Andoain herriaren esker ona Sorozabali eta Mendiluzeri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 12a, 12:46

Hunkigarritzat jo daiteke Andoaingo herritarrek eta bertsolariek Sorozabal eta Mendiluzeri larunbatean eskaini zieten esker oneko ekitaldia. Bi parte izan zituen egunak: arratsaldean Andoaingo zenbait ordezkarik eta herritarrek aukera eduki zuten maitasun hitzak adierazteko bi bertsolariei. Gauean, bertso afarian, plazetako bertsolari lagunen txanda iritsi zen.

Jendez lepo bete zen Basteroko erakusketa gela. Izan ere, herritarren aldetik bazegoen gogo bizia udaleko euskara zerbitzuak, Andoaingo AEKk, Andoaingo bertso eskolak eta Aiurri aldizkariak antolatu zuten eskertzako ekitaldian parte hartzeko.
Aurkezle lanak egin zituen Ainhoa Aiertzak, bi bertsolariek euskarari, ahozkotasunari, bertsogintzari eta Andoaingo herriari egindako onura azpimarratu zuen. Ana Carrere alkateak, Sorozabaletik Mendiluzera leloa hartu zuen hizpidetzat, "oso indartsua baita. Bien artean espazio bat topatzen dugu, ez estatikoa, mugimenduan etengabe doana baizik. Bertsolarien jardunean, ekarpen ugari topa ditzakegu: besteak beste, kultura baten transmisioa edota herri baten eboluzio historikoa, herritarren filosofia, utopia, iritzi politikoak edo pasadizoak kontatzeko gune bilakatzea". Bertsogintzak gizarte integraziorako egin duen ekarpena ere azpimarratu nahi izan zuen. Hain zuzen, berdintasunaren bidean, bertsolaritzak emakumeari protagonismo aktiboa eman izana aipatu zuen Carrerek.
Ekitaldian zehar, bost gaztetxo bertsotan aritu ziren; Ion Belokiren gidaritzapean Andoainen sortu berri den bertso eskolako kideak dira denak. Bertso bikainak eskaini zizkioten Jokin Sorozabali eta Aitor Mendiluzeri; ziria sartzeko aukera ere ez zuten galdu.
Azkenik, bi bertsolariek oroigarri bana jaso zuten, eta eurek hobekin dakiten moduan hartu zuten hitza, bertsoak kantatuz. Horiek zein gaztetxoek abestutako bertsoak, orrialdeotan irakur daitezke.

Bertso afaria
Bertso afaria heldu zen ondoren. 120 lagun bildu zituen Xabier Tello eta Joxean Lasa sukaldariek prestatu eta AEKko kideek zerbitzatu zuten afariak. Zortzi gonbidatu berezi lagun guzti horien artean, hots, eskertza jasotzen ari ziren bi bertsolarien plazetako lagunak: Loidisaletxe, Jon Sarasua, Jexus Mari Irazu, Mikel Mendizabal, Milan Telleria, Anjel Mari Peñagarikano, Agin Laburu eta Iñaki Zelaia. Ion Beloki gai jartzaileak jarritako gaiek umorea nagusi izatea eragin zuten saioan zehar: Jokin Sorozabalek, aspalditxoan, saio batera jantzita eraman zuen alkadandora koloreduna; Mendiluzek, gazte zelarik, Hitzetik Hortzera ETBko saioan edukitzen zuen tartea; bi bertsolariek urteen poderioz jasan duten itxuraldaketa...
Gauari umorea itsaste horretan, hiru antzezlarik ere eduki zuten beren partea. Hain zuzen ere, Mailu Arruti, Estitxu Garmendia eta Mirentxu Egizabal antzezlariek bi saio egin zituzten afarian zehar tartekatuta. Bertsolariekin txantxetan jarduteko tartea hartu zuten, eta barre franko eragin zuten.

Osteguneko solasaldia
Bi ekitaldi nagusi horien aurretik, ostegunean hain zuzen, Andoaingo bertsozaleekin solasaldi mamitsua eduki zuten bi bertsolariek Errotaburu elkartean. Luzez jardun zuten afari baten bueltan. Andoainen bertsolaritzak bizitu izan duen garapenaz jardun zuten lehenengo partean. Herrian ezagutzen den lehenengo bertsolariaren (Pedro Santa Krutz) inguruko pasadizuekin hasi zen Jokin Sorozabal. Ondoren, Xabier Lasak, 1936an Andoainen bertako bertsolariekin antolatu zen txapelketaren berri eman zuen; hamazortzi lagunek izena eman izanak, herrian bertsorako izugarrizko zaletasuna adierazten digula azpimarratu zuen. Frankismoak bortizki eten zuen irekitako bide hori, hala ere, euskara eta euskal kulturarekin zerikusia zeukan beste edozein ekimenekin bezala. Eta horrela, aro ilun horretan Andoainen ez da ezagutzen plazaz plaza ibili zen bertsolaririk.
80ko hamarkadan, berriz, Andoainen bertso eskola sortu zen, Iñaki Otaño izan zuelarik irakasle. Eskola horri bultzada eman zion Xabier Huitzik eskola horren nondik norakoa azaldu zien Errakaburu elkartean bildutako entzuleei. Ikasle izan zen Jokin Sorozabalek, urte haietan bizi-bizi zegoen eztabaidaren berri eman zuen. Alegia, eskolen kontrakoen eta aldekoen artekoa; batetik, bertsolari sena berez etorri ohi dela ziotenak, eta bestetik, eskolan ere ikasi daiteekela ziotenak.
Behin puntu horretara iritsita, solasaldia gaur egungo bertsolaritza aztertzera bideratu zen. Bai Sorozabalek baita Mendiluzek oso gogoeta jakingarriak adierazi zituzten, gaur egungo bertsolari baten plazaz plazako jardunaren ingurukoak batik bat.

BERTSO SORTA BASTEROKO
ESKER ONEKO EKITALDIAN
Sorozabal
Hartutakoan eskerrik asko,
halaxe gintuzten hezi.
Eta herrian jasotze horrek
badauka zerbait berezi.
Lana ematen zigutenean,
ez ginen joaten ihesi.
Musu ematera datozenean
ezin ba kejatzen hasi!

Mendiluze
Eskertu nahien datozenei
guk esango diegu:
borondatea badezute ta
nola ordain dezakegu?
Igual ez degu merezi baina
benetan harro gaude gu
izan bagera zuen pozgarri
eta datozenen eredu.

Sorozabal
Omenaldia edo eskaintza
edo aitortza eguna.
Egun hauetan hamaika gauza
izanda entzun deguna.
Baina hitz horien azpitik bada
zerbait gelditzen zaiguna
adiskideen estimua ta
herri baten maitasuna.

Mendiluze
Ustez gu izan gera bikote
zintzoa eta zerbitzala.
Beste inork ez du esango eta
guk esango dugu hala.
Baino alperrik da omentzea
despedida bat bezala.
Oraindik kuerda badugu eta
bertsoak segi dezala.

Sorozabal
Kuerdak aurrera segiko du, bai
orain artean bezala.
Nik egindako markak agudo
honek hautsi zitun bela.
Gaztetxoak ere azaldu dira
entzun ditugu horrela.
Eta bidean direnek ere
superatu gaitzatela.

Mendiluze
Jose Agirre zenaren hitzak
hartu nahi ditut ahotan.
Bertsoa gauza sorgina dela
esaten zigun askotan.
Ta hala izan, lotu gaitu
bere sorginkeri hortan.
Ta bat eginda gauden artean
segi dezagun bertsotan.
 

Osteguneko ekitaldian bertsolaritzaren ibilbidea hizpide izan zuten, eta horren inguruko erreportajea Aiurri hamaboskarian argitaratuko da. Segidan, larunbatean Basteron bertso eskolako ikasleek bi omenduei abestu zizkieten bertsoak.

ikasleek Aitor Mendiluzeri
Gaur gatoz kantatzera
lau ikasle jator
eta jende pila bat
begira dago hor
bertso eskola gaur zu
omentzera dator
hau baino gehiago guk
zor dizugu Aitor.

Zuk guri entzuteko
hartu pazientzia
zuk ala guk kantatu
ze diferentzia
bertsolari munduan
duzun garrantzia
bertso eskolarentzat
erreferentzia.
Ez al zaizu gustatzen
Andoainen itxura
hemendik joatea
ote da ohitura
zu hemen geratzea
guk genuen gura
zergatik joan zinen
hemendik Irura?

Bertsolari gera gu
zu zeran bezela
nahiz gure erritmoa
den oso motela
bertsotan aritzean
zu zara itzela
zuretzat izango da
gaurkoan txapela.

ikasleek JOKIN SOROZABALI
Zutaz aritu nahi deu
luze eta zabal
Andoainen izan zera
bertsoaren magal
hasi zenun bidea
ezin liteke gal
bertso eskolan eredu
Jokin Sorozabal.
Biak aldein zenuten
helburu ihesa
bilatu bait zenuten
nunbaite markexa
hemendik bizitzera
joan zinen Orexa
Andoainen bizitzea
ez al da errexa?

Bertsotan hasi gera
ezin gera isildu
eta zure aurrean
ez gara kikildu
ostegun arratsaldez
ohi gera gu bildu
eta nahi badezu
gugana hurbildu.

Bi bertsolari bikain
ikusiz onduan
poz ikaragarri bat
daukagu barruan
guk egon nahi badegu
inoiz zuen lekuan
zuetaz asko ikasi
beharko da orduan.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!