentalak oso ondo bildu du guk adierazi nahi izan duguna, eta batez ere, bi aspektu: batetik, nazioartean zenbateko elkartasuna erakutsi ziguten. Eta bestetik, erbestetik itzuli ginenean bizi izan genuen etsipena, gizartea hautsita topatu genuelako. Hain justu, apirilaren bata da gaur, eta 75 urte betetzen dira gerra amaitu zela. Garaipenaren eguna deitzen zioten frankistek, baina egiaz, garaipenetik gutxi izan zuen gerra hark.
Joseba Barandiaran:
Ez da erraza izango ulertzea, baina triste eta pozik atera naiz Basteroko emanalditik. Pozik, dokumentalak garbi erakusten duelako gure oroitzapenetik irten zaigun kontakizuna. Baina triste ere bai, garai ilun haiek biziberritu ditugulako. Dokumentala ikusita, gure familiak sufritu zuena etorri zait gogora. Andoaindik ihes egin behar izan zuen Bizkaira, eta gero Frantzian bilatu zuen babesa. Aitak ederki sufritu zuen, eta gerra bukatu bezain pronto hil zen. Anai zaharrena ere, frontean ibili zen, eta gero preso hartu zuten; soto ilun batean hilabete batean eduki zuten bakar-bakarrik, gorriek ez zutela besterik merezi esan eta gero. Langile batailoietan bizi baldintza kaskarretan ibili zen, eta hernia diskala sortu zitzaion. Orduan ez zen ezagutzen gaixotasun hori, eta egur batean etzanda egoteko agindu zioten. Dena aldrebes esan zioten, eta horrela, giltzurdina hondatu egin zitzaion. Agudo hil zen gizarajoa!

David Barandiaran:
Etxetik kanpo errefuxiatu bezala igaro genuen gerra osoa, baina umeak ginen eta ez ginen konturatzen zer nolako arriskutan genbiltzan. Ni txorien habien bila ibiltzen nintzen, eta gogoan dut Gernikako bonbardaketaren egunean, Mundakan ginela. Lagun bat eta biok zuhaitzera igota genbiltzan, eta hegazkinak gure gainetik sentitu genituen. Zuhaitzetik azkar batean jaitsi eta zulo batean ezkutatu ginen. Zer ziren haiek!
Baina dena ez zen abentura izan. Gosea pasa genuela ere, ondo gogoan daukat. Andoainera itzuli ginenean, berriz, ez zait ahaztuko hemen helduek edukitzen zuten beldurra. Honek edo hark salatuko ote zituzten, ezkutupean hitz egin beharra... Andoain Francorentzat konkistatu zuten tropak ere Nafarroatik ezjakintasun handiarekin etorri zirela esaten zigun amak. Eskapularioak-eta zintzilika zituztela etorri ziren soldadu errekete haietako batek, honela esan omen zion bere kapitainari, Santa Krutzeko ermita ikusi eta gero: "¿Usted no decía que aquí eran comunistas? ¿Que eran hijos de Satanás? ¿Y ese altar?".

Nieves Martinez:
Bikaina da dokumentala, baina inpresioa daukat kamera baten aurrean jartzen zarenean zeure oroitzapenen erdia ere ez duzula botatzen!
Geure aita errepublikanoa zen, eta Andoaindik alde egin behar izan genuen, faxistekin beldurtuta. Aitak frontean borroka egin eta gero Frantzian bilatu zuen babesa. Hiru alaba, berriz, Errusiara bidali gintuzten; hangoa gizarte eredu bezala hartzen zuten Europa guztiko ezkertiarrek. Mosku, Estalingrado, Krimea..., leku askotan egin genuen bizimodua. Hogei bat urtez denera; haurtzaroa eta gaztaroa han pasatakoa naiz, beraz. Errusiako oroitzapen onak gordetzen ditut. Oso harrera ona egin ziguten bertakoek, eta oraindik ahaztu ez zaidan errusiera ikasi nuen; nekazaritzako teknikari izateko titulua ere atera nuen! Oroitzapenik tristeena, Rosario ahizpari lotutakoa da, bertan gaixotu eta hil baitzen.
Itzulera oso tristea izan zen guretzat. Ahizpa ez gainerako guztiak berriro elkartzeko aukera eduki genuen, baina Andoainen topatu genuen panorama oso kaskarra izan zen. Zapalketa handia, eta gizartea Errusiakoa baino atzeratuagoa hainbat arlotan: irakaskuntzan, osasungintzan....".

Manoli Diez Ure
Zoragarria iruditu zait dokumentala. Oso muntaia profesionala egin dute. Niretzat Andoain dokumentalean argazkietan agertzen dena da, ez gaur egun ikus dezakegun modernitatea. Izan ere, Tolosara ezkondu nintzen gaztetan eta gutxi bizi izan naiz Andoainen.
Gerran zehar, Fantzian amaitu genuen anai-arrebok, eta familia batek hartu gintuen hura amaitu zen arte; oso familia atsegina izan zen gurekin. Ekonomikoki arazorik ez zeukan, eta makina bat toki bisitatzera eraman ninduten Frantzian zehar. Horietan, beti, argazkiak ateratzen zizkidaten. Jaioterrira itzultzea egokitu zitzaigunean, argazki guztiak maleta txiki batean hartu nituen nirekin. Mugan, baina, maleta hori kendu egin zidaten. Horrek min izugarria egin zidan! Haur oroitzapenik gabe utzi baininduten!
Andoainen, oso gaizki pasa zuen gure familiak. Herriko apaizak matraka ematen zion gure amari; nik ez nuela jaunartu sartu zitzaion kaskoan. Amak baietz, Frantzian egin nuela jaunartzea baina ezin zuela frogatu, argazkiak kendu egin zizkidatelako. Azkenean, amaak haizea hartzera bidali zuen apaiza. Egia esanda, Nik, urte ilun haietan izua hartu nien geziei eta uztarriaren sinboloari. Ez pentsa, oraindik barrenean daukat sentipen hori!
Guk haur baten ikuspegitik ikusi genuen gerra, eta halaxe kontatu dugu kamera aurrean. Lastima da gure gurasoek aukera hori eduki ez izana. Nire aitak, adibidez, Ondarretako kartzelan urte batzuk egin zituen. Aitak, amak bisita egiten zionean, zera esaten zion: haurrak ez bidaltzeko frankisten jangeletara. "Ez itzazu bidali hara, gutxietsi egingo dituzte, eta pentsamendua aldatzen saiatu". Gosearen gainetik duintasuna zegoela aditzera ematen zion.
Barkamena eskatu behar dela esaten da orain, eta ez dut gaizki ikusten. Baina guri ere, noizbait tokatu zaigu, ala? Hor goian, boterean, min egin ziguten batzuen seme-alabak ikusten ditut, eta ondotxo dakite zer pasa arazi ziguten guri...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!