Hondakinen ordenantza orokorra onartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 2a, 20:36

Urnietako eremuan etxebizitza eta merkataritza hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza orokorra onartu zuen Urnietako Udalak, martxoaren 25eko Udal batzarraldian. Aho batez onartu zen, Udal ordezkaritza duten hiru alderdi politikoen oniritziarekin.

Mikel Pagola alkateak aztergaia bozkatu aurretik ordenantza osatzeko egindako lanketa azaldu zuen, “ongi definitu nahi izan dugu herrian dauzkagun edukiontzietara joan behar duten hondakinak zeintzuk diren, baita edukiontzi horiek nork erabil ditzakeen ere”.  Gizarteari ere oharra zabaldu nahi diote: ordenantzak jasotzen dituen puntuak betetzen ez dituztenentzat, neurriak hartuko dituztela.
Hondakinen bilketan herritarrek eta herrian lan egiten duten merkatariek jarraitu behar dituzten urratsak araupetu dituzte. Ondorengo helburuak bete nahiko lituzke Udalak:
•    Edukiontzoetan industri edota merkataritzako hondakinak ez egotea.
•    Kanpotik etorritako hondakinik ez jasotzea.
•    Edukiontzien alboetan hondakinik ez pilatzea.
•    Hondakinak pilatzen diren gunerik ez sortzea.
•    Mankomunitateak eskaintzen dituen azpiegiturak gehiago aprobetxatzea. Besteak beste, garbiguneen erabilera indartu nahi da, eta industriatik eratorriko hondakin horiek Arizmendiko zabortegira bideratzea.

Hondakinen sorrera murriztea ahaztu gabe, araudi berriarekin berrerabilpena eta birziklapena areagotzea espero dute. Udalak gogora ekarri duenez, hainbat sentsibilizazio eta informazio kanpaina burutu ditu. Bide horretan jarraitzeko borondatea adierazi dute ordezkaritza duten hiru alderdiek. Laster ikastetxeetan kanpaina berria abiatuko dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!