Gutxienez bi lasterketa ezberdin bizi izaten dira horrelako probatan. Bistan da kirol lehiaketa dela, eta horri begira egon ohi da ia gehiengo osoa. Nagusiki, korrikalariak eta ikusleak.
Proba aurrera doan bitartean arduradunek bestelako lasterketa bizi dute, antolaketaren xehetasun guztiei loturikoa. Lanean aritu zirenentzat intentsitate handiko eguna izan zen igandekoa.
Antolatzaileen esker ona lasterketaren biharamunean:
Lasterketaren biharamunean izenburupean, Urnietako Mendi Lasterketako antolatzaileek internet bidez oharra argitaratu zuten astelehen arratsaldean. Jarraian oharra bere osotasunean: “Atzokoa egun intentsoa izan zen, eta oso-oso luzea. Eguraldiari dagokionez, ikusgarria, zeru erabat urdin eta tenperatura atsegina. Beharbada lasterkarientzat gehiegitxo, baina ez horrela ikusleentzat. Ezin genezake gehiago eskatu. Zerura begiratzeko garaian abantaila badugu, gaikalde hartan haurtxo txiki asko baitago lainoei bultzaka eginez. Ez dezagula ahaztu lasterketa elkartasun helburuarekin sortu zela.
Eskerrik asko atzo bezalaxe aurreko asteetan gurekin antolaketa lanetan aritu zareten guztiei, eta baita datozen egunetan laguntzen jarraituko duzuenoi ere. Zeren eta lasterketa atzo amaitu zen 13:30ak aldera baina antolatzaileek lanean darraitze, azken xehetasunak kontuan hartzen.
Egun hauetan gertatutako guztia analizatzeko garaia iritsi da, bere alderdi positiboak eta negatiboak. Ondo egindakoari eusteko, eta gaizki egindakoa hobetzeko. Antolaketa aldetik zehaztapen bat, bata bestearen atzetik galdu ziren bost korrikalari horiena. Oso sakon aztertu beharko dugu gertatu zena, eta berriro gerta ez dadin hartu beharreko neurriak hartuko ditugu. Zuen informaziorako, federazioko epaileek ibilbide osoa larunbatean gainbegiratu zuten. Larunbatean bertan indartu beharreko kokapenak indartu ziren, eta lasterketako egunean sailkapenean bigarren eta hirugarren amaitu zutenek ibilbidea ezagutu gabe markatutako ibilbidearekin arazorik ez zuten izan. Nolanahi ere, sakon aztertu eta hobetu beharko da alor hori.
Atseden hartzeko garaia da, sentsazioak epelean jarri eta gertaturiko guztia analizatzekoa. Zuen denon parte hartzea izatea espero dugu. Mila mila esker!!!”.
Marka onenak hautsi zituzten hirugarren edizioan
Jokin Lizeagak aurkari gutxi ditu mendi lasterketetan, eta Urnietakoan bereziki bera garaituko duenik nekez aurki daiteke. Aurtengoan arerio gogorra izan zuen. Aritz Egeak lasterketa ikaragarri gogortu zuen, lehen kilometroetan abiada bizia jarriz. Jokin Lizeagak ordea zuhur jokatu zuen, eta indarrak ondo baino hobeto gorde zituen azken txanpan “hegan” egiteko.
Helmugara iritsi eta besoak airera altxaz, Aritz Egeak zuzen jo zuen Jokin Lizeagarengana. Zur eta lur zegoen urnietarrak azken kilometroetan egin zion erasoarekin. Sinestu ezinda, eta irabazleak egindako balentria aitortuz, belauniko jartzea besterik ez zitzaion falta. Arnasa hartu, antolatzaileekin hitz egin eta Lizeagari begira “¡que pasada!” behin eta berriro esaten zuen. Lizeagak irribarrea kendu ezinik, lasterketaren gorabeherak hizpide izan zituen bigarren sailkatuarekin.
Biak helmugan besarkatuta, horixe izan zen eguneko irudi politenetakoa. Politena beharbada Jokin Lizeagak Xoxokan bildutako jendarte zabalari azken metroetan adierazi zion esker ona. Besoak altxatuz eta txaloak itzuliz, Lizeagak bere eskaintza horretan lanean gogor aritu ziren ehunka herrikideak gogoan zituen. Azken metroak egiteko bere denbora hartu zuen, hogei segundu inguru bai. Garaipenaz gozatu nahi zuen. Helmuga zeharkatu, oihu egin, eta atzera begira besoak altxata esker ona adierazi zien biba eta gora esaten zioten guztiei.
Eta hori guztia eginagatik ere, 31 segundotan hobetu zuen aurreko edizioko marka. Igandean ikusitakoa eta gero, Jokin Lizeagak hanketan dauka 1:49:00 azpiko marka.
Marka onena emakumezkoetan
Iaz Oihana Kortazar txapeldun handiak marka berria ezarri zuen, 2:09:18ko denbora eginez. Bada, Maite Maiorak bi minututan hobetu zuen. Meritua badu, maila handiko mendi lasterkaria dela erakutsiz. Helmugan egindako adierazpenen arabera, marka berria gogoan, proban zehar ordulariari begira ibili zen. Txapela eta marka onena, biak lortu zituen.
Gauza normalak
ANDONI URBISTONDO # URNIETA
IRITZI ARTIKULUA
"Aranederko rubiyuak mila aldiz esan izan dit: "proba hoik ez dituk hi bezelako 100 kiloko attonentzat, Andoni!" Arrazoi zeukan. Eta dauka. Ez da gauza 'normala', edo naturala. Baina munduan gauza 'normalak' egiten dituzten jende asko dago. Zergatik ez normalak ez diren gauzak egiten saiatu? (Normalak ez diren gauzak zer diren erabakitzea norberaren esku). Erausotxikiko jauntxoak askotan esaten duen moduan, noizean behin komenigarria izaten da comfort edo erosotasun gunea utzi, eta arrisku gunean sartzea.
Niretzat mendi lasterketek arrisku gunean murgiltzea suposatzen dute. Mundu berria niretzat, Gaizka lehengusuak bultzatuta hasi nintzen urrian edo. Baditu lasaitasun momentuak, baina diziplina gogorra da, 100 kiloko pardela mendian gora bultzatzea ez baita samurra. Igandean jabetu nintzen erabat. Senperen, orain hilabete ere bai, 22 kilometroko maratoi erdia porru eginda bukatu nuenean. Abendu hasieran Ereñotzutik Aranora egindako 20 kilometroko lasterketa nekosoan ere bai. Zer esanik ez Onddi, Adarra, Zaburu edo Onddora igotako azken 10 saioetan.
Baina igandean ezin bukatu. Amorrua hasieran. Lengusuari eguna izorratu nion sentsazioa. Baina azkar erabaki zentzuduna hartu nuela jakitun. Aurretik bi ordu pasako lana, eguzkia ikaragarri zigortzen, eta ezina gihar guztiei itsatsita. Zertarako egoera muturrera eraman? Adar jotze putzua jasan beharko nuela onartuta. Julen Francoren "en que embajadas te metes"; Tomax Agirreren "hay ke machacar más, Urbistondo", astelehen goizean egunon esan gabe. Daniel Txinpartaren "lau kafe irabazi dizkiat ez huala bukatuko apustu egin nialako". Eta gehiago.
Azkarregi abiatu nintzen. Eta ezin buelta eman. Cipo-k erdi broma, erdi serio esaten dit, ez dakitela sufritzen. Arrazoi du. Nahi ere ez, agian. Baina garaiz bale esan nuelako ikusi nuen Jokin Lizeaga Montefrion lasterketa buruan. Eta Besabin. Han esan nion minutuko errenta zuela, entzuteko moduan. Baita txapeldun handia dela ere, iluntzean. Nik eta jende askok. Ordurako bazkari eta bazkaloste atsegina egina genuen Osmako Orkoak, Xarpa's Team aurrerantzean. Piti zaharraren kemena, Asier Martinezen hanka finak, Mikel Legarreta eta Elortxaren helmugaratze hunkigarria, Pottiren izerdi saltsa, eta Jon Moranen balentria: 3.46, baina helmugan!
Harro egongo dira Inhar, Aner, Telmo, Nagore, Leire, Larraitz, Itziar... Eta Eva, Alacanteko urnietarra, Xabier Irastorza bikotea kontsolatzen. Makuluekin eta orkatila puztuta, proba hasterako bukatu zitzaiolako. Barkamen zintzoa Aitor Elduaien esatariarentzat, eguzki galdatan, nire zain Xoxokan, eta ni pintxoak jaten eta garagardoak edaten tabernan. Baita Porru Izagirre, Amaia, Patxaka eta Jokini ere, Adarran eta Zaburun zain, eta pasa ez nintzelako.
Animoak eman zituzten denei eskerrak. Bueltatuko naiz 2015ean. Espero. Kilo batzuk gutxiagorekin bada, hobe. Urte batek gauza 'normal' asko egiteko aukera ematen du. Irakaspen xumea, bukaeran, Albert Einsteinen esaldi baten bitartez: "Bizitza oso arriskutsua da. Ez gaiztakeria egiten duten pertsonak daudelako, gertatzen dena ikustera mugatzen direlako baizik".
334. dortsala
Tolosan bizi eta Sestao klubaren elastikoarekin irten zen Abderrahim El Qayed lasterkaria izan zen zorigaiztoko protagonista. 334. dortsalarekin atzetik aurrera burutzen ari zen lasterketa. Dabid Garcia hirugarren sailkatua jomugan zuen. Adarran laugarren izan zen, hirugarrenarengandik 1:35eko atzerapenarekin. Hamalaugarren kilometroan nabarmen jaitsi zuen aldea, Onddon podiuma 54 segundura zuen. Baina, lastima, lasterketa amaitzeko lau kilometroren faltan okerreko bidea hartu eta galdu egin zen. Eta bere atzetik lauzpabost korrikalari gehiago. Tartean, proba aski ondo ezagutzen duen Igon Mantzisidor.
Konturatu zirenerako, berandu zen. Abderrahim biraoka eta oso haserre helmugaratu zen, dortsala zeraman elastikoa kenduz eta keinu nabarmenak eginez.
Bere denborak ikusita, 14. kilometroan Jokin Liezagaren denboratik 6 minutura zegoen 4. postuan. Eta gizarajoa azkenik 30. sailkatu zen 20 minutu eta erdira. Galdu ziren korrikalarien aferak zeresana eman du sare sozialetan. Mantzizidor berak nahasmena sor dezaketen guneetan zinta elastikoa jartzea proposatu zuen. Antolaketak, bere aldetik, astelehenean egin zuten balorazioan argi utzi zuen sakon aztertuko dutela gertatu zena. Ibilbideak federazioko epaileen oniritzia zuela ere gaineratu zuten.
Datorren urterako, beraz, bada zer hobetua. Izan ere, ibilbide motzean bigarren sailkatu zen Manu Hurtado beasaindarrak ere galdu egin zela aitortu zion Aiurriri, helmuga zeharkatu eta berehala.
Bi lasterketen irteera
Antolaketak ibilbide laburrari izaera herrikoia eman nahi izan bazion ere, ibilbide motzeko lehen lasterkarien maila oso ona izan zen. Hain ona berehala harrapatu zituztela ibilbide luzeko azken lasterkariak. “Enbutua” sortu zen bi probatako lasterkariek bat egiterakoan. Denbora tarte gehiago uztea, horixe 2015erako aztergaietakoa.
Itzalean egiten den lana, itzela
Bizkaitarrek ohitura duten eran, “itzela” izan zen bolondresen eta laguntzaileen lana. Garrantzia handikoa da, ezinbestekoa proba antolatzeko garaian. Lasterketa abiatuta, alor ezberdinan lanean ziren hainbat lagun elkarrizketatu zituen Aiurri astekariak.
Borja Granado
Antolaketa
“Une honetan gure ardura handiena edateko eta jateko guneen koordinazioa da. Herriko elkarte ezberdinetako lagunak ibilbidean zehar puntu ezberdinetan kokatuta daude, eta haiek nirekin komunikatzen dira. Proba arazorik gabe abiatu da. Gaurko eguraldia ikusita freskagarriak uste baino gehiago jarri ditugu, eguerdirako tenperatura 25 gradura iristea espero baita”. Bere lana noiz bukatuko den galdetzerakoan, irri egiten du: “bihar (astelehena) edo etzi (asteartea). Dena jaso beharko da”. Partaidetza bikoiztu dela eta ardura handitu egiten da, “aurten trafikoarekin kezka handia genuen. Balorazioa aurrerago egingo dugu, baina uste dut kontrolpean eduki dugula. Udaltzainek lan handia egin dute”.
Iker Aizpurua
DYA
“Ahalik eta jende gehien ekartzen saiatzen gara. Esgintzeak eta okerdurak ohikoak dira horrelako probatan eta denen laguntza beharrezkoa da. Gaur hona hogei lagun etorri gara, den-denak bolondresak. Lesioez gain, bero honekin lipotimiak edota deshidratazioak izateko arriskua dago. Proba honetan kopuruan lesioek ematen dute lan gehien, proba honetara datorrena ondo prestatuta eta gosalduta etortzen delako. Nahiko lasai gaude, urduritasun gutxi dugu, dagoeneko horrelakoetara ohituta gaudelako. Gure artean erizainak eta medikuak dauzkagu”.
Eli Etxezarreta
Auzotarra
Lana tarteko Eli beranduago hasi bazen ere, auzotar asko 07:30etarako proba martxan jartzeko lanean ziren. Pintxoak prestatzen eta barra antolatzen zebilen Eli, “Aspanogi bezalako elkarteen alde laguntzea gogoko dugu, eta horrez gain herriko ekimenetan parte hartzea garrantzitsua iruditzen zait. Urtean zehar auzo elkartean ekimen ezberdinak burutzen ahalegintzen gara, eta honakoan ere hemen gaude laguntzeko prest. Pozik gaude, bestalde, herritik hain aparte ez gaudela sentitzen dugulako eta herriarekin batera elkarlanean aritzen garelako. Honekin guztiarekin gure arteko harremana estutzen da”.
Kanpotik etorritako partaide asko parajeekin pozarren izaten direla eta, turismoa bultzatzeko aukera polita eskaintzen du mendi lasterketak. Bat dator Eli adierazpen horrekin: “Beti da garrantzitsua inguruko probintzietako jendeak inguru hauek ezagutzea”.
Martin Sanchez
Aspanogi
“Herritarrei Aspanogi elkartearen berri emateko aukera aproposa da gaurkoa. Laguntza ere eskatzen dugu eta erantzunarekin oso pozik gaude. Jende piloa dago lanean, korrikalari asko..., oso giro polita dago. Garrantzitsua da guretzat horrelakoak antolatzea, mordoxka bat egiten ditugu urtean zehar. Urnietako Udalari, urnietarrei eta laguntzaile guztiei gure esker ona adierazi nahi diet”.
Lander Fraile
Kirolprobak.com
Proba abiatuta, patxadaz ari ziren proba jarraitzen denborak hartzeaz arduratzen ziren mutilak, “lasai gaude, ez gaude urduri. Beharbada lehena iristen denan, baina oraingoz ez”. Ardura handikoa da haiek bere gain duten lana, “ardura handia dugu. Gure sistema ondo ez badabil ezin baitiozu korrikalariari berriro irteteko eskatu. Zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dugu, eta antolatzaileek nahiz korrikalariek denborak erregistratzea nahi izaten dute. GPS estaldura izanez gero, datuak sistema horrekin lortzen ditugu. Urnietakoan Adarran eta Onddon kontrol puntu bana dago eta korrikalariek bertatik igaro behar dute denbora kontrolatzeko baliagarri dena”. Korrikalariek ez omen dute aparteko arazorik jartzen, “erreklamazioak oso gutxitan aurkezten dituzte. Gehiago izan da baten batek tranpa egin izan duela, eta gure neurtzeko sistemari esker haiek deskalifikatzeko erabilgarri izan da gure lana”.
Partaidetza kopurua handitzeak ez du arazo handirik sortzen, “baina aurten bi lasterketa antolatu dituzte eta lan aldetik kontuan izateko beste elementu bat izan da. Ardura aldetik, ordea, antzekoa da”. Euren lana burutzeko informatikaria izatea beharrezkoa da, “eta baita lasterketaren mundua zertxobait ezagutzea”.