Fernando Gaston Caritas taldeko eragilea hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 31a, 10:34

Fernando Gaston San Juan ostiralean hil zen –martxoak 21– 67 urte zituela. Caritas elkarteko lehendakaria izan zen urtetan, Jose Mari Olazabalen ardurak hartu eta gero. Maria Angeles emaztea, Natalia, Lidia, Maria eta Edurne alabak eta bederatzi biloba utzi ditu.


Aski ezaguna eta estimatua zen herrian, eta horren adierazle da San Martin eliza jendez lepo bete izana bere arimaren alde larunbatean egin zen hileta elizkizunean. Han bertan bere alabek egunotan samina adierazi dieten guztiei eskerrak emateaz gain, aitaren zutabe izandakoak gogora ekarri zituzten: familia, lanbidea, lagunak eta gizartearen aldeko ekintza. Hain zuzen, herrian behar handiena zuten pertsonei laguntzera bideratu zituen indarrak, Caritasen bidez. Bere lankideek haren eskuzabaltasuna eta lanerako grina azpimarratu dute: "Ezinbestekoa izan da gu guztiontzat; herriari begira, gutxien zeukanarekin erakusten zuen sentiberatasunagatik; barrura begira, berriz, elkartearen egitasmoaren inguruan kide guztiok batzen jakin izanagatik".
Joan den abenduan Caritaseko kideei bidali zien idatzian, bere pentsaera islatua geratu zela esan daiteke. Bere egiten zuen Francisco Aita Santuaren adierazpena: "Jende apalak, leku txiki eta apaletan elkartuta, ekintza apalak eginez, mundua alda dezake". Krisi garaiotan, aldaketa pertsonalerako deia egin zuen, nahiz eta gizartean itxaropenik gabeko ikuspegia nagusitzen joan: "Gure mundu aldakor honetan, badirudi orain arteko jokabideek ez dutela ezer balio, dena aldatzen doala: gizarteko jokabideak, lantegiak eta langileen egoerak eta eskubideak, lan murrizketak, etab. (…) Krisialdi gogor honek, zalantzan jarri digu orain arte bizi genuen egoera oparoa, urte askotako borrokari esker gureganatutakoa. Orain, dena galtzeko arriskuak bultzatuta, guretarra ez den etorkina errezeloz begiratzeko zorian gaude. Sarritan pentsatzen da, etorkinak batez ere guri lana kentzera etorri direla; edo eta beste askok lanik egin gabe, sekulako laguntzak jasotzen dituztela. Horrelako susmoek, giro txarra sortzen dute gure gizartean. (...) Egoera horren aurrean, egin dezagun nork bere azterketa: Nik zer egin dezaket? Hasieratik, begiak zabaldu, eta begiratu beharrean dagoenari eta baztertua dagoenari. Bere arazoa nirea egin, eta lagundu daukadanetik. Nire bizitza hezi, beharrezkoa ez dena baztertuz, eta ahal dudan neurrian nire ondasuna, denbora, ekintza eta abar behartsuen arazoetara bideratu. Parte hartu ekintza sozialetan; salatu injustizia guztiak, baztertu, emakume eta haurtxoen aurkako tratu txarrak, etab. (...) Benetako konpromisoak konfiantza sortzen digu eta geure barrenean dagoen alderdirik onena pizten digu....".
Fernando Gaston Sorabillan bizi zen, sorabillatarra sentitzen zen eta auzo bizitzan ekintzaile agertu zen. Sorabilla-Errotagain auzo elkarteko eta jai batzordeko kide izan zen, eta inplikazio handia erakutsi zuen bietan ere, auzoaren eta auzotarren ongizatea helburu edukita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!