Aiztondon barrena, klik eta klik, VI. Argazki rallyan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 3a, 10:03

Apirilaren 6an, igandearekin, Aiztondoko VI. Argazki rallya burutuko da, Adunako udaletxe aurretik abiatuta. Argazki kamera edota telefono mugikorra eskuan, nahi duen orok har dezake parte Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak bideratutako ekintza erakargarrian.

Rallyan izena emateko epea martxoaren 24an amaitu bazen ere, izenik eman ez eta, txokoz txoko, irudi politak jasotzeko gonbidapenak tentatzen duenak badu aukerarik oraindik ere. Apirilaren 6an bertan, rallya abiatu aurretik, 09:00etatik 10:30etara izango da izena emateko azken aukera Adunako udaletxeko atarian bertan. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute. Nerabeentzat (14-17 urte bitarte), berriz, doakoa da parte hartzea.
Antolatzaileek adierazi dutenez, abiapuntuan, Adunako udaletxeko atarian, jakinaraziko dira rallyko gaiak eta Larraul, Alkiza, Aduna eta Zizurkilgo mugetan barrena ibili beharko dute parte hartzaileek, “gaiekin batera, hamaiketakoa egin ahal izateko txartela banatuko zaie parte hartzaileei irteera puntuan. Agindutako gaiei buruzko argazkiak atera beharko dituzte lehiakideek aurreikusitako ibilbidean zehar. Kontrol argazkia ere egingo da, 13:00etatik 14:00etara, Alkizan”.
Behin argazkiak aterata, guztira bost irudi aukeratu beharko ditu parte hartzaileak, kontrol unean eginiko argazkiaz gain. Aiztondo.argazkilehiaketa@hotmail.com helbidera edota pendrive nahiz CD bidez aurkez daitezke Mankomunitateko bulegoetan, apirilaren 7ko goizeko 10:00ak baino lehen. “Argazkiak geroago heltzekotan, lehiaketatik at geldituko dira”, jakinarazi dute antolatzaileek. Argazkilari profesionalek osatuko dute epaimahaia. “Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da eta argazkien aukeraketa publikoki jakinaraziko da”.

Argazki rallyko sariak
1.-     250 euro eta trofeoa.
2.-     200 euro eta trofeoa.
3.-     100 euro eta trofeoa.
4.-     75 euroko lau akzesit eta trofeoa.
Aiztondo saria: Afari der bat.
*    Aukerartutako argazkiekin erakusketa egingo da. Saritutako argazkiak Aiztondo Mankomunitatearen esku geratuko dira.

Aiztondoko VII. Gutun lehiaketa ere abian
Sentimenduak komunikatzea sustatu eta genero horren aberastasuna berreskuratu asmoz, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko kultur dinamizazio arloak Aiztondoko VII. Gutun lehiaketa antolatu du, Aduna, Larraul eta Alkizako Udalen babesarekin. Parte hartzea irekia da, 6 urtetik aurrerako kide guztiei zuzenduta. ‘Erbestera noa’ gai zehatzaren inguruan idatzi beharko dira gutunak, gehienez bi orriko luzerakoak. Epaimahaiak gutunaren estiloa, garapena, aurkezpena eta originaltasuna hartuko ditu kontuan, lan sarituak aukeratzerakoan. Apirilaren 30ean amaituko da Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan (Muñoa kalea 36 behea, Zizurkil) lanak aurkezteko epea. Adinka sailkatuta, sari ezberdinak banatuko zaizkie irabazleei ekainaren 13an Adunako kultur aretoan egingo den ekitaldian. Informazio zabalagoa: www.aiurri.com gunean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!