Organikoa jasotzeko bilketa txipa duen edukiontzian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko api. 2a, 20:36

Andoainen materia organikoaren bilketarako edukiontzi marroiak txertatzea erabaki dute, txip bidezko sistema erabilita. Borondatezkoa izango da, eta erabakian zehatz adierazita dago neurri zigortzailerik ez dutela hartuko. Aste berean Urnietan hondakinen ordenantza orokorra onartu zuten, gizarteari ohar zehatza zabalduz:  neurriak hartuko dituztela ordenantzak betetzen ez dituenarentzat.

2014-3-27. Udal erabakia
Andoaingo Udalbatzaren osoko bilkurak martxoaren 28an honako erabakia hartu zuen:
1 “Frakzio organikoaren bilketa selektiborako erabiliko den eduki ontzi marroiak txipa txertatua izan dezala onartzea”.
2 “Txip bitartez eskuratzen diren datuak honen erabilpen maila ezagutu, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezarri eta birziklapen politiken promozio eta kontzientziaziorako erabiliko dira”.
3 “Eskuratzen diren datuak ez dira neurri zigortzaileak ezartzeko erabiliko”.

 

__

 

Hondakinak jasotzeko bilketan, Andoaingo Udalak hondakin organikoak jasotzeko txipa izango duen edukiontzi marroia txertatuko du. Erabakia aurreko Udal batzarraldian hartu zuten, Udal ordezkaritza duten EH Bildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta PP alderdien aldeko botoekin. Berez, aho batez onartu zela esan daiteke, nahiz eta alderdi politiko bakoitzak bere adierazpenetan oso bestelako iritziak agertu. Gobernu taldean dagoen Bildurentzat ez da proposamenik gustokoena, baina aldeko botoa eman zuten hondakinen bilketan “urratsak emate aldera, hobetzeko balio badu” argudiatuz.
PSE-EEkoak pozik agertu ziren guztien botoa ere norabide berean joan zelako. Hondakinen mahaian iragarri bezala, zigortzailea ez den borondatezko sistema baten defentsa egin zuten. Horixe da deigarria Andoaingo erabakiaren kasuan, derrigortasunik ez dela ezarriko. Urnietan, esaterako, hondakinen ordenantza orokorra onartu berri dute eta gizarteari ohar zehatza zabaldu nahi izan diote: ordenantzak betetzen ez dituztenentzat neurriak hartuko dituzte.
Andoaingo Zero Zabor taldeak ere malgutasusn hori kritikatu zuen: “2016. urterako %60ko birziklapen tasara ailegatzea adostu zuen Hondakinen Mahaiak; nola nahi du Andoaingo PSE-EEk helburu horietara ailegatu ez badago inolako derrigortasunik bilketa sisteman?”.
Batzarraldira itzuliz, EAJ-PNVk bi alderdiak zoriondu zituen, “adostasuna lortu delako, beti ere oraingoa baino gehiago lortzeko balio badu”.
PPk ere aldeko hitzak izan zituen, “gaur eta hemen dagoen adostasuna eskertzekoa da. Planteamendu integral bat faltan botatzen da, bereziki Aldundiaren aldetik”.
Bilduk hitza hartu zuen bigarren aldian bere apustua beste bat dela argi adierazi zuen, “guk gaurko bozkarekin ez dugu bosgarren edukiontziaren alde egiten. Zalantza asko ditugu, baina urratsak ematearen aldekoak gara”.
Hondakinen bilketan, beraz, urrats berria eman dute. Bilketa honen emaitzak zer ematen duen ikusteke dago.

 

Materia organikoaren gaikako bilketa Gipuzkoan

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Gipuzkoako birziklatze tasari buruzko datuak eman zituen aurreko astean egin zuten agerraldian. Data borobilak eskaini zituen: “2014. urte hasieran, birziklatze tasa % 40 da Gipuzkoan; materia organikoaren gaikako bilketa % 70 hazi da urtebetean eta gero eta hondakin gutxiago eramaten dugu zabortegietara”.
2013an Gipuzkoa osoko batez besteko birziklatze tasa %38koa dela dio Aldundiak, eta gaur egun %40ra iritsi dela adierazi zuen Errazkinek: “2009an % 22,5 birziklatzen genuen, eta orain, 2014. urte hasieran, % 40an gaude. Kopurua ia bikoiztu egin da. Oso jauzi handia da. Mankomunitateak eta udalerriak hartzen ari diren neurriekin, planifikatzen ari garen azpiegiturekin eta batez ere, herritarren ahaleginarekin, urrats sendoak ematen jarraitzeko oinarria jarri dugu”.
Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak ere datu zehatzak eskaini zituen. Nabarmenena bilketa organikoaren igoera izan da: “Iaz 14.170 tona materia organiko jaso genituen konpostatzeko; duela bi urte 8.327 izan ziren, eta beraz, igoera %70ekoa da urtebetean. Potentziala alor honetan ikaragarria da; kontuan hartu behar da etxean sortutako hondakinen %40 baino gehiago dela organikoa. Horregatik, organikoa gaika biltzeko ematen ditugun urrats guztiak funtsezkoak izango dira kudeaketa egokiaren norabidean”.
Zabortegietara gero eta hondakin gutxiago
Datu hori ere adierazgarria dela adierazi zuen Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak: “zabortegietara eramaten den kopuruaren beheranzko joera agerikoa da: 2007an 276.000 tona eraman genituen zabortegietara, eta iaz 190.000. %31 gutxiago da hori. Honek agerian uzten du behin eta berriro errepikatzen dugun ideia bat: Zubietako erraustegi proiektuak ez zuen zentzurik. Erraustegia 260.000 tona hondakin erretzeko diseinatuta zegoen, eta iaz 190.000 izan genituen. Hau da, gaur egun erraustegia izango bagenu kanpotik 70.000 tona hondakin ekarri beharko genituzke, edo bestela, dirua galdu beharko genuke. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, 190.000 tona horietatik, gehien-gehiena birziklagarria dela. Eta Europak dio birziklatu egin behar dela, eta ezin dela erraustu. Zubietako erraustegi proiektuak ez zien erantzuten ez gipuzkoarren beharrei, ezta Europak ezarritako irizpideei ere”.
Birziklatze tasari dagokionez, Aldundiak Sasieta, Urola Kosta eta Deba Goienako mankomunitateen emaitzak nabarmendu nahi ditu. Izan ere, hirurak batez bestekoaren gainetik daude. “Batez ere aipatzekoa da Sasietaren kasua, non, aurtengo lehen hilabeteetan, % 55 inguruko birziklatze tasak lortzen ari diren. Oso datu positiboa da, eredugarria, eta gure ustez, gainerako mankomunitateek horixe dute jarraitu beharreko bidea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!