Hirugarren edizioa martxan jarriko da hamabost egun barru. Noizbait imajinatu al zenuen lasterketa horrelako indarra izatera iritsiko zenik?
Joseba Labaka. Ez. Lehen edizioan 300 korrikalariren partaidetzak harritu gintuen. Handik aurrerako pausoak hobetzen saiatzea izan da eta, pentsa, hiru urteren bueltan partaidetza bikoiztu egin dugu. 600 korrikalari irtengo dira hirugarren edizioan.
Mugak hautsi dituzue, beraz.
J.L. 450 partaideko muga jarri genuen hasiera batean, eta azkenean lasterketa luzea egiteko 520 lasterkari izango dira irteeran. Hilabeteren faltan izen ematea itxi behar izan genuen, askoz eskaera gehiago genituen arren. Lasterketa motza egiteko 75 partaide irtengo direla aurreikusten dugu, beraz, lehen ediziotik hona partaidetza bikoiztu egin da.
Adarrak erakagarritasun berezia al du?
J.L. Hori dirudi. Korrikalaria ahalik eta ondoen zaintzea helburu dugu, eta egiten ditugun akatsak urte batetik bestera konpontzen ahalegintzen gara. Ezin da perfektua izan. Xoxokako guneak bere mugak ditu, baina muga horiek hor izanik ere ez dugu irteera-helmuga tokiz aldatzerik nahi. Ezin dira eragozpen guztiak saihestu, baina ahalik eta gehienak gainditzen saiatzen gara. Beti geratuko zaizkigu betetzeko hutsune batzuk.
Irisgarritasuna, adibidez?
J.L.Irisgarritasuna, edota aparkalekuak. Eguraldi ona egingo duela jakingo bagenu, kotxea bertan uzteko lursail batzuk egoki litezke. Baina Gipuzkoan bizi gara. Beraz, Xoxokara iristeko errepidearen erdia aparkatzeko erabiliko dugu. Eta beste erdia, kirolariak eta ikusleak lasterketa eremura igotzeko. Buruhauste handia izaten ari da guretzat Xoxokara iristea, aukera ezberdinak aztertzen aritu gara. Auzotarrekin eta Udaltzaingoarekin bildu gara, baina gaur gaurkoz ez dugu beste modu egokiagorik topatzen.
Beste modurik ez al duzue aurkitzen?
J.L. Bertakoak oinez igotzea desiragarriena litzateke. Erraz esaten da, baina euriarekin jendea ez da oinez igoko.
Tren geltokiko aldetik ezin al da bus zerbitzua ipini?
J.L. Pentsatu dugu, baina lasterketaren hasiera errepide horretatik igarotzen da. Errepide horren erdia gainera ibilgailuentzat gordetzen da. Beraz, bai ala bai, errepide hura itxi egin behar da.
Ilaran utzi beharko da ibilgailua, beraz, ohiko moduan.
J.L. Lasterketa hasi bainoordubete lehenago, kirolariak iritsiko dira lehenago. Arazorik txikiena hori izango da, iritsi ahala ilaran jarriko ditugulako. Ikusleak ondoren iritsiko dira eta kezka hor sortuko zaigu, denek ere goian aparkatu nahiko dutelako. Eta hori ezinezkoa da. Jendeak horren kontzientzia hartu behar du. Begira, Bentatik Xoxokaraino 800 metro daude. Pasieran, haurrekin joanda ere, hamar minutu dira. Ez gehiago. Beraz, ikusleek kontzientzia hartu beharko dute probaren hasiera edo amaiera ikusteko tarte batean oinez joan beharko dutela.
Bi lasterketak batuta, 600 lagun. Antolaketa aldetik kezka bikoitza al da? Zeintzuk dira kezka handienak?
J.L. Nagusiki, bi: Trafikoa eta kirol arlokoa.
Udaltzaingoarekin eta bolondres taldearekin ibilgailuen joan-etorria mugatu egingo dugu. Karril bat aparkatzeko erabiliko da. Kalkuluak egin ditugu eta 4.000 ibilgailu sartzen dira Zelaitik Xoxokarainoko distantzia horretan, eta gure kalkuluen arabera 400-500 ibilgailu iritsiko dira. Konturatu gara korrikalariak eta ikusleak kontzientzia hartzen ari direla eta jakitun gara ibilgailuen erabilera arrazionalizatzen hasi direla. Geroz eta gutxiago dira pertsona bakarrarekin iristen diren ibilgailuak. Iaz, bataz beste, hiruna lagun iritsi ziren ibilgailu bakoitzeko.
Kirol arloko kezka nagusia ibilbidean zehar sor daitezkeen pilaketak dira. Proba guztietan bezala, lasterketaren hasiera motela izaten da. Hori normala da. Baina gure ibilbideak bere mugak baditu, bidea estua delako hainbat tokitan. Esaterako, 4-5 kilometroan, Onddi pasa eta gero jaitsiera teknikoa hasiko da Munisko aldera. Ordurako “tropelak” arin joan beharko luke, korapilaketa handirik gabe. Berez ez luke arazorik izan behar baina iazko argazkiak ikusita, On-ddiko igoerak prozesioa zirudien. Partaidetza bikoiztean, prozesio hori handitu egingo da. Eta, maldan behera, pentsa zer izan daitekeen. Antolaketatik gune horretan begiraleak jartzea erabaki dugu, zein arazo sor daitezkeen ikusteko. Ondorioak gerora aterako ditugu, beharbada partaidetza iazko kopuruetara mugatu beharko dugu etorkizunean.
Aurten, jakina denez, ibilbide motzeko lasterketa ere antolatu dugu. Bi lasterketak bost minutuko tartearekin abiatzearen arrazoietakoa korapilaketak saihestea da. Ibilbide motzekoan ere jende ona aterako da, eta horiek ibilbide luzeko azkenak azkar harrapatuko dituztelakoan gaude.
Harritu al zaitu ibilbide motzak izan duen erakargarritasun txikiak?
J.L. Bai, asko harritu nau horrek. Apropos antolatu dugu ibilbide motzekoa, orain arte ausartu ez diren horiei proba egiteko aukera izan dezaten. Herri izaerako edo lasterketa popularra izatea sustatu nahi genuen. Eta bereziki emakumezkoen parte hartzea sustatzeko hartutako erabakia izan da. Errepidean emakumezkoen parte hartzea oso baxua da, mendikoetan are gehiago. Inguruko herrietan 15 kilometro bitarteko lasterketetan emakumezko gehiago ikusten ditugunez, saiakerak merezi zuela erabaki genuen. Eta ez du guk nahi genuen erakargarritasunik lortu. 200 partaideko muga jarrita daukagu eta gehienez ere 75 izango direla aurreikusten ari gara.
Datorren urterako etsi al duzue? Ala horrelako ondorioak ateratzeko goizegi al da?
J.L. Ikusiko dugu. Konturatu gara korrikalarien joera luzea eta gogorraren aldekoa dela. Beharbada luzea are gehiago luzatuko dugu, eta lasterketa motza oraingo luzea izan daiteke etorkizunean. Ezin dut ezertxo ere aurreratu, goizegi da.
Kirolarien partaidetza ikusita, modan al dago Urnietako lasterketa?
J.L. Hasteko eta behin, modan dagoen kirol jarduera bat da. Kirol jarduera honetan badira 200-300 partaideko lasterketak eta 500-600ekoak. Urnietakoak erakargarritasuna badu, ikustea besterik ez dago hirugarren ediziorako 600 partaide izatera iritsiko garela. Urnietako mendi lasterketa izena hartzen ari da korrikalari arrunt eta maila handikoen artean.
Maila handiko horien artean Jokin Lizeaga herrikidea denen gainetik dago; zein beste kirolari nabarmenduko zenuke?
J.L. Jokin etxean arituko da, bere ingurunean. Ikusten ari garenez, sasoiko dago. Bigarren aldiz aita izan berri da eta beharbada horrek atsedenerako tartea kendu dio, baina bera da hautagaietako bat. Harekin batera Aritz Egea Ternuako taldekidea nabarmendu behar dugu. Aurreko egunetan ibilbidean barrena entrenatzen ibili zen, jakin badakigu ibilbidea egiten galduta ibili zela. Zerbaiterako etorri da hona entrenatzera. Jokinek aurten aurkari gogorra izango du.
Nesken artean Maite Maiora Mendarokoa aipatu behar dugu. Espainiako Kopako lehen lasterketa irabazi du aurten, eta iaz Zegaman lehen euskal emakumea izan zen. Oso une gozoan dago, La Sportiva talde italiarrarekin lehiatzen. Hari itzala egiten saiatuko da Ibarrako Leire Agirrezabala gaztea. Hasiberria da mendi lasterketatan, baina sekulako etorkizuna du. Iaz lehen aldiz parte hartu zuen 65 kilometroko lasterketa batean eta hura irabazi zuen. Ternuak bere taldean hartu eta Trans Gran Canaria denboraldiko lehen lasterketa irabazi du, bigarrenari egurra emanez. Maite eta Leire Trans Vulcania prestatzen dabiltza eta horiek nabarmenduko dira Urnietan.
Maila handikoak izan gabe, ehunka dira parte hartzaileak. Probaren ikusgarritasuna ahoz aho zabaldu den seinalde al da hori?
J.L. Onenak aipatzen ditugu beti, baina zenbat dira? Dozena bat denera? Gainerakoek ere izena ematen diote lasterketari. Gauza bat argi dago, eguraldiarekin orain arte zorte ikaragarria izan dugu. Iazkoa oso baldintza onetan igaro zen. Aurrenekoa ere ondotxo, lasterketarako eguraldi ona izan zelako. Eguraldia probarekin gustura amaitzeko aldagai erabakiorra izan ohi da.
Lasterketa amaituta ematen zaien tratua ere aipatu beharra dagoela iruditzen zait: dutxak, pasta beroa jateko eskaintza..., eguraldia kontrolatu ezin dugun aldagaia da, baina gainerakoan lasterkaria zaintzeko lanak hartzen ditugu.
Urnietako korrikalarien parte hartzearekin pozik al zaudete?
J.L. Gutxi gora-beherako estatistika atera dugu. Beharbada ez da konparaketa onena izango baina azalduko dizut. Behobia-Donostian 20.000 partaide irteten dira, eta horietatik 55 urnietarrak dira. Urnietako mendi lasterketan 500 partaide daude eta 30 urnietarrek izena eman dute. Bataz besteko izugarri altua da hori. Oso gustura eta pozik gaude urnietar horien guztien parte hartzearekin.
Poz hori Buruntzaldera eta Donostialdera zabaldu beharra dago. 200 inguru eremu honetakoak dira, oso datu aipagarria da hori. %40a da hori, zonaldeko erreferentziazko proba den seinale.
Lasterketa burutu ahal izateko diru kontuak zer nola ateratzen zaizkizue?
J.L. Lan asko eta negar asko egin behar da. Izen-ematearekin osatzen da aurrekontua. Udalak laguntza handia ematen digu, baita Aizkibel-Calcinor harrobiak ere. Izen-emateekin osatzen dira diru sarrerak. Hortik aurrera gastuak ahalik eta zorrotzen emateko lana gogotik egiten dugu. Edariak, frutak,... hornitzaileak estutzen ditugu.
Antolaketa lanetan ezinbestekoak dira bolondresak, ezin aipatu gabe utzi lan isila egien duten horiek guztiak.
J.L. Iaz ehun lagun aritu ziren lanean. Edari eta janari guneetan ez ditugu iaz baino gehiago jarriko, baina trafikoan lantaldeak bikoiztu egingo ditugu. Aurten 120tik gora izango dira. Nabarmendu beharra dago haien inplikazioa, haietako asko bi hilabete lehenago deika hasten dira beren burua eskainiz. Propiotzat hartzen dute lasterketa. Eta hori guretzat garrantzitsua da, asko eskertzen dugu laguntza hori guztia.
Zerbait aipatzea ahaztu al dugu?
J.L. Ikusleak etor daitezela korrikalariak ikustera. Zelaitik edo Iparlatetik irits daitezela, eta Bentatik gora oinez berehala iritsiko dira Xoxokara. Gure leloa hauxe da: Kirol proba bat ikustera zatoz, egin ezazu kirola zeuk ere. Ikusle guztiek, gainera, Xoxokan bertan sagardoa eta txorixo pintxoa euro baten truke izango dituzte.
Oharra Ibilbide laburrean izena emateko aukera badago oraindik ere kirolprobak.com gunean.