Diskriminazioaren harresiak hautsi nahian, Ana Carrere alkateak adierazi bezala “emakume eta gizonen arteko berdintasunean bizi nahi dugu, eta helburu horren bila urte luzez lanean aritu dira emakume asko, baita hainbat gizonezko ere”. Andoaingo Udalean ondotxo dakite oraindik orain bide luzea egiteko dagoela, 2012an jaso zuten diagnostikoan horixe azaldu baitzen. Ezinbestekoa da, beraz, urratsak ematen jarraitzea. Horren seinale 2013ko irailean abian jarri zen Berdintasunerako plana, zeina herriko eragile eta elkarteen ekarpenekin osatu duten.
Alkateak aurreratu zuenez, plana bideratzeko lantaldeak osatuko dira herritarrekin nahiz Udal teknikariekin, “eta emakumeen lana ikusarazteko ekimenak sustatuko dira”. Beste neurri batzuk ere iragarri zituzten, hala nola, Udalak egiten dituen adierazpenetan hizkera barneratzailea erabiltzea edota herrigunean dauden puntu beltzen mapa egitea.
Miren Agirreurreta Gizarte Zerbitzuetako lansailaren arduradunak adierazi zuenez, “hona iritsi bitarteko prozesua oso luzea izan da, eta zentzu osoa du hain luzea izateak: berdintasuna gure gizartean dauden esparru guztietara zabaldu nahi izan dugulako. Garrantzia handikoa izan da ahalik eta pertsona eta talde gehienen ahotsa jasotzea”.
Zinegotziak plana alderdi politiko guztien onespenarekin onartu izana nabarmendu zuen. “Plana garatzea dagokigu orain. Lehen eginkizuna mahai teknikoa osatzea izan da eta lehen bilera martxoaren 18an egin zen. Udaletxeetako departamendu teknikoetako arduradunek parte hartzen dute bertan eta eginkizuna proposatzen diren jarduera guztiak koordinatzea eta jarraipena ematea da. Lehen proposamena jabetze eskola sortzea izango da”.
Tailer, hitzaldi eta lantegi ezberdinak burutuko dituzte orain hasi eta azarora bitarte. Xehetasunak Miren Liceaga Udal teknikariak eskaini zituen.
Berdintasunerako plan osoa www.andoain.org gunean eskuragarri dago.
JABETZE ESKOLA
EMAKUMEENTZAKO JABETZE
ESKOLA ANDOAINEN
Batukada feminista
Sanjuanetarako batukada feminista martxan jarri nahi dute. Izena emateko epea Atarian, aste honetan. Ainara Sarasketak eta Arantza Vicedok eskainiko dute. Entseguak, bestalde, ostiral honetan hasiko dira (martxoak 28).
Mekanika tailerra
Mekanikarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak ikasi eta praktikan jartzeko aukera.
Irakaslea: Begoña Gonzalez.
Autodefentsa
Indarkeria eta eraso sexistaren aurrean zer egin?
Irakaslea: Silvia Arevalo.
Feminismoa
Feminismoaren ezagutza
Irakaslea: Miriam Herbon.
Brikolaje tailerra
Etxeko konponketak egiteko.
Irakaslea: Begoña Gonzalez.
Informazioa: 943 304343.
gizarte-zerbitzuak@andoain.org