"Koherentzia da balore hezitzailea, baita hizkuntzan ere"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 9a, 19:44

Eskola da haurren sozializaziorako bigarren gunea; familia, lehenengoa. Umeen nortasunaren oinarria etxean transmititutako baloreek, ohiturek jartzen dute, Josu Zubillaga psikologo eta aholkulariaren ustez. Hernaniko Langile Ikastolako psikologo eta aholkularia da Josu Zubillaga, 1985 urtez geroztik. Lehenago ere ibili da beste ikastetxe batzuetan.

Es­pe­rien­tzia horretan oinarrituta, familietan izandako aldaketen eta balore transmisioen inguruan hausnartu du.

Asko aldatu al dira familia ereduak?
Eskema tradizionala topiko bat da; ez da erdira iristen! Gaur egun ez da arraroa familia mo­noparentalak (normalean, ama umeekin) edo berregituratutako familiak aurkitzea (guraso desberdinetako haurrak el­ka­rre­kin). Edo haurrak, guraso ez di­ren beste tutoreren batekin, edo bikote homo­sexua­lak haurrekin... Hori asko aldatu da. Neu­rri batean, beste paisaje bat ekarri dute. Hala ere, umeen beharretatik abiatuta, premiak berdinak dira. Aurreneko 3-5 urteetan, premiazko zaintza behar dutenean, finkatzen da haurraren nortasunaren oinarria.
Itxuraz, familien egiturak aldatu egin dira, baina egitekoak berdinak dira, premiak le­hengoak dira: haurrek behar dituzte zaintza eta arreta egokia, esparru egituratua eta au­rreikusi daitekeena. Erru­tina, azken batean: ohiturak beteta, gehiago ikasten dute.

Bizitza erritmoa ere asko aldatu da. Horrek ba al du eraginik hezkuntzan?
Kontua da, ea helduok gai garen gizarte azkar honetan premia horiek betetzeko. Az­ken urteetan gure gizartean izan diren al­da­ketak soziologian izan diren bor­titzenetakoak dira. Egun, gu­raso izatea ez da erraza. Oso az­kar doan gizartea, krisiak sortu­ta­ko kezka eta antsietatea... Umeak errutina behar du, eta prekarietate egoerak ez du laguntzen.
Bestalde, frankismoaren eta 68ko maiatzaren ondoren, ko­rronte filosofiko asko sortu ziren. Ez dago eredu bakarra; gurasoek eredu desberdinak dituzte, eta horrek ere segurtasun eza sortzen du. Ondorioz, familiek desberdin jokatzen dute umeen premiekiko eta transmititzen diren baloreekiko. Hala ere, atzean dagoena beti da umeak zer behar duen.

Balio berak transmititzen al dira eskolan eta etxean?
Frankismoarekin oso lotuta ikusten dugu autoritarismoa, eta orduko irakaskuntza eta hezkuntza autoritaristari au­rre egin zaio. Baina batzuek nahastu egiten dute autoritarismoa autoritatearekin. Tar­teka, eskolan detektatzen dugu familia batean autoritatearen ulermen eskasa dagoela, eta horrek ez dio umeari lagun­tzen. Auto­ritatea itxuraz gauza zen­tzuzkoa eta sinplea da ume baten heziketan: zer bai eta zer ez; zer den egokia eta zer den desegokia. Hori etxetik ikasten da. Ondoren, eskola eta familia elkarlanean aritzeko gai bagara, eskolak indartu egingo du. Arazoa sortzen da norantza berean ez goazenean. Bizitza soziala gertatzen den toki guztietan arauak daude, eta oinarrizkoa da horiek ezartzea. Pertsonok sistematan egiten gara pertsona, psikologia sistemikoaren arabera. Lehe­nen­go sistema familia da. Hor jaso­tzen dira lehenengo zain­tzak, gidaritza, ohiturak, kultura, mugak, oinarrizko nortasuna. Eta bigarren sozializazioa eskolan gertatzen da.

Askotan gertatzen al da
no­ran­tza desberdinean joatea?
Zorionez, ume gehienak ondo daude. Familia gehienetan ia modu inkontzientean hezten dira. Baina tarteka etxe batzu­etan uste okerra egoten da: gurasoak haurraren lagun edo kolega izan daitezkeela, eta ez. Etxean umeek behar dutena da zaindu eta gidatuko dituzten helduak. Noski, umeen zain­tzak denbora eskatzen du, eta gaur egun gatazka moduan bi­zi dugu familia eta umeei ema­ten diegun denbora eta guretzat har­tzen duguna. Hasi­e­ran, denbora asko behar da umeentzat, eta hazten diren hei­nean, urrutiratu egingo di­ra; gaitasunak hartu bezala dis­tan­tzia hartzen dute. Baina gurasoek sentitzen dutenean ez direla iristen, batzuetan, nahiago dute kolega izan eta ga­tazka ekiditen dute; gatazka, ordea, ezinbestekoa da hezteko. Honek bueltan eskolaren gain ardura asko uzten ditu, eta ezinbestekoa da familiaren eta eskolaren arteko harremana; ezin dira erlajatu.

Euskara bultzatzeko lanean ere erlajatu egin gara?
Motibazioa handia zen diktadurari aurre egiteko eta beste eskola eta gizarte mota bat, hobea, lortzeko. Administrazi­o­ak bere gain hartu duenean, ordea, erlajatzea gertatu da, eta baita euskararekiko transmisioan ere. Oraingo guraso asko ikastoletako ikasle ohiak dira; badakite euskaraz, baina gaztelaniara jotzeko ohitura dute. Umeek balore eta ohiturak ikasteko zerbait behar badute, hori da koherentzia; balore hezitzailea da, eta baita hizkuntzan ere. Ez du balio haurrari esatea euskaraz egiteko, eta norberak ez egitea. Bestalde, atentzioa ematen dit zenbat euskaldundu den gizartea, baina ez esparru informalean. Ez dakigu txiste bat euskaraz egiten. Ondo pasatzeko gaztelaniara jotzen dugu. Eredu eskasa da umeentzat. Ez dugu koherentziarik, eta eredu gehienak etxetik datoz: etxean euskaraz egiten bada, umeak primeran egiten du eskolan; etxean ondo eserita eta familian jaten duenak, jangelan eta eskolan ere egiten du...

 

Hizkuntzaren Transmisioa
Zailtasunak etxeko erabilerak gora egin dezan

Euskararen ezagutzak gora egin du Buruntzaldeko herrietan azken 20 urteotan; batez beste, 7 puntu. Baina etxeetan ez da hori antzematen. Orain dela 20 urte baino gutxiagotan ari gara euskaraz soilik.
Duela 20 urte muturragokoa zen egoera. Gehiago ziren etxe euskaldunak (euskaraz bizi zirenak), euskaraz ondo zekiten eta erabiltzen zuten kideez osatuak, eta gehiago ziren erdaldunak ere (kide batzuek edo denek euskaraz ez zekitenez, gaztelaniaz soilik ari zirenak).
20 urte beranduago konplexuagoa da egoera. Gutxiago dira etxe euskaldunak (euskaraz soilik ari direnak),  eta gehitzen ari dira etxe elebidunak (nolabait esatearren), batzuetan euskaraz eta besteetan gaztelaniaz ari direnak. Etxe erdaldunek, berriz, ez dute kopuruan behera egin.
Zerk agintzen du etxeko erabileran? Familiakideen ezagu­tza mailak, noski, zenbat eta maila hobea izan, orduan eta errazago eta erosoago arituko gara, eta, alderantziz; baina, ezagutza mailaz gain, euskaraz hitz egiteko ohiturak edo ohitura ezak ere berebiziko garrantzia du.
Soziolinguistikan aditu direnek diotenez, etxeko hizkuntza bat ala bestea izatea, bikotekideen edo etxeko helduen arteko erabilerak baldintzatzen du. Kide helduon arteko hizkuntzak markatzen du etxean, ohituraz, erabiliko den hizkuntza. Eta etxeko erabilerak markatuko du, era berean, kide horiek, etxetik kanpo, hizkuntzarekiko izango duten jarrera eta portaera.
*Datuen taula: Etxeko erabilera Buruntzaldean azken 20 urteotan. Etxean euskaraz soilik ari direnak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!