Zigor Lanpre, bere tokia aurkitu duen DJa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 3a, 13:20

Egun Amasa-Villabonan bizi den Zigor Lanpre, Esne Beltza taldeko DJa da. Zaletasuna langintza nola bihurtu duen nahiz urte hauetan guztietan egindako bidearen berri azaldu du ondorengo elkarrizketan. Azken lanaren inguruan ere aritu da: Esne Beltzaren Gora diskoaz:

Ogibide bitxia duzu edo ezohikoa behintzat bai: DJarena…

Musika asko entzuten nuen eta, bat-batean, hip hop-a ezagutu nuen; hip hop frantsesa, batez ere. Hip hoparen barruan, DJaren figurak erakarri ninduen, musika guztia jarri eta soinu ezberdinak egiten zituenak. Zeharo harrapatu ninduen skratxak eta nire lehen soldatarekin platoak eta mahaia erosi nituen. Gero etxean, autodidakta gisa hasi nintzen skratxak egiten. Hasierako garaietan zinta edo CD bidez jartzen nuen musika platoan eta beste aldean soinuak egiten nituen. Sukaldaritza ikasi nuen eta sukaldari aritzen nintzen orduan. DJarena, lanarekin tartekatzen nuen zaletasuna zen hasieran.

 

Selektah Kolektiboko kide izan zinen, 90eko hamarkadan euskaraz egindako hip hop musikaren erreferente izan zen taldekoa, hain zuzen. Zein oroitzapen gordetzen duzu garai hartaz?

Tribu urbanoak txikiak izaten dira eta gure artean dagoeneko ezagutzen baginen ere, hip hopa euskaraz egin nahi genuen lagun taldea 90eko hamarkada amaieran elkartu ginen. Hasiera batean, musika beltzaren inguruan eta gure nortasunarekin osatutako kolektiboa izatea nahi genuen, baina azken batean, taldea izan zen. Gure helburua inguruan beste musika estilo batzuk zabaltzea zen, oro har, oso rockeroa izan baita Euskal Herria. Nire anaia Molte, Daddy Jeff, Wanca, Aritz Sound System eta bostok elkartu ginen. Bi diska kaleratu genituen eta bidean geratu zen hirugarrena.

Hasieran kosta egin zen gure musika onartzea. Batzuei gustatu bazitzaien ere, beste batzuei arrotza egin baitzitzaien gure proposamena. Garai hartan hip hopa musika yankitzat hartzen zen. Baina denborarekin, jendea letrekin identifikatu egin zen. Selektah-k ez zuen izugarrizko arrakastarik lortu, baina errespetua izan zuen aitzindari bezala. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut garai hartaz, baina aurrera egin behar da. Gaur egun iritsi naizen puntura, hein handi batean, bide hari esker izan zela uste dut eta pozik nago egindako ibilbidearekin.

 

DJ Zigor edo DZ sinatzen duzu musikari gisa…

DZ, DJ Zigor-en laburdura besterik ez da, hip hoparekin sinatzen nuen izen bera. Ez zait izen arrarorik aukeratzea gustatzen. Praktikora jo nuen.

 

Fermin Muguruzaren DJa izan zinen gero, urte luzetan. Nola sortu zitzaizun aukera hura?

Selektah Kolektiboarekin bukatu baino lehen, 2003 urtean, Ferminek Inkomunikazioa tourra egitea proposatu zidan. Niretzat aldaketa handia izan zen, ordura arte aurrean hiru rapero nituela aritzen bainintzen musika jartzen. Beste musikari baten pare, talde baten baitako kide izateko aukera eman zidan Ferminek: nire skratxak eta sanplerrak sartuz, banda batean jo eta esperientzia hori bizitzekoa.

 

Bira ugaritan hartu duzu Fermin eta bere taldearekin parte. Nondik nora ibili zara?

Hiru bira egin ditugu guztira, iaz azkenekoa: Inkomunikazioa 2004an, Euskal Herria Jamaika Clash 2007an eta No more tour iaz. Niretzat lehen bira izan zen bereziena, esperientzia berria izan zelako bai musikari begira, baita giza-harremanei begira ere. Urtetan lan asko egin dudan jendea ezagutu nuen bertan eta bandaren baitan funtzionatzen ikasi nuen.

Kontzertuak eskaini genituen kokalekuei dagokionez, azken bira izan zen osatuena. Bira guztietan Hego nahiz Ipar Amerikan, Europan zehar nahiz Asian geldialdiak egiten saiatu da Fermin. Nire kasuan, esaterako, azken biran jo nuen lehenengoz New Yorken. Gainerakoan, Argentina, Txile, Uruguay, Kolonbia, Mexiko, Los Anjeles, New York edo Monrealen aritu ginen Amerikan; Paris, London, Berlin edota Bolonian Europan; Pekin edota Tokion Asian eta Sidney-n Ozeanian, leku garrantzitsuenak aipatzearren. Munduko txoko asko ezagutzeko aukera eman didate birek. Gainera, tokiak beste era batera ezagutzeko aukera eman digu musikak, bertako jendearekin harremanetan egon baikara beti. Ez da bidaiatzeko era hobea edo okerragoa, desberdina da.

 

Antzeko biratan, jende askoren aurrean musika jartzen ohituta zaude. Ez da langintza erraza izango, baina bai esker onekoa, edo?

Oso sentsazio onak izaten dira kontzertu jendetsuetan. Bai Ferminekin edo baita Esne Beltza taldeko kideekin ere oso harreman ona izan dugu beti eta gehienetan, Euskal Herritik kanpo kontzertuak eskaintzen ditugunean ere, kanpoko lurra izanagatik, Euskal Herriarekin harremana izaten dute antolatzaileek. Bestalde, kanpoan beti izaten da disapora eta haientzat oso pozgarria da euskal taldeak bertan ikustea, Euskal Herriko  zati txiki bat haientzat bertara eramatearen parekoa baita eurentzat. Haien harrera bero hori ikustea oso motibagarria da guretzat.

 

Kontzertuak eta DJ emanaldiak eskaintzeaz gain, DJ tailerrak edo saio tuturialak ere eskaintzen dituzu tarteka…

Orain DJ lanetan bakarrik aritzen naizen arren, ezingo nuke kontzertuetatik soilik bizi. DJaren lanarekin lotuta, beraz, denetarik egiten dut: kontzertuez gain, eskola partikularrak, kultur etxeetan ikastaroak, eguneko erakustaldiak edota musika sesioak ere eskaintzen ditut. Hainbat taldetako kide izateak izena eta prestigioa eman arren, momentu honetan ezin da horretaz bakarrik bizi. Niri gainera, nire musika tresna erakustea gustatu egiten zait; egun, gehiengoak DJaren figura ezagutzen badu ere, ez daki zer dagoen bere atzean. Jendeak gure mahaian zenbat lan egiten dugun ezagutzen duenean, gehiago baloratzen du egiten duguna. Era berean, musika zerbaitengandik egiten da eta, jarri ere, zerbaitengatik jartzen da era batera edo bestera. Musikan ere denak du zentzua eta hori guztia erakustea gustatu egiten zait.

Orain DJaren irudia gero eta zabalduago dagoen arren, ez da sekula musikari bezala ikusi edo, gutxienez, asko kosta da hori lortzea. Jende askorentzat DJak ez du musikarik sortzen eta errespetatzen dut iritzi hori, baina ez dut bat egiten. Izan ere, nik besteek sortutako soinuetatik sortzen baitut musika eta, azken batean, nire egiten baitut. Batzuek noten konbinazioak eginez sortzen dute musika; bada nik musikatik sortzen dut nire musika.

 

Bide ezberdinetatik abiatuta sortzen duzue musika DJok. Aipatuko al duzu horietakoren bat?

Skratxak eta sanplerrak egietaz gain, musika nahasten dugu. Egun teknologiak oso aurrera doaz eta asko laguntzen du horrek. Teknikoki ere, musikaren informazioa gero eta zabalagoa da musika jartzerakoan: besteak beste, musika zein tonotan nahiz tenpotan eginda dagoen jakin dezakegu. Musika jartzerakoan ere, gero eta gehiago hartzen da kontuan tonalitatea. Musikaren inguruan jakitea ere gero eta garrantzitsuagoa da; ez da gauza bera kantu bat bukatzean bestea jartzea edo aldaketa egiterakoan, bi kantuek zentzu musikala izatea. DJaren atzean, landutako lana dago.

DJa izateko melomanoa izan beharra dago eta musika gustatzeaz gain, ezinbestekoa da jakin-mina izatea. Era berean, beste musikari baten ondoan egotea oso garantzitsua dela erakutsi dit nire esperientziak, gauza berri asko ikasten baita. Musikari eta DJaren arteko harremana oso garrantzitsua izan daiteke, hainbat musikarik agian ez baitu musikaren kulturarik.

Musika eskoletan bertan musikaren kultura indartuko nuke nik. Musika tresnak jotzen erakusten diren arren, musika ezagutza gutxi irakasten den susmoa baitut.

 

Egun Esne Beltza taldeko kide zara. Bost urte taldea sortu zela eta bosgarren diskoa kaleratu berri duzue: Gora. Fermin Muguruzaren azken biran jarri zenuten martxan lan berria. Kontaiguzu…

Esne Beltzako kideok urtebeteko etena egin behar genuela argi ikusi genuen, Euskal Herriko zirkuitua nahiko txikia baita eta entzuleek nahiz guk haize pixka bat hartzea beharrezko baikenuen dagoeneko. Tarte horretan diska berria grabatzea erabakita genuen, baina Ferminek hainbat taldekideri bira proposatu zigunez, diskoa biran bertan osatzea egokitu zitzagiun. Teknologia berriei esker, Internet bidez mantendu genuen taldekide guztiok harremana eta dropbox bidez aritu ginen elkarlanean. Ferminen No more tour bira abuztuaren 31n amaitu eta irailaren 15ean hasi ginen Esne Beltzaren diska grabatzen, segida-segidan.

 

5 Gora zigilua ere sortu duzue. Zuen eskuetatik igaro da diskoaren produkzio osoa oraingoan. Zer nolako lana izan da?

Orain arte ere guk prestatzen geneun diskoa ia osorik; fabrikazioa eta edizioa bakarrik uzten genuen kanporako. Heldutasuna bagenuela ikusita, ordea, oraingo honetan autoprodukzioaren bidea probatzea erabaki genuen; gure diskoak guk baino hobeto beste inork zainduko ez dituela pentsatuta. Diskoak lan gehiago eskatu badigu ere, oso pozik gaude emaitzarekin.

Hernanin, Esne Beltzaren Ereñozuko entsegu lokalean grabatu genuen diskaren erdia. Bertan grabatu genituen musika-tresna ia gehienak. Beste erdia, berriz, Iparraldean.

 

Azken CDak zure bi kantu ere biltzen ditu…

Esne Beltzako kantu gehienak Solanok egiten ditu, kasu honetan bi kantu egin nituen nik eta Jontron tronboi joleak beste bat. Hala ere, guk ideiak eman arren, Solanok ematen die forma guztia kantuei, berak egiten ditu kantuen moldaketa guztiak. Esne Beltzaren produktore musikala ere badela esaten dut nik.

 

Oraingoan ere kolaborazio mordoa bildu duzue diskoan. Ohikoa da zuengann aukera hori egitea…

Kantu bat egiten dugunean, kantu horri kolore berezia emango dion norbaitek kanta ote dezakeen ere pentsatze dugu. Elkarlana bultzatzeaz agin, guk egin ezin dezakegun hori beste norbaitek egin ote dezakeen, alegia. Guretzat ezinbestekoak dira kolaborazioak eta garrantzia handia ematen diegu diskoan. Zuzeneko emanaldiak ezberdinak dira, batzuetan neronek jartzen ditut haien doinuak; beste batzuetan, berriki Donostian bezala, bertan izaten dira kantuan: Fermin Muguruza, La Mala Rodriguez, La Canija, Little Pepe edota Flavio aritu ziren Donostian. Bertan izan ziren berriki taldea utzi duten Patxuko eta Lonbi kideak ere. Saio berezia izan zen guretzat Donostiakoa.

 

Bidaia batekin alderatu duzue disko berria…

Disko guztiak dira bidaia guretzat. Esne Beltzak badu hasieratik berezitasun bat: ez dela estilo zehatz batera mugatzen. Oso abiapuntu ezberdineko -hip hopa, erromeria, rocka, ska…- bederatzi musikari gara taldean. Ez dugu beti musika estilo bera egiten eta hori zorte handia da guretzat. Musika mota ezberdinak eta kolaborazioak tartekatzen ditugulako bidaiak dira diskoak guretzat. Musika estilo ezberdinak jotzeak badu beste alde on bat: ez dugula entzule jakinik, tribu urbanorik; oso publiko zabala dugu.

 

Agenda bete-betearekin zabiltzate. Zer moduz abiatu duzue zuzenekoen bidea?

Madrilen, Segovian, Gernikan, Mungian, Gasteizen edota Donostian aritu gara dagoeneko. Apirilaren 3an eta 4an Zaragozan eta Iruñean izango gara La Pegatina taldearekin batera eta apirilaren 11n eta 12an, Bilboko Kafe Antzokian eta Aiherran. Orain arte eskainitako kontzertuetan oso gustura aritu gara. Urtebete geldirik egon eta gero, gogotsu abiatu gara berriz ere.

 

Esne Beltzarekin harrera beroa duzue Euskal Herrian eta bertan eskaintzen dituzue emanalldirik gehienak. Baina zer moduzko harrera duzue kanpoko lurretan?

Kanpora ateratakoan oso harrera beroa jasotzen dugu. Jendeak banda berezi edo ezberdin bezala ikusten gaituela nabaritzen dugu, trikitixarengatik bereziki. Oso harrera ona izaten dugu kanpoan, oso-oso ona. Gure arazoa, ordea, talde handia izatea da; musikariez gain, teknikoak eta tour managerra gehituta, 14 kide baikara. Askotan, nahi duguna baino gutxiago mugitzen gara gabezia horregatik.

Euskal Herrian jada ezagutzen gaituzte, baino kanpoan, lehenengo inpresioa jasotzen dute askok kontzertuetan. Guretzat sorpresa polita izaten da haien erantzuna ikustea.

Egia esan, ezin dugu kexatu; harrera ona baitugu etxean nahiz kanpoan. Hala ere, kontzertu jendetsuak bezala, jende gutxiagokoak ere egokitzen dira batzuetan. Jendeari gero eta gehiago kostatzen zaio mugitzea. Egoera denontzat da zaila, Euskal Herrian eskaintza kulturala handia izanagatik, geldirik baitago panorama.

 

 

 

Amasa-Villabonako bizilaguna

Jaiotzez tolosarra da eta tartean beste hainbat herritan bizitu bada ere, egun Amasa-Villabonako bizilaguna da, “ Tolosan jaio arren, Lasarten bizi izan naiz txiki-txikitatik hogei urte pasatxora arte. Gero Zizurkil, Asteasu, Villabona edota Alkizan bizitua, Tolosaldea bailaran gehienean. Oraintxe Villabonan bizi naiz, baina ez dut jaioterriarekiko sentimendurik. Ez naiz tolosarra sentitzen, ezta Lasarte, Zizurkil edo billabonatarra ere. Herritarrekin harreman estuak izanagatik, ez dut askok sentitzen duten herriarekiko sentimendurik. Beste herri batera bizitzera joatea suertatuko balitzait ere, ez nuke inolako arazorik izango”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!