Iraitz Lizarraga, aktore baino askoz gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 3a, 12:53

Iraitz Lizarraga zizurkildarra ez da, inondik ere, geldirik egoteko pertsona. Berehala konturatuko da horretaz irakurlea. Aktore lanetan aritzen da nagusiki, baino askoz ere alor gehiago landu du:

Oso gaztetan erakarri zintuen antzerkiak. Azalduko al diguzu zure abiapuntua?

Hasiera-hasieran, denak bezalaxe, eskolako antzerkiak egiten hasi nintzen. Gerora, Zizurkilgo antzerki tailerretan taldetxoa sortu eta bertan herriko jende dezente hasi ginen saltsan. Handik, Gasteizen Historiako karrera ikasten ari nintzela, TAEn (Taller de Artes Escenicas) hasi nintzen ikasten eta antzerkigintzarekin harreman zuzenagoa izaten. Behin ikasketak amaituta, Donostiako TAEn jarraitu nuen. Bertan egin nuen aktore formazioa, nahiz eta beste hainbat ikastaro ere egin nuen gerora. Urte batzuetan konpainia batekin lanean aritu eta gero, formazioa borobiltzeko Bartzelonara joatea erabaki nuen. Bi urtez egon nintzen eta arte eszenikoetan doktoradutza nahiz gorputz mimo formazioa egin nituen bertan. Aurrez Italian ere izan nintzen Erasmus bekari esker. Hasiera batean, hizkuntzaren arazoa nuenez, antzerki-dantza egitea erabaki nuen eta horrek beste bide batzuk zabaldu zizkidan. Betidanik gustatu zait gorputz espresioarekin lotutako antzerkia eta, dantza ere, betidanik egin dut.

 

Noiz konturatu zinen aktore izan nahi zenuela?

Umetatik gustatu izan zait antzerkia. Eskolan izugarri disfrutatzen nuen, bai sortzen eta baita paper ezberdinak antzezten ere. Gero, bizitzak berak eraman ninduen aktore lanetara: Historia ikasi arren, zaletasun gisa, sekula ez nion antzezteari utzi. Antzerki eskola bukatuta, kasting batera aurkeztu eta ustekabean hartu egin ninduten. Profesional gisa antzerkiaz ere bizi zitekeela konturatu nintzen orduan, eta, urteak joan urteak etorri, aktore lanetan jarraitu nuen.

 

Antzerkian, besteak beste, Pikor eta Txalo produkzioekin bide luzea egina zara. Kontaiguzu…

Txalorekin, bereziki, haurrei zuzendutako lanak egin ditut gehienbat. Parte hartu nuen lehen lana ‘Magia teilatuan’ izan zen. Geroztik beste lau obratan hartu dut parte Txalorekin. Pikorrekin, berriz, ‘Zapaldu marra’ eta ‘Joko haut’ lanetan aritu izan naiz, biak gazteei zuzenduta; drogei buruzkoa lehenengoa, biolentziarekin lotuta bigarrena. Izugarrizko arrakasta izan dute bi lanek. ‘Zapaldu marra’rekin, esaterako, 350 emanalditik gora egin ditut dagoeneko eta oraindik ere deitu egiten gaituzte. Orain hamar urte estreinatu zen eta nik 16 urteko neskatxaren papera egiten jarraitzen dut. Helduei begira, Trapu Zaharrak taldearekin ‘Jira eta bira’ kale antzerkian hartu nuen parte. Oso esperientzia  polita izan zen, lehen aldia baitzen, profesionalki eta helduei zuzenduta, kale antzerkia egiten nuena. Katalunian txotxongilo konpainia batekin ere egin nuen lan. Shakespearen ‘La tempestad’ lana egokitu genuen haurrentzat. Berezia izan zen; txotxongiloak erabiltzen ikasi behar izan nuen lehenengo.

Antzerki lanetan gabiltzanoi erronka berriak bilatzea gustatzen zaigu: Esaterako, ‘Joko haut’ lanerako, boxeo eskolak jaso genituen. Gsutura ibiltzen gara saltsa berrietan.

 

Adin ezberdineko ikusleei zuzendutako lanak egin dituzu. Zein izaten da ikuslerik kritikoena?

Publiko bakoitzarentzat moldatu behar izaten da lana. Erregistroak ere ezberdinak dira eta ezin dugu helduekin, umeei hitz egiten diegun hizkuntza berean aritu. Ikusle bezala, haurrak oso exigenteak eta kritikoak dira; aspertzen direnean ez baitute disimulatzen. Haurrak adi mantentzea lan zaila da guretzat.

 

Telebistan ere aritua zara… Alde handia al dago antzerkitik pantailara?

Telebistan, Trikitrata Trikitron pailazoen saioan aritu naiz gehienbat. Horrez gain, Martin telesailean harreragilearen papera egin nuen. Telebistan ez dut hainbesteko esperientziarik izan, baina antzerkiarekin alderatuta, oso formatu ezberdina da. Pailazoekin ez nuen hainbeste nabaritu, telebistako programa izanagatik, antzokietan eta publikoarekin grabatzen zenez, zuzeneko emanaldiaren gisakoa zelako. Martin telesailean, aldiz, ikusleentzat edo kamerarentzat lan egitea zein ezberdina den jabetu nintzen. Hasieran oso artifiziala egiten zitzaidan telebistako lana egitea. Gero ohitzen joaten gara eta trukuak ulertzen ere bai.

 

Zer diozu laburmetraiez?

Jon Anduezaren ‘Bilintx’ laburmetraian hartu nuen parte eta, orain gutxi, Mondragon unibertsitateko ikasleekin ‘Hitzetik heriora’ lanean aritu naiz. Oso esperientzia polita izan da. Edozein profesional baino profesionalago aritu baitira lanean. Maiatzean aurkeztuko da emaitza.

 

Alor ugari probatu arren, antzerkiak erakartzen al zaitu gehien?

Antzerkia landu dut gehien eta, dudarik gabe, antzerkia dut gogokoen. Publikoarekin sortzen den harremana eta berotasuna oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, obra bakoitza ezberdina da egunero, baita 350 aldiz aurkeztuta ere; izan ere, publiko ezberdina izaten baita beti eta asko aldatzen da saioa batetik bestera.

 

Orain Txalo antzerki taldearekin, haurrei zuzendutako lan berria prestatzen ari zarete. Ezer aurreratuko al zenuke?

‘Mollie Malonen ipuin sinestezina lanarekin buru-belarri ari gara lanean. Antzezlaneko neskatoak urtaro ezberdinekin egiten du topo eta urtaroak arriskuan nola dauden azaltzen da; udazkena eta udaberria agortzen ari direla, alegia. Aldaketa klimatikoarekin zerikusia dauka obrak, haurrak kontzientzia hartzeko baliagarria. Oso dibertigarria eta ikusgarria da gainera; batetik, eszenografiak joko handia ematen duelako eta baita aktoreon jantziak oso bizi eta politak direlako ere. Antzezlan dinamikoa da, bizi-bizia, mugimendu handikoa. Hasieran testu dezente bazeukan ere, pixkanaka testua kendu eta alderdi bisualari eman diogu garrantzia. Hori baita, gure iritziz, haurrak gehien eusten dituena.

 

Gain-gainean da aurkezpena… Antzoki batetik bestera ibiltzea egokituko zaizue aurrerantzean. Beteta al daukazue agenda?

Apirilaren 5ean aurkeztuko dugu lana Gernikan. Gero antzokiz antzoki ibiliko gara, batetik bestera. Besteak beste, Torrejonen ere eskaini behar dugu lana, beraz, gaztelaniaz ere arituko gara. Aurrera begira, eskualdera ere gerturatuko gara, seguru.

 

Adunan eman diozue forma antzelanari. Zer moduz joan dira entseguak?

Entseguekin Txaloren Hernaniko lokalean hasi baginen ere, Adunako Asvineneara etorri ginen gero. Egia esan, oso ondo egokituta dago Asvinenea eta gustura aritu gara bertan. Hutsetik hasita, bost-sei astetan osatu dugu antzezlan osoa. Aitor Fernandino, Alfonso Diez eta hirurok ari gara aktore lanetan. Zuzendari lanetan, berriz, Begoña Bilbao. Obraren jatorrizko bertsioa Valentziako konpainia batena da, baina gure erara moldatu dugu guk.

 

Egun bizi dugun egoera ilunean, nola sumatzen duzu antzerkia?

Gaizki. Baina antzerkia beti izan da gutxiengoaren kontua. Antzerki munduan gabiltzanak airean egoten ohituta gaude. Dudarik gabe, egoera txarra inoiz baino gehiago nabari da egun eta, ondorioz, beste errekurtso batzuk bilatzen saiatzen gara. Nire kasuan, azken bi urteotan antzerkigintzan lan gutxiago egiten ari naiz, baina ipuin kontalari aritzeko astia hartu dut. Nire ipuin kontaketa saioa osatu dut eta hortxe nabil, bide berriak zabaltzen. Umeei zuzenduta, liburutegi nahiz eskolatan eskaintzen ditut saiorik gehienak. Momentuz saio bakarra daukat: ‘Motxila bete ipuin’. Ipuin kontaketa izanagatik, antzerki aldetik bideratu dut eta saioa haurren adinaren arabera moldatzen ahalegintzen naiz. Oso gustura nabil, oso lan polita da. Umeen erantzuna momentuan  bertan ikusten da: parean dituzu, zurekin daude, ez duzu eszenatokiaren mugarik ere.

 

Egunean egunekoa eta gero gerokoa, ezta?

Egunean egunekoa, halaxe da. Niri bide honekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Orain antzezlanarekin abiatu berri gara, baina ikusi egin beharko da ondoren zer etortzen den… Nire  aldetik, ipuin kontaketekin jarraitzea ere gustatuko litzaidake eta dagoeneko buruan dudan beste saio bat sortzea. Bestalde, azken aldian buruan darabilt nire emanaldi pertsonala sortzearen ideia. Diziplina ezberdinak landu ditut dagoeneko eta nire espektakulua sotzeko gogoa dut, non antzerkia, dantza, trapezioa eta soka nahastuko nituzkeen. Duela urtebete Asvinenean 15 minutuko saioa eskaini nuen eta saio hura luzatzeko asmotan nabil. Orain artean nahiago izan dut besteentzako lan egin, baina orain nire lan pertsonala ateratzeko garaia iritsi dela uste dut.

 

Izan ere, trapezioa ere landu duzu!

Antzerkia asko lotzen dut espresioarekin, gorputz espresioarekin. Eta horren harira, zirkuarekin egin nuen topo. Zirkuarekin lehen harremana Donostian izan nuen, trapezio ikastaroa batean; izugarri erakarri ninduen eta uda horretan bertan Argentinara joan nintzen hiru hilabetez. Trapezioa nahiz oihala landu nituen han eta Bartzelonara etorritakoan, zirku eskolan jaso nituen eskolak. Nik antzerkiarekin lotzen dut bereziki trapezioa; orain arte egindako saioak oso pertsonalak eta komikoak izan dira, ez batere gimnastikoak.

 

Abildadea eta ausardia handia beharko dira trapezioaren gainean ibiltzeko!

Bai, dudarik gabe; baina baita entrenamendu dezente ere, teknika menperatu behar baita.

 

Geroztik, zein harreman izan duzu zirkuarekin?

Bartzelonan bertan Cachorros izeneko konpainia sortu genuen. Bartzelona inguruan ibili ginen gehien, baina Zizurkilgo festetan nahiz Asvinenean bertan ere eskaini genituen harrera beroa izan zuten emanaldiak. Une honetan leku ezberdinetan bizi gara taldekideok, beraz, bakoitzak bere aldetik prestatzen dugu saioa eta elkartutakoan, nahiko emanaldi inprobisatuak izaten dira. Hala ere, Cachorros konpainiarekin formula polita sortu dugula uste dut. Esperimentu moduan ikusten dut nik. Epe laburrean Menorcan arituko gara.

 

Historian lizentziatua ere bazara. Antzerkiaren ondoan, baztertuta al daukazu arlo hori?

Arkeologia ikasi eta karrera amaitutakoan, arkeologo gisa aritu nintzen lanean. Guztiarekin aurrera egin ezin nuenez, momentu batean, aukera egin beharrean aurkitu nuen nire burua eta, antzerkira jo nuen. Arkeologia gustatu egiten zait eta ez dut aukera hori guztiz baztertzen. Baina oraingoz behintzat, hartu nuen erabakiari jarraitzen diot.

Doktore tesia ere egin zenuen. Mimoa eta dantza hartu zenituen abiapuntu…

Mimoa eta dantza garaikidearen arteko konparaketa egin nuen doktore tesian. Azken batean, gorputz espresioaren inguruko ikerketa lana; antzerkian nahiz espresatzerakoan, oreka, pisua  edota, besteak beste, dinamika zein garrantzitsuak diren aztertzen duena. Oso lan tekniko eta espezifikoa da, baina aktoreei begira, bereziki, ekarpen garrantzitsua egin dezakeela uste dut, presentzia eszenikoa nola eraiki aztertzen baitu pixka bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!