Artista baino, eskulangintzan murgilduta dagoen artisautzat dauka bere burua, eta horretan dabil jo eta ke. Besteak beste, bere eskuek egindakoa da La Salle-Berrozpeko ikastetxean topa daitekeen eguzki erlojua, harrijasotzaileen harriaren gainean pausatuta.
Maskorrak ere egiten ditu, Santiagorako bide ezberdinetako bazterretan ipintzeko asmoz. “Nik baietz erantzuten diet maskorra egiteko eskatzen didaten guztiei. Ezaugarri bezala, Santiagoko bidearen sinbolorik zabalduena da maskorra, makulua eta kalabaza baino gehiago”.
Guztira, 150 bat maskor egin ditu azken urteetan. “Denak jarrita daude dagoeneko! Santiagora joateko erromesek hartzen dituzten bide ezberdinetan ikus daitezke guztiak”.
Hareharria lantzen du Nazariok. “Lanerako errazagoa da, eta gehiago irauten du. Denboraren poderioz gertatzen diren hotz eta beroekin ez da zartatzen kareharria bezala”.
Oraingo honetan La Salle-Berrozpek proposatuta eta bizilagunen beharrezko baimenak lortu eta gero, Maindi iturri ondoan, Sabadell-Guipuzcoanoko sukurtsalaren hormaren ondoan jarri du horietako bat. “Leku aproposa iruditu zitzaigun; estetikoki horma dotorea da, eta jakina, iturriaren sinbologia ere ezin dugu ahaztu. Iturria elementu estrategikoa da erromesarentzat, ezinbestekoa”. La Salle-Berrozpe ikastetxeko elektromekanika taldeko bost ikasleren laguntza eduki du.
Laugarren maskorra, Andoainen
Nazariok Andoaingo kaleetan jartzen duen laugarren maskorra da Maindiko hauxe. “Hernanitik Tolosako norabidean doan erromesak, Erroitz kalean, La Salle-Berrozpeko ikastetxeko horman ikusiko du lehenbizikoa. Bigarrena, Bordatxiki etxeko sarreran topatuko du (Elizondo etxeari itsatsia), La Salle etorbidean. Hirugarrena, Olajauna etxearen horman; eta azkenik, laugarrena, Maindikoa”.
Gogoratu behar da “Barrualdeko bidea” bezala ezagutzen dela Andoaindik igarotzen den Donejakueko ibilbide zatia. Irun eta Hernani artean betetzen du lehen etapa; bigarrengoa Hernanitik Tolosara doana da, Andoaindik barrena. Bidanian amaitzen da hirugarrengoa, eta Zerainen laugarrena. Hortik aurrera, Arabaruntz doa, Aizkorriko parketik pasa eta gero. Bide hori ez da oso ezaguna, bide frantziarra da luzez erromes kopuru handiena hartzen duena.