Bilera irekia: 19:00. Bastero
Apirilak 7, astelehena
Nola planteatu duzue apirilaren 7ko bilera?
Ainara Rodriguez: Irekia izango da, eta gaiarekin interesa daukaten edo zerbait proposatzeko daukaten herriko elkarte eta gizabanakoek parte hartzea nahiko genuke. Historiari begiratu labur bat egingo zaio bileraren lehenengo zatian, eta bigarrengoan, bertaratutakoekin solasaldia sortzea nahiko genuke. Udaletxe barruko lan batzordea aritu da orain arte ideiaren inguruan lanean, orain herrira zabaltzeko ordua iritsi da. Azken batean, herritarren inplikaziorik gabe, nekez bidera daiteke tamaina honetako ospakizun bat.
Nolaz sortu da 400. urteurrena ospatzearen ideia?
A.R.: Artxibategiko teknikariek bere garaian adierazi ziguten Andoain herri independiente gisa sortu zeneko 400. urteurrena betetzen zela 2015ean, eta gertaera historiko garrantzitsua zela. 375. urteurrena ospatu zen 1990ean, eta oraingoak borobilagoa behar du izan. Lehen bilerak egin ziren udaletxean, eta horietan batzorde eragilea sortzea erabaki zen, ordezkari politiko guztien eta zenbait lansailetako teknikarien parte hartzearekin. Hala nola, artxiboa, kultura, kirola, euskara eta sustapen ekonimikoa, enplegua eta gazteria.
Zeintzuk dira finkatu dituzuen helburuak?
A.R.: Hasiera batean bete daitezkeen helburu batzuk jarri ditugu. Lehenik eta behin, gure herriaren historia ezagutarazi nahi da; besteak beste, 29 herrien independientzia prozesu hori zertan gauzatu zen eta Andoainek zenbateko garrantzia eduki zuen. Horri lotuta, andoaindartasunaren sentimendua indartu nahi da.
Mendeurrena egokia izan daiteke zenbait gogoeta plazaratzeko. Esaterako, argi dago Andoainek lau mende horietan bizi izan dituen emigrazio prozesuak integrazio eredu izan direla, aniztasuna ekarri diotela bere bizitzari, herritarren arteko bizikidetzari, pentsakera eta kolore anitzeko Andoain bat irudikatzeraino.
Helburu nagusi horiek lortzeko, ondo deritzogu ekitaldi sorta antolatzea, 2015eko urtarrilean hasi eta abendura arte luzatu daitezkeenak.
Emango al zenizkiguke, labur-labur bestetik ez bada ere, 1615ean gertatu zen gertakizun horren zertzelada batzuk?
A.R.: Historialariek diotenez, 1615ean, artean Tolosa eta Segura herrien aginte administratiboaren pean zeuden Gipuzkoako 29 herri burujabe bihurtu ziren. Honako herriak izan ziren, hain zuzen: Abaltzisketa, Albistur, Alegia, Altzaga, Altzo, Amasa, Amezketa, Andoain, Anoeta, Arama, Astigarreta, Ataun, Baliarrain, Beasain, Berastegi, Elduaien, Gaintza, Gudugarreta, Idiazabal, Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Mutiloa, Orendain, Ormaiztegi, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zizurkil.
Gertakizun horrek, Gipuzkoako maparen egitura aldatzea ekarri zuen, eta besteak beste, Tolosak Gipuzkoako hiriburu izaera galtzea. Historilariek eta agiriek diotenez, Andoainek abanguardiaren funtzioa bete zuen prozesu historiko horretan.