“Andoaingo ereserkia” herriaren eta herritarren ondare bilakatu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 27a, 12:50

Andoaingo ereserkiaren estreinaldiak ez zuen inor epel utzi. Txalo zaparrada eta beste behin errepikatzeko eskaera izan zen ikusleen erantzuna.

Audioa: Ereserkia | Kronika:

Alberto Agirre eta Basteroko helduen abesbatzak eta Basteroko musika bandak interpretatu zuten ereserkia, Urkiko lau dantzariekin batera. Intepretazioari ekin aurretik, Joxe Mari Oiartzabal eta Aitor Mendiluze egileek abestiaren nondik norakoa azaltzeko aukera izan zuten. Aitziber Ugartemendia kultura zinegotziak biak oholtzara gonbidatu zituen, eta Udalak abestiaren berri nola izan zuen azaldu zuen, lehenengo eta behin. "Oiartzabal musikagileak berak urtetan osatu eta moldatutako musika konposizioak dohaintzan emateko asmoa agertu zion Udalari, bertako artxibategiaren fondoan gera zitezen. Horrela, 2013ko uztailean bildu ginen udaletxean, dohaintzari izaera formala emateko asmoz. Eta hor non jaso genuen ezustekoa: Joxe Marik, Andoaingo ereserkiaren proposamena egin zigun bertan! Udal ordezkariei gustatu egin zitzaigun abestia, eta aho batez onartu genuen ofizial egitea".
Joxe Mari Oiartzabalek, doinua osatzera zerk bultzatu zuen azaldu zien Basteroko entzuleei: “Leitzaran auzoan kokatzen den Olabista etxean jaio nintzen, Lizarkola baserriaren ondoan. Herrikoa, bertakoa da nire familia. Bertan egin nituen lehen musika ikasketak, eta bertan eduki nuen lehen lanpostua ere. Andoain bihotzean daramat”.

“Ereserkiaren doinua osatzerakoan, auzoak jaiak, mendi parajeak, ibaiak, nire lagunak..., horiek guztiak eta oroitzapen gehiago izan ditut inspirazio iturri. Hain zuzen, doinua sortzerakoan, Andoain San Juan jaietan irudikatzen saiatu naiz: zortzikoa, San juan sua, danborrada, dantzak, jai giro ederra...".

Aitor Mendiluzek, bere aldetik, letraren inguruko sormen prozesua argitu zuen. "Joxe Marik proposatu zidan ereserkiarena, eta nola ez, baiezkoa eman nion berehala. Etxean, hotzean baina, konturatu nintzen buruan daukazun guztia, Andoaingo herriari lotutakoa, ezin dela zortziko txikian edo handian kabitu. Orduan, abstrazio ariketa egitea pentsatu nuen. Alegia, herria ezagutzen nuen ideia horretatik abiatuta, urrutiagoko begirada jarri, eta lau bertsotan zertzelada batzuk ematea".
Ondoren, lau bertsoen edukia azaldu zuen Mendiluzek: "Hasierako lerroetan, fisikoki deskribatu dut Andoain: haranez inguratuta, gure begirale eta zaindari diren mendiak barne, eta aldi berean, Leitzaur eta Andoain, bi herrigune, herriaren hasierako ernamuin gisa. Horiez gain, bi ibai, Leitzaran eta Oria, paperean bi orbain ematen dutenak, baina zatitu beharrean herria marrazten dutenak.
Hurrena, ontza aipatu dut; animaliatik nahiz ontzako urretik datorrela diote bi bertsioek. Ni, urrea balio duen hontza animaliarekin geratu naiz. Pertsonak ere sartu ditut, hirugarrengo bertsoan hain zuzen. Ezin herria egin duten pertsona guztiak kabitu, eta zenbait pertsonai aipatu ditut ikur bezala (Aita Larramendi, Martin Ugalde...) herritar guztien izaera ordezkatzen dutelakoan. Eta bukatzeko, auzoak datoz. Andoain luzea da, auzo ugari ditu, santuak ez dakit baina. Herria auzoetan gauzatzen dela azpimarratu nahi izan dut; bakoitzean gauzatzen da gutako bakoitza eta herria bera ere. Azken lerroetan, ideia borobiltzen da: guk herritarrok egiten dugu herria, eta herriak egiten gaitu gu".
Basteroko ekitaldia amaitu ostean, ereserkiaren bi sortzailerekin egoteko aukera eduki zuen Aiurrik. Pozik zeuden entzuleek ereserkiari eginiko harrera beroarekin. "Harrigarria izan da. Gauza bat baita etxeko bakardadean sortzea, eta bestea, abesbatza eta musikariekin eszenategi batean eta entzule baten aurrean interpretatuta ikusi eta entzutea", adierazi zuen Aitor Mendiluzek. "Gogo onez hartu dute herritarrek, eta hemendik aurrera, ereserkia gure egin, bere doinua eta letra ikastea eta berarekin gozatzea egokitzen zaigu", gaineratu zuen.
Bestalde, Joxe Mari Oiartzabalek iragarri zuenez, musika pieza danborradan jotzeko ere egokitu du.

 

ANDOAINGO ERESERKIAren hitzak
1
Muga zaindari ditu Adarra,
Buruntza eta Belkoain,
euren arteko harana zaintzen
saiatzen diren hiru gain,
bi herri txiki izan baziren
Leizaur eta Andoain
bere nortasun sendoa duen
herri handi bat da orain.

2
Santa Kruzeko zubi aurrean
goxatzen gaitu ur hotsak,
Leitzaran eta Oriak bertan
batzen dituzte ur hotzak,
herriak dauzkan bi ardatzetan
bat marrazten du bakoitzak,
benetan leku aproposean
egin du habia hontzak.

3
Ama Kandida, Erro, Larreta,
Huizi edo Olabide,
Larramendi nahiz Olariaga
Arregi eta Ugalde,
historiako liburuetan
andoaindar asko daude,
izatekoa eraikiz doa
izana ahaztu gabe.

4
Sorabillatik Leizotz auzora
Goiburutik Buruntzara,
Goikoplazatik Bekora eta
Bekoplazatik Goikoplazara,
zure auzoen indar bizia
herriaren amasa da,
Gora Andoain! Gora herria!
Gu zugan garena zara!          

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!