Aitor Mendiluze, bertsoaren sorginak harrapatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 3a, 14:32

Hamar urterekin atera zen lehendabizikoz plazara, jendaurrean abestera. Orduz geroztik milaka bertso sortu eta abestu ditu Aitor Mendiluze andoaindarrak. Bere ibilbidearen inguruan aritu da solasean.

Andoaingo hainbat eragilek eta bertso eskolek esker-oneko ekitaldiak antolatu dituzte Jokin Sorozabal eta biok bertsolaritzan egin duzuen bidea aintzat hartuta. Nola jaso duzu gonbidapena?
Jokin eta bioi omenaldia egiteko ekitaldia antolatzen ari zirela esan zigutenean, egokiagoa iruditu zitzaigun herriko bertso tradizioaren inguruko ekimena orokorragoa izatea. Andoainek eman dituen bertsolarien inguruko datuak aztertu eta horiek berri emango dute mahai-inguruan. Ekimenaren eragileekin hitz egin, eta herri mailako ekitaldia izango zela jakinarazi ziguten, baina guk espero baino ekitaldi handiagoa izango denaren susmoa daukat.

Andoain bertsolaritzarekin lotuta nahikoa herri hila izan dela aipatu ohi da. Zer uste duzu?
Bertso saio asko egin izan dira herrian eta oraindik ere egiten dira, baina sortzaile mailan ez da oso oparoa izan. Hamarkadetako etenak izan dira. Jokin eta bere garaikideak etorri aurretik, Iñaki Otaño sorabillarra ibili zen eta atzerago begiratzen badugu, hamarkada batzuetako etena dago. Zonalde askotan gertatu izan dira horrelako etenak eta Andoainen ere horrelaxe izan da. Bertsozaletasun handia egon izan da beti, baina zaletu izatetik sortzaile izaterako pauso hori falta izan da.

Aspaldiko urteetan Andoaindik kanpo bizi zara, baina jaioterriarekin harremana mantendu duzu.

Andoainen bizi ditut ama eta anaia eta oso maiz joaten naiz hara. Bestalde, kantu eta eserkia ezberdinak sortzeko eskaerak ere jasotzen ditut Andoaindik. Andoaingo ereserki estreinatu berriaren hitzak egin nituen, Iturzaetaren inguruko ereserkiarena, Sorabillakoa, auzoko jaietarako testuren bat edo beste..., horrelako lanak egitea egokitu zait. Zenbait gauzetarako erreferentzia bihurtzen zara.
Festetara, herrian bueltatxo bat ematera, lagunartera..., horrelakoetara ere joaten naiz eta bertso eskolak daraman ibiliaren inguruko berri izatea ere gustatzen zait.

Gaztetxotan hasi zinen bertsotan. Zerk erakarri zintuen?

Ez daukat oso garbi zein izan zen lehen iturria. Etxean, aita eta amona zirenak zaleak ziren, baina aitarekin ez nuen bereziki landu izan bertsogintza; ez mundu horretan murgiltzen hasi nintzen arte behintzat. Bertso saioetara joaten ginen, baina ez besterik.
Bederatzi urterekin, eskolan hasi ginen bertsoak zer ziren ikasten. Gustatu egin zitzaidan eta etxean aipatu nuen. Amak Lekuonaren bitartez jakin zuen Hernanin bazela bertso eskola sortu berria. Ostiral batean eskutik heldu, autobusa hartu, eta hara joan ginen. Horixe izan zen bertsoarekin izan nuen lehen kontaktu serioa.
Aurrerago, hasi nintzen plazaratzen, txapelketatan parte hartzen, saioak egiten... Eman ahala, gehiago eskatzen dizu bertsolaritzak eta soka luzatzen joaten da.
Bide horri ekinda, etxean ere gehiago aritzen ginen bertsotan. Bertsoaren inguruan hizketan aritzen nintzen aitarekin eta bertsotan ere egiten genuen biok. Etxetik kanpora hasiz geroztik, etxean ere presentzia handiagoa hartu zuen bertsoak. Amaren familia osoa Burgoskoa da eta noski, ez du loturarik izan bertsoarekin. Berak, ordea, ulertzen du euskaraz eta badu bertsoekiko zaletasuna. Jarraipena egiten saiatzen da.

Gogoan al duzu lehendabiziko plaza?
Hamar bat urterekin egin nituen lehendabiziko bi plazak Hernanin, hamabost eguneko tartearekin. Eskolarteko txapelketako finalean eta Etxeberria auzoko jaietan aritu nintzen. Etxeberriako jaietako saioaz oroitzapen goxoa daukat. Librean aritu ginen, Unai Agirre, Iñaki Zelaia eta hiruok. Ez dakit zer moduz aritu nintzen, baina garai batean Txirritak egiten zuena egin izanaren sentsazioa sortu zitzadan eta oso oroitzapen ona dut. Eskolarteko txapelketako saioan berriz gehixeago sufritu nuen; gogorra egin zitzaidan epaimahai baten aurrean kantatzea. Ulertzen ditut behin eskolartekoan parte hartu ondoren bertsolaritza uzteko erabakia hartzen dutenak.

Plaza asko egindako bertsolaria zara. Bereziki gogoratzen duzun plazarik aipatuko al zenuke?
Bertsolari izatearen gauzarik politena, ziurrenik, plaza asko ezagutzea da. Jende ezberdin asko, euren bizipenak, kontakizunak..., ezagutzeko aukera ematen du. Luxua da edozein herritara joan eta denek ondo hartzea, solasean egiteko aukera izatea; denek dute zer erakutsia eta zer kontatua. Bereziki bertso saioa otorduarekin lotuta dagoenean, ordu asko pasatzen duzu jendarekin solasean eta perla asko jasotzen da. Bertso munduan ibiltzeak lagun asko egiteko aukera eman dit; bertsolari, antolatzaile, gai-jartzaile..., familia osatzen dugula ere esan daiteke.
Zenbait plazak, hala ere, markatu egiten zaitu. 19 urte daramat, esatareko, San Isidro egunez Hondarribiako Guadalupera joaten eta baita Aizarnazabalgo Santa eskera ere. Horrenbeste urtetako ibilian, bertsolari gisa baino, lagun gisa joaten zara dagoeneko.

Milaka saioren ondoren, gogoan iltzatuta geratu zaizunen bat nabarmenduko al zenuke?
Batzuetan gertatzen da bertsolari bat trabatzen hasten denean, gainerakoei ere berdin gertatzen hastea. Bergaran gertatu zitzaigun behin horrelako bat; eszenatokian ginen guztiok oso trakets aritu ginen bertsotan, lotsagarri. Oso sentsazio txarra da hori.
Bestaldekoak ere izan dira ordea: Bereziki gogoan dut 1995eko udan, Sebastian Lizasorekin egindako bertso afari bat. Niretzat sekulako erronka zen saio hura eta hiru orduz aritu ginen kantuan. Orduan konturatu nintzen Lizaso zergatik den horren ona; izugarrizko lana egin zuen niri laguntzeko. Orduantxe konturatu nintzen bertsolaritza ez dela bertsoak egitea bakarrik. Bertsoaz gain, saioa ere egin behar duzu. Saioa irakurri egin behar da, gehienbat saio libreetan; noiz hasi, zeri buruz kantatu, nor aipatu eta nor ez, doinuak aukeratu, saioa noiz eten..., gauza asko hartu behar da kontuan.
Aipatu behar da, baita ere, bertsolariok babes handia jaso izan dugula aurrekoengandik. Saio baten balorazioa egiterakoan, beti hartzen da kontuan bertsokideek eman dizuten tratu hori. Gogoan dut, esaterako, hamabost bat urte nituela Bermeoko bertso afari batera gonbidatu nindutela entzule gisa joateko. Egaña eta Amuritza ziren kantuan. Bermeora joateko beste modurik ez, eta Egañari deitu nion. Nire bila etorri zen Andoainera, eta elkarrekin joan ginen autoz. Ez dut sekula ahaztuko Andoaindik Bermeora Egañarekin egindako solasaldi hura. Oso eroso sentiarazi ninduen. Bermeora iritsi, eta Amuritzak ere beste horrenbeste egin zuen. Afalostean, abesteko garaia iritsi zenean, bertsotan aritzeko gonbita luzatu zidaten, eta hiruok egin genuen saioa. Ez dakit zer moduz egin nuen bertsotan, baina oso oroitzapen berezia daukat bertsolaritzako kide sentiarazi nindutelako.

Andoainera itzuliz, nola ikusten dituzu herrian bertsogintzaren oraina eta etorkizuna?
Azken urteotan, bertsoaren inguruko mugimendua berreskuratu egin da. Haurren bertso eskola martxan da eta helduen taldea ere ari da lanean. Erreferentzia hori izatea oso garrantzitsua da Andoain bezalako herri batentzat. Horrez gain, hezkuntza arautuko proiektua martxan da eta horri esker, ehundaka haurrek jasotzen dute bertsolaritzaren eta bertsogintzaren ezagutza oinarrizkoa. Etorkizuneko bertsozaleak izan daitezke ume horiek, eta baita bertsolari ere.
Horrez gain, bertso saio asko antolatzen da. Festa asko izaten da urtean zehar eta bertsoa beti egon izan da festari lotuta. Zaletu multzo ederra ere bada andoaindarren artean.
Bertsogintzari dagokionez, ez dirudi gure ondorengorik badatorrenik. Batzuk ibili izan dira, baina momentu honetan utzi xamarra dute. Ez dakigu etorkizunean besterik sortuko den, baina masa kritikoa gutxienez badago.

Laugarrenez aritu zara azken Txapelketa Nagusian kantuan. Euskal Herriko bertsolari onenen artean egoteak zer esan nahi du zuretzat?
Hamasei urte joan dira dagoeneko lehen finala jokatu nuenetik eta hogei plazetako ibilbideari ekin nionetik. Zer pentsatua ematen du horrek. Gainerantzean, txapelketak ez ditut karga berezi gisa sentitzen. Nire belaunaldiko jendea hasia da txapelketa giro hori utzi nahian baina nik ez daukat horrelako neke sentsaziorik. Agian izan daiteke ez dudalako erantzukizun maila berezirik izan; beste zenbait bertsolariri saioen eta txapelketaren euskarri papera egitea eskatu zaio eta nik ez dut horrelakorik sentitu izan.
Gainera, plaza kopuru aldetik ere, ez dut karga berezirik izan. Ehun plazako kopurua jartzen dugu plaza asko egin izanaren muga gisa. Urte bakarrean iritsi naiz ehun plaza egitera. Tartean ibiltzeak, arnasa ematen dizu; bai erantzunkizun aldetik, baita presentzia fisiko aldetik ere. Nik ez dut sekula saio faltarik sentitu, baina ezta presiorik ere, tamaina egokia izan da niretzat.

Nola gogoratzen duzu iazko Txapelketa Nagusiko finala?
Motxila handi xamarrarekin joan nintzen finalera. Finalerdietan asko sufritu nuen. Lehendabizikoan ez nuen saiorik borobildu; arrapaladan aritu nintzen bertsotan. Bigarrengoan asko sufritu nuen. Txapelketako finalaurre hura Maulen zen lehendabizikoz, horrelako plaza bat..., eta bertsotan ezin egin. Sailkapenagatik baino gehiago, bertsotan egiteko ezintasun horrek eragin zidan mina.
Finala iritsita, banekien finalderdi kaskar haien ondoren jendeak ez zuela niregandik ezer handirik espero, eta bestela ere, ez naiz ni txapela irabazteko faboritoen artean sartzen. Hala eta guztiz ere, zure buruari eransten diozun presioa daukazu eta baita presio kolektiboa ere; zortzi pertsona igotzen gara eszenatokira eta 13.000 lagun dago aurrean, entzuteko zain. Horri erantzuna eman behar zaio, zortzion artean zerbait txukuna eskaini behar zaio jende horri guztiari.
Bestaldera, inoiz baino konszienteago ere izan nintzela iruditzen zait. Momentuoro jabetu nintzen BEC-en gertatzen ari zenaz. Eszenatokira igo eta saioak aurrera egin ahala, barne borroka txiki batzuk izan nituen. Lehen bi ariketak amaituta, nahiko txukun aritu nintzela iruditu zitzaidan, baina publikoaren erantzuna ez zen erabat beroa, eta ez nekien hori nola baloratu. Ametsekin abestu nuen momentutik aurrera, jendearekin bat egitea lortu nuela uste dut; nigandik ezer espero ez zutenek beste begi batzuekin ikusi ninduten hortik aurrera. Arratsaldeko saioan, batez ere Igor Elortzarekin puntuka egindako saioaren ondoren, jendea lehertu egin zen nirekin. Hor jaso nuen, ordurarte Txapelketan jaso ez nuen eskertza eta entzuleekiko loturaren adierazpena. Alde horretatik, finala oso behetik gorakoa izan zen niretzat; sentsazio aldetik geroz eta intentsoagoa. Geroz eta erosoago aritu nintzen bertsotan eta ziurrenik, jokatu dudan finalik politena izan da. Arratsaldean, goizean jo gabeko txaloak jasotzen ari nintzen sentsazioa izan nuen. Erreakzio hori lortzeak sekulako satisfakzioa ematen du.

Jendearen berotasuna aipatu duzu. Zaila al da ikusleekiko lotura hori lortzea?
Saio bakarrean, ez hainbeste. Bertsotan ondo ari bazara, jendearekin konektatzea ez da zaila. Konplikatuagoa da txapelketa batean hori lortzea. Iazko finala, esaterako, oso polarizatua zegoen; Maialen edo Amets jotzen zituzten ia denek faborito. Beste seiron erronka zen jendea geureganatzea eta hori ez zegoen bertsoen baitan bakarra, beste zenbait faktore ere sartzen zen; jendeak besteengandik espero zuena, aurrez egindako kinielak, etab. Txapelketaren batean gertatu izan zait jendearengana iritsi ezin hori.

Txapelketa Nagusiko finalistetakoa izateak herriz herriko plazak ziurtatzen al ditu?
Finalak kreditu modukoa ematen dizu; lehen hiru hilabetetan saio batzuk izango dituzu eta hor ondo moldatzen bazara, biderkatzen joango zaizkizu saioak. Plazan ez baduzu zure maila ematen, ordea, plazak gutxitzen joaten dira. Egia da eskaparate handia dela finala, eta hor agertze hutsak espazioa ematen dizula prentsan eta jendearen ahotan. Prentsako presentzia ordea, txapelketarekin batera amaitzen da. Plazara agertzen zaren une puntual horietan ez baduzu zurea ematen, jendea zurekin ahazten joaten da, bereziki jendeak badituelako beste erreferentzia batzuk. Txapelketan zeureganatu duzun arreta hori mantentzea da erronka.

Ez al da gogorra beti erronka horretan ibili beharra?
Ez, horixe da politena; bilaketa hori. Norbera aldatzen doan bezala, bertsokera ere aldatzen doan zerbait da. Hobetzen joan nahi izaten duzu beti eta bilaketa zergatik egiten duzun da gakoa: jendeari gustatzeko, txapelketa datorrelako, edo zerorrek nahi duzulako. Neurri batean badakizu txapelketako lana nola egin txukun xamar. Jendearengana iristea, ordea, zailagoa da. Zenbait bertsolari, bertsotan izugarri eginda ere, ez da jendearengana iristen eta beste zenbait berriz, txapelketan hain urruti iritsi gabe ere, jendearen gustuko dira.
Norberaren neurgailua da, nolanahi ere, hiruretan zailena: noraino iritsi nahi duzun jakin behar duzu lehendabizi, horraino iristeko zer egin behar duzun ere zehaztu behar duzu eta azkenik, iritsi zaren edo ez neurtzen jakin behar duzu. Norberak bertsoa bizitzeko duen modu intimoa da hori, eta niretzat, horixe da benetan garrantzitsuena. Saio kopurua, Txapelketan lortutako postua..., horren guztiaren oinarrian bertsoa bera dago. Ni mugitzen nauena bertsoa da, horrekin gozatzen dut. Bertsorik gabe ez dut beste guztia nahi. Beste guztia lortu ez, baino bertsoa badut, oinarrizkoena badaukat.

Zure bertsokera definitu beharko bazenu...
Klasiko gisa definitu izan dute baina ez dut oso garbi zer den klasikoa izatea. Egia da saio klasikoetan ondo moldatu izan naizela; egun osoko saioak, gai libreak, eremu txikiko afariak, sagardotegietakoak..., horrelakoak oso gustuko ditut.
Egiten dudan bertsoa klasikoa den hala ez, ordea, ez dakit oso garbi. Askotan tokatzen da, adibidez, zure bertsokeraz oso bestelakoa duen bertsolariekin aritzea. Horrelakoetan zer gertatzen da, bestea klasikoagotu egiten da edo zerorri modernotu? Sorkuntzaz ari garenean, oso zaila egiten zait estiloak definitzea, batez ere hitzari lotutako sorkuntzari dagokionez. Bertsotan nire gustura egiten saiatzen naiz; momentuko sentsazioen arabera.  

Plazan edo bertso idatzietan, zertan aritzen zara gustorago?
Gehigo gustatzen zait bat bateko bertsoaren soka gainean ibiltzea, baina idatzi ere egiten ditut. Nire kasara baino gehiago, enkarguei erantzuteko idazten ditut bertsoak. Ariketa ona da hori; denbora hartzea eskatzen dizu paperak eta bertso bat idazterako, gauza asko pasatzen dituzu buruan. Filtro pertsonalak lantzeko egokiak dira lan horiek.

Bertso eskoletako irakasle ere aritzen zara...
Andoainen, Hernanin, Egian... toki ezberdinetan aritu izan naiz. Gaur egun Donostiako Alde Zaharrean dut taldea. Oso lan gustagarria da, nahiz eta amorraziorako momenturik ere izaten dudan. Oso barnetik bizi dut nik bertsoa eta ikasle batzuk, normala den bezala, jolasera eta ondo pasatzera etortzen dira bertso eskolara. Momentuko haserre horiek kenduta, oso gustura nabil.
Gainerantzean, eskolaz eskola ere ibiltzen naiz. Donostiako 21 ikastetxetako mila ikasle ditut. Denetariko bizipenak izaten ditut hor, baina ondo pasatzen dut.

Bertsolari eta bertso irakasle, ordu asko eskaintzen diozu bertsoari. Bertsoak zerbait kendu dizula sentitzen al duzu?
Ez, ez dit ezer kendu. Nik bertsoari asko eman diot, hori bai. Maila batetik gora zabiltzanean, ordu asko eskatzen duen jarduna da bertsoa. Nik asko eman diot bertsoari, baina baita berak niri ere; lagunartea, ezagupidea, mundua ulertzeko modu bat, hizkuntzarekiko jarrera bat, hizkuntzaz gozatzeko eta jolasteko aukera..., eta baita lana ere.
Joxe Agirre zenak esaten zuen bertsoa gauza sorgina dela. Bertsoak harrapatu egiten zaitu eta mundu bat eraikitzen du zure inguruan, non agian ez zaren zu ardatza; bertsoa da mundu horren ardatza. Zure unibertso garrantzitsuena bertsoa denean, erabat asebetetzen zaitu. Dedikazio handia eskatzen dizu, baina trukean ematen dizuna askoz ere gehiago da.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!