Jokin Sorozabal, bertsokera zaharreko bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 3a, 14:30

Hamazazpi bat urte zituenean hasi zen Jokin Sorozabal andoaindarra bertso munduan murgiltzen. Makina bat plaza eginda, bere bidea bete duela sentitzen du. Aitor Mendiluze herrikidearekin batera, esker-oneko ekitaldia jasoko du apirilaren 5ean.

Andoaingo eragile ezberdinen artean, esker-oneko ‘Sorozabaletik Mendiluzera’ ekimena antolatu dute. Nola jaso zenuen gonbidapena?
Ion Beloki andoaindarrak deituta jakin genuen ekimen horren berri. Gustura hartu genuen deia, baina lotsa pixka bat ere ematen du; guk omenaldia merezi badugu, zer merezi dute Egañak edota Lizasok...?
Gure lana goraipatzeko baino, Andoaingo bertsolaritzaren inguruko ekimena izango da eta horren barnean egingo dute gure lanaren aipamena. Andoainek bertsolari bat baino gehiago eman du historian zehar. Basarriren garaian aritu zen Etxeberria, esaterako. Garai hartan, Aitzolek antolatutako txapelketako aurrekanporaketan, zortzi bertsolari andoaindar aritu zen kantuan. Horien aurretik, 1880 urte inguruan, Pedro Santa Krutz ere aritu zen. Kontu horiek berrituko ditugu apirilaren 3ko mahai-inguruan. Hamarkada batzuetako hutsunea ere izan zen, gure garaia iritsi arte.
Gaur egungora etorrita, bertso eskola indarrean dago herrian. Ekimen ezberdinak antolatzen ari dira gainera.

Bertsolaritzan urte askotako ibilbidea osatu duzu. Esker-oneko ekimen baten premiarik sentitzen al zenuen?

Gure ekarpena egina dago, baino ez dut sentitzen inor nirekin zorretan dagoenik, ezta gutxiagorik ere. Imanol Lazkanok esan izan du bertsolari izatea zorte handia dela. Plazaz plaza zabiltzanean, mimoak jasotzen dituzu euskalgintza eta herrigintzan ari den jendearen partetik. Borondatez lanean ari den jende horrek emandako tratu duin hori eskertzekoa izaten da.

Hamazazpi urterekin eman zenituen lehen pausoak bertsolaritzaren munduan. Kontaiguzu...
Kasualitatezko zerbait izan zen. Ordura arte ez nuen lotura berezirik bertsoarekin. Andoaingo jaietan ikusten nituen eta bertsoa zerbait naturala zen nire bizitzan, baina ez nuen bertsogintzan hasteko asmorik. Garai hartan, ordea, bertso eskolen sorrera puri-purian zegoen. Herri askotan  taldeak sortzen hasi ziren eta gainera, Ikastolen Elkarteak Mikel Mendizabal zeukan jendea bide horretan zirikatzeko. Andoaingo La Sallen lanbide heziketa ikasten ari nintzen eta taldea sortzeko asmoa martxan jarri zuten bertan. Zenbait ikasle euskalduni luzatu ziguten parte hartzeko deia. Bertsolaritza baserri munduarekin lotu izan da luzaroan eta gu hortik gentozen. Bost bat lagun hasi ginen biltzen. Iñaki Otaño andoaindarra izan genuen irakasle. Primerako lagunartea egokitu zitzaigun eta pixkanaka bertsotan trebatzen hasi ginen.
Oso adin berezia da hamazazpi urteko buelta hori, magikoa. Ekintza berria, lagunarte berria..., mundu berria zabaldu zitzaigun begien aurrean. Pertsonalki, gozatu egin nuen eta, aldi berean, bertsotan ikasten ari nintzela konturatu nintzen. Lehen urtebetean izugarri aurreratu nuen. 1984ko Inauterietako ostiralez bildu ginen lehendabiziko aldiz eta hurrengo urteko martxorako, Zaldibiko bertso txapelketan nintzen. Oso hasiera azkarra izan nuen, meteorikoa.

Nola hartu zuten etxean zure zaletasun berria?
Ondo. Garai batean etxetik kanpora ibiltzen ziren bertsolariak denbora luzez, batetik bestera, parranda giroan. Gure garaian dagoeneko ez zen horrela eta etxean ondo iruditu zitzaien bertsolari izatea. Aita bertsozalea izan da beti eta ama jarraitzaile sutsua izan dut. Oso adi entzun izan ditu beti nire bertsoak.  

Gogoan al duzu lehendabiziko plaza?
Bai, 1985eko martxoaren 10a zen, Zaldibiako txapelketan. Joxe Manuel Oiartzabal eta biok eman genuen izena eta etxean ezer esan gabe joatea pentsatu genuen. Ordura arte koadrilan, bertso eskolan bakarrik arituak ginen kantuan eta segurtasun falta handia genuen. Lehen txapelketa haren inguruko pasadizoa ere badut. Garai hartan soldaduska egiten zen oraindik ere, eta juxtu-juxtu txapelketako egun berean nuen azterketa fisikoa eta neurketak egiteko hitzordua. Gauza horiek zorrotz bete beharrekoak ziren.  Udaletxera joan behar nuen tramite hori pasatzera eta bertako langile bati kontatu nion gertatzen zitzaidana. Langile hark berak egin zizkidan beharreko neurketak eta hari esker joan ahal izan nuen Zaldibiako txapelketara.

Zure bertso ibilian, plaza mordoa egindakoa zara. Aipatuko al zeniguke bereziki gustuko duzunen bat?
Hogeita zortzi urte pasa ditut plazaz plaza eta zenbait urtetan 120 plaza ere egin izan dut. Plaza horien artean, oroitzapen bereziak ekartzen dizkit, esaterako, Zaldibiako elizaren kontrako frotoi txikiak. Hura izan zen nire lehen plaza. Gainerantzean, erdi bromatan esan ohi dut Maria Kristina hotela eta Arantzazuko basilika izan direla nik abestutako plazarik ‘glamourosoenak’.

Andoainen bertan ere egokituko zitzaizun bertsoak kantatzea...
Auzoetako jai guztietan antolatzen zen saioren bat eta hantxe ibiltzen nintzen. Sorabillan, esaterako, oso oroitzapen politak ditut. Elizaren kontrako pilotaleku txikian aritzen ginen. Lasarte, Amuriza, Lopategi, Lazkao Txiki eta maila horretako bertsolariekin kantatzea egokitu zitzaidan han, gazte-gaztea nintzela. Errespetua ematen zuen horiekin kantuan egiteak. Sorabillan lehendabizikoz kantatzea egokitu zitzaidanean, hala ere, plaza gutxi samar izango nituen eginak ziurrenik, baina bertsotan lotsarik gabe aritzen nintzen garai hartan. Nire iritziz, bertsolariaren bidea errazagoa da hasieran. Urteak aurrera, entzuleen exijentzi maila haziz joaten da.

Nola definituko zenuke zure bertsokera?
Pello Esnalek behin esan zidan, ni nintzela bertsolari berrietan zaharrena. Bertsogintzak aldaketa handiak izan ditu azken berrogei urtean eta aldaketa horien guztien erdi parean ibiltzea tokatu zitzaidala iruditzen zait. Orain bertsolariak asko prestatzen dira, ia-ia profesionalki. Dena analizatzen dute; errima guztiak, hizkuntza... Gure bertsoek akats gehiago izaten zuten. Zortzi puntuko bertsoak sortzea, edota gaur egun bakarkako saioetan jartzen dituzten gaiei erantzutea oso zaila egingo litzaidakeela uste dut.
Gai libreko saioetan ibili izan naiz erosoen; puntuak erantzuten, erritmo azkarrean, bertso errazean..., hortxe moldatu naiz ondo. Teknikoki, ez nituen bertso perfektuak sortzen. Beste definizio bat ere egin izan dute, ezkerreko eta eskuineko bertsoak alderatuz. Ezkerreko bertsoa ez da perfektua, ez da teknikoki guztiz zuzena, baina indarra du. Eskubikoa berriz sakona da, baliabide poetikoak dituena, sendoagoa. Nire bertsokera ezkerrekoagoa izan da. Ikasi ere hala egin nuelako akaso. Egun osoko bertso saioak eskaintzen genituen, festa giroan eta gai librean. Horrelaxe zaildu ginen ofizioan.
Bestalde, bertsolariak berak bakarrik, plazan jarri eta jendea bereganatzeko duen gaitasun hori, magia hori, izugarri gustatzen zait. Gaur egun antolatzen diren bertso-trama, bertso-antzerki, bertso-poteo..., ez ditut ondo ulertzen, ez dut horiekin bat egiten.

Bertso jarrietan ere aritua zara...
Oso gutxi idatzi izan dut. Paperaren aurrean aritzea baino gehiago gustatzen zait jendaurrean kantatzea. Plazak sortzen duen emozioa, zirrara, beldurra... Hortxe gozatu izan dut gehien.

Bertso irakasle aritu zinen zenbait urtez. Nola sortu zitzaizun aukera hura?
1988an, Tolosan hasi nintzen irakasle lanetan. Kike Amonarriz euskara teknikari zen garai horretan, eta bere ekimena izan zen Tolosan bertso eskola sortzea. Hogei bat lagun inguratu zen taldera. Bertsozaletasuna loraldian zegoen orduan eta, gainera, Amurizaren teoria konfirmatzen ari zen; bertso eskoletatik pasatako jendea plazetan ibiltzen hasiak ginen. Sei bat urtez aritu nintzen irakasle lanetan.

Plazetako ibilia utzia duzu...
Nire garaia pasa dela sentitzen dut eta oso lasai nago egindakoarekin. Atzetik datozen gazteek euren publikoa eta estiloa ekarri dute.
Buru-belarri aritu nintzen bertso munduan. Saioa nuen egunetan, dena utzi, eta plazara joaten nintzen. Bertsozale elkarteko zuzendaritza taldean ere aritu nintzen. Nire ekarpena egin nuen eta orain beste batzuen garaia dela sentitzen dut.
Saiatua izan naiz eta oso serio hartu izan dut bertsolaritza. Orain, bizimodua aldatu egin zait. Lana, umeak, herri txikietan sortzen diren betebeharrak..., ostiral iluntzean etxera iritsi eta lasai egoteko premia izaten dut. Horrez gain, bertsolaritzaren etorkizuna osasuntsu ikusten dut eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Momentuz ez dut plazetara itzultzeko asmorik, baina ez dut erabat baztertzen.

Plazetako mugimendua utzita, mantentzen al duzu harremanik bertso munduarekin?

Bertsoarekin dudan loturarik handiena bide honetan egindako adiskideak dira. Elkarrekin sufritzea, zailtasunak gainditzea edota desafioei aurre egitea egokitu zaizunean, adiskidetasun sendoak sortzen dira.

Orexan bizi zara azken urteotan. Nolako harremana duzu jaioterriarekin?
Andoainen egiten dut lan eta gurasoak ere bertan bizi ditut. Lanetik atera eta ia egunero joaten naiz gurasoenera, bisitatxo bat egitera. Gainerantzean, koadrilako lagunekin ere badut harremana, baina ez gara oso maiz elkartzen. Bertso eskolako kideen lanari jarraipena egiten ere saiatzen naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!