Gure Esku Dago ekimena aurrera doa Urnietan. Hemendik bi hilabetera, ekainaren 8an hain zuzen ere, Iruñea eta Durango lotuko dituen giza katerako atxikimentuan lortzen zentratuta ari dira lanean. Dagoenego badira 110 urnietar bertara joateko txartela bete dutenak. Urnietan lau leku finko daude izen emate hori egiteko:
Xauxar, Amailur eta Kantoi tabernak, eta Trazos ileapaindegia. Horrez gain, larunbat honetan, goizeko 11:00etatik 13:30etara mahai bat jarriko dute Guria tabernaren ondoan. Bertan, giza-katean parte hartzeko betebeharreko txartela betetzeko aukera izateaz gain, ekimenaren kamisetak ere salgai izango dira. Kamiseten prezioa 10 eurokoa da. Giza katean partze hartzeko 5 euro ordaindu behar dute 16 urtetik goragoek. Adin horretara artekoek dohainik. Giza-katean parte hartzeko asmoa dutenei lehenbait lehen apuntatzeko eskatzen diete antolakuntzatik. Urnietak kilometro bat osatuko du Astigarraga, Goizueta eta Aranokoekin batera; Nafarroako Irurtzun herritik gertu. Autobus zerbitzua izango da bertara joateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!