Asteasurekin harreman estua izanagatik, Larraulen bizitu izan da beti Joxe Mari eta larrauldarra sentitzen da bera. “Larraulgo partean jaio nintzen eta larrauldarra izan naiz beti, 72 urte pasatxoan”. Larraulen bizi arren, Asteasutik igaro behar dute Joxe Mari eta bere familiak Larraulgo plazara joango badira, “marka gurea! Asteasu pasa behar dugu guk Larraulera joateko. Larraulerako kamioa Asteasutik daukagu, gainerakoan bide zaharra dugu: mendi bidea”. Orain 40 bat urte egin zuten beheko errekatik Abeletxe baserrirainoko bidea eta geroztik, kotxez erraz ibili dira batetik bestera. Aurrez, ordea, mendi bideetan barrena ibiltzen ziren; oinez edo astoz, urte luzetan. “Larraulgo plazara oinez joaten ginen etxetik abiatuta, mendiz, ordubete ondo pasatxoko bidea eginez. Inguruko norbait hiltzen zenean, makina bidean, hilkutxa bizkarrean hartuta, lau lagunen artean eramaten genuen elizaraino entierroa egiteko. Tarteka, deskantsatzeko mahaiak jartzen zituzten baserri atarietan”, egun imajinatu ere egin ezin daitekeen pasarte bitxia azaldu du Joxe Marik. Kamioa egin aurreko garaiak ederki ezagutu zituela dio elkarrizketatuak, “Jesus, Maria eta Jose!”. Asteasura ordubeteko bidea izaten zuten oinez; Larraulera baino laburxeagoa, beraz, baina Joxe Mariren hitzetan, “lehen ez zen pentsatzen urruti zeudenik”. Bost urte zituela hasi zen astoaren laguntzaz esnea Asteasura eramaten. “Animaliekin jaisten nuen esnea Asteasura. Egunero-egunero joaten nintzen, txikia nintzela. Amak eta aitak astoaren gainean esnea eta gainerako gaiak lotu ondoren, neroni ere lotu egiten ninduten. Astoa aurrera begira eta neroni atzera begira jartzen gintuzten, gainerakoan umea erori egingo bailitzateke aldapan behera abiatutakoan. Atzeraka jarrita, berriz, astoak orekari eutsi egiten zion. Zuzen asko joaten zen hura. Ederki ikasia zeukan bidea! Gaur bost urteko umeak ezingo lirateke hala bidali, reglamentuek ere ez dute uzten; zer edo zer gertatuz gero, gurasoen ardura bestela. A zer nolako komeriak dauden orain!”. Asteasun esnea eta gainerako gaiak utzitakoan, etxerako ogia hartuta itzultzen zen bueltan Joxe Mari umetxoa astoaren gainean, “gosetuz gero, ogi erdia igual jaten nuen bidean. Etxera etorritakoan errieta izaten zen”, gogoratu du.
Hitz hauek irakurtzen dituen irakurleak sinistuko ez dituela uste du Joxe Marik, “gure gizaldiak egin duen aldaketa ez dago sinisterik. Garai hura bizitu ez zuenak ez ditu letra hauek sinetsiko, ezta inork ere”.
Artzain, umetatik
Azienda zuten baserrian eta haien zaintzan nahiz baserriko gainerako lanetan aritu zen umetatik larrauldarra. Oso gaztetxo zelarik, 10 urteren bueltan, ardiak zaintzen hasi zen, egun ere mantentzen duen lanbidea. “Osaba ere artzaina nuen eta ume-umetatik gustatu zaizkit ardiak. Artzain hasi nintzen eta bide horri eutsi diot bizitza guztian zehar. Orain Mari Jose ilobak laguntzen dit. Garai batean erraz ibiltzen nintzen ni bakarrik ardiekin. Ez nuen inoren beharrik; airoso ekartzen nituen ardiak, zakurra izanez gero. 200 ardiko artaldea, horixe izan dudan artalderik handiena. Orain 100 ardi pasatxo ditut”. Artzainaren eginbeharraz galdetuta, ardiak ondo zaindu behar direla erantzun du, “orain itxitura asko dugu eta errazagoa da artaldea mantentzea, baina hala ere ondo zaindu behar dira. Lan asko ematen dute ardiek eta diru gutxi. 10 kiloko arkumea hazi eta 30 euro hartu ezinik ibiltzen gara. Urte guztiko lana da eta suertea ere behar da. Neurriak, ordea, oso zorrotzak dira eta irabaziak eskasak. Ardietatik ez dago ezertxo ere oraintxe”. Joxe Mari etxe inguruan ibili izan da beti artzain, sekula ez mendian, ezta ingurukoetan ere. Artzainak artaldeko ardi bakoitza ondo ezagutzen duela esan ohi da beti eta Joxe Marik ere ez du horretan hutsik egiten, “nik horretan ez dut failorik. Erraz ezagutzen ditut ardiak. Denak berdinak direla diote batzuek, baina diferenteak dira den-denak”. Artzain izateko berezko sena behar dela uste du, “denek ez dute balio, berez etorri behar du. Gustatu egin behar da eta begia ere berezkoa behar du artzainak bezala zakurrak. Zakurra ere, berez lanean hasten ez bada, alferrik erakutsiko diozu”. Ardietatik jasotako esnearekin etxerako egiten dute gazta, “gazta bat salduko baldin bada, etiketatuta behar du. Etxean egindako gaztarik ez dago kalean saltzerik”.
Lana bai, baina dirua?
Artzaintzan ez ezik, segan, behiak jezten, baratzean…, baserrian lan mota ezberdinetan aritutakoa da. Gazteak ziren garaian, artoa nahiz garia ugari izaten zutela aipatu du. Etxeko irinarekin egindako taloak jateko moduan izaten ziren, beraz. “Gure etxe ondoko Txuringain errotara eramaten genuen artoa nahiz garia xehetzera. Beherago, Pello Errota esaten zitzaion errota ere bazen, bertsolariarena. Beheraxeago, berriz, Sotorrota. Oraindik martxan egongo den bakarra Txuringain izango da”, azaldu du.
Baserrian lana erruz eginagatik, jatekoa beti eskura izatea ahalbidetzea, horixe baserriaren alde ona. “Alderdi hori ona du baserriak, baina baserrian ere ez dago etxekoarekin bakarrik egoterik. Makina gauza gehiago behar izaten da: olioa, azukrea… Gu ez gara sekula Larraulera joan enkarguak egitera. Asteasura beti. Edo Tolosara, tratura joandakoan. Larraulen ez da sekula dendarik egon, ezta orain ere”.
Tolosako azokara abiatzen zirenean, astoaren gainean azokan saldu beharreko animaliak edo arrautzak hartu, Asteasura oinez jaitsi eta autobusez joaten ziren gero bertara. “Konejuak, oilaskoak edota oiloak bizirik eramaten genituen Tolosara. Eramandako guztia saltzen zen orduan. Ez genuen sekula bueltan etxera ezertxo ere ekartzen. Orain ez dago halako konturik. Orain jendea lumatzeko ere ez da prest izaten, orduan ez zegoen horretarako arazorik. Konejuak bi zakuka eramaten genituen. Donostiatik etortzen zen konejuzalea eta harrapatutako denak aidean eramaten zituen”.
Kontu horiek guztiak, ordea, iraganeko kontuak direla uste du. Egun, baserriak, oro har, eta tartean, artzaintzak, etorkizunik ez dutela dio, “gazteek itxura igual egingo dute, baina artzaintzan laster aspertuko dira. Hor ez dago negoziorik. Ardiak ez du jairik. Egunero kasurik egiten ez bazaie, laster hasiko dira ukuiluan marruka. Gainera, laguntzak ematen dituztela dioten arren, hori ez da hala; gero emandakoa bueltatu egin behar izaten baitzaie. Lanik ez dagoela eta lanik ez dagoela…, baserrian edo artzaintzan bada lanik. Orain, dirurik izango ote den…, hortxe dago komeria. Eta nork egingo du lana debalde?”.
Mendian, kalean baino gusturago
Kaleak baino gehiago erakarri izan du betidanik mendiak Joxe Mari “oso denbora gutxi pasatu dut nik kalean, oso gutxi. Jaia ailegatzen zenean ere, lan egiten genuen; goizean behintzat bai. Bizikleta ere ez zen berehala izan guretzat”. Baliabide eskasak izanagatik, Joxe Marik ez du zalantzarik: “Gazte ginela beste poz bat zegoen. Gaur inork ba al du ba pozik? Ezta ezertarako ere!”, uste du.
Larraulera igo beharrean, auzoko gaztetxoekin batera, inguruko baserrietan jaso zituen eskolak Joxe Marik, “Olarrea Goikoan edota Etxebitarten ibili ginen inguruko umeak. Oinez joaten ginen eskolara ere, lokatzetan hanka ondo sartuta.”, azaldu du. Festak ailegatutakoan, berriz, Larraulera igotzen ziren batzuetan. “Gainerakoan, Santamañara, Asteasuko Sanpedroetara edo Zizurkilgo Amabirjinetara ere bai. Garai hartan bizikleta hartuta, gerora nolabait motoa ekarri genuen”.
Mezetara, berriz, Asteasura edota Andezarrateko gaixoen etxeko ermitara joaten ziren, Larraulgo eliza baino gertuago zutelako, “orain Donostian bezainbesteko mugimendua zen orduan sanatorioan. Gaixo asko biltzen zen bertan. Etxe handia zen, klinika handia; medikuak ere orduko onenak biltzen ziren. Asteasutik etortzen zen apaiza meza ematera”. Eta Larraulera, berriz, entierrotara edota komunioa egin behar zenean soilik joaten zirela ekarri du gogora, “lehengo emakumeak, mantilla beltza jantzita, –bederatziurrena esaten zitzaion–, 22 egunez, egunero-egunero Larraulgo elizara joaten ziren mezetara, hemen ingurutik abiatuta ere bai”.
Zizurkil Goikoa du emaztea Joxe Marik, Mari Kruz Sorarrain, Azkarate baserrikoa. Zertxobait gaztexeagoa da senarra, Lezon ezkondu ziren orain 50 urte pasatxo. “Baserriko lanetan ohituta nengoen neroni ere, Zizurkildik Larraulera etorri nintzen ezkondu ondorenean eta bertan bizi gara geroztik. Baserriko lana gustukoa izanagatik, sasoian egiteko lanak dira”, argitu du Mari Kruzek.
Gaur ere, Larraulera egun berezietan soilik joaten direla aipatu dute, “entierro, kandelen bedeinkapen edota Erramu egunean, esaterako. Gainontzean, gutxi.”. Garai bateko herritik oso aldatuta ikusten dute egungo Larraul, “lehen baserri gutxi batzuk besterik ez zeuden. Orain dena aldatuta dago, etxe asko egin dituzte. Herri polita dago. Lehen baino askoz ere jende gehiago bizi da, baina oso baserritar gutxi. Lasaitasun bila etorri dira eta umeentzat alde handia da, baina oraintxe bertan kotxe asko dago Larraulen ere”. Larraul bezala, are eta aldatuago sumatzen dute Asteasu. “Bikoiztuta dago Asteasu. Zenbat etxe egin ote da! Larraulen ondoan, etxe asko eraiki da Asteasun. Izugarri hazi da herria”, diote.
Eguzkitan, goxo-goxo
Ernio mendiaren magalean, naturaren erdigunean, kokaleku lasai eta ederra du Abeletxe baserriak. Negu bete-betean, Ernio zurituta dagoenean ere bertan hotz handirik izaten ez dela argitu dute Joxe Mari eta Mari Kruz senar-emazteak, “goian egonagatik, oso leku beroa da hau. Neguan, beheko errekan baino tenperatura goxoagoa izaten dugu. Udan, bero handia. Oso goiz ateratzen da eguzkia hemen, baina baita gorde ere”.