Andoaingo Udalaren egoera ekonomikoa, herritarren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 12a, 12:44

Ana Carrere alkateak herritarren aurrean azaldu zituen Udal kontuen egoera,
eta baita 2014rako aurrekontu proposamena ere.

Andoaingo Udalak herritarrak eta komunikabideak deitu zituen Basteron egin zuten agerraldira, zeinean iaz abiatutako “Parte hartze hariak lotuz” ekimenaren laburpena azaldu eta Udal aurrekontu proposamena aurkeztu zituen. Ana Carrere alkatearena izan zen hitza hartu eta herritarren aurrean kontuak argitzeko ardura. Datu ekonomiko ugari eskaini zituen, saihestezina dena bizi dugun egoera estuan. Andoaingo egoera ez da besteena baino hobea. Eta Andoaingo ekonomia kontrolpean dagoela dirudien arren, zenbakiek oso egoera zaila irudikatzen dute.
Ekonomia eta ura izan ziren nabarmendu ziren bi atalak. Iaz bezala, aurtengo agerraldian ere urak eta ur zerbitzuak zeresan handia eman dute. Ikusleen artean galdera gehienak uraren kalitateari, ur zerbitzuari edota ur azpiegiturari buruzkoak izan ziren.

Aurrekontu proposamena
Andoaingo gobernu taldeak bi aurrekontu proposamen lantzeko lanak hartu ditu. Egoera zail honetan, gobernu taldeak uraren zerbitzu osoa Gipuzkoako Uraren Kontsortzioaren esku utziko luke. Ekarriko lioken dirusarrerarekin urteetan Udalak metatutako zorra desagertuko litzateke, eta gainera azpiegituraren mantenua ere ez litzateke gastua izango. Kontsortzioak bere gain hartuko lukeelako.
Aukera hori ordea baztertu egin da, oposizioko alderdien babesik ez dutelako. Jakina da Udalak erabaki horiek gehiengo osoz hartu behar dituela. Bada, Gobernu taldearen proposamen horren aurka daude EAJ-PNV eta PSE-EE. Beraz, gobernu taldeak proposamen hori herritarren aurrean aurkeztu zuen nahiz eta jakin badakien ez dela aurrera aterako.
Udalak bigarren aurrekontu proposamena aurkeztu die oposizioko alderdiei, eta apirilaren 27ko Udal batzarraldian ikusiko da aurrera ateratzen den, edo hori ere baztertu egiten den.
Aurrekontu proposamen horretan nabarmendu daitezkeen atalak, askoren artean, hauexek dira: Larrialdi laguntzetarako 170.000 euro, eskualdeko enplegu planerako 40.000 euro, babestutako apartamenduentzat 27.500 euro, Berdintasun planarentzat 25.000 euro, “Andoaindarrak 400” mendeurreneko ekitaldietarako 30.000 euro, herriko merkataritza sustatzeko 12.000 euro, gazte jardueretarako 26.000 euro, etab.

GASTUARI EUSTEKO NEURRIAK
Udal Gobernu taldeak udaleko lansail guztiekin elkarlanean gastuari eusteko lan handia egin du. 2013an 1.478.000 euroko galera aurreikusten zuten. Bada, hartutako neurriekin, datu ezkor hori nabarmen jaitsi da. Azkenean galera 756.000 eurokoa izatera iritsi da. Hori lortu ahal izan da azpikontraten hitzarmenak bernegoziatu direlako, kontsumo gastuak gutxitu dituztelako eta langileen ordezkapenak nabarmen jaitsi dituztelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!