Prentsaurrekoa, Adunako hondakinen bilketa sistemak jasotako erasoen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 25a, 11:01

Atzo arratsean, Adunako Udaleko kideek prentsaurrekoa eskaini zuten bi hilabeteren buruan hondakin sistema berriaren aurka bigarren erasoa jasan ostean. Adunako Udalak gertaerak salatu eta herritarrak hondakinen bilketa sistema berriari modu ezin hobean erantzuten ari direla gaineratu zuten.

Bideoa

Prentsa oharra, osorik, segidan:

Pasa den astelehenean, martxoak 17, gaueko bederatzi t’erdietan, Adunako Herriak   bigarren erasoa jaso zuen bi hilabeteren buruan. Pasa den azarotik martxan daukagun hondakin bilketa sistema berriak jaso zuen eraso hori hain zuzen. Zubitxiki industriguneko hondakinen birziklagune txabola erre zuten.

Esan bezala, bigarren erasoa da. Urtarrilean ere, Aduna eta Villabona lotzen dituen zubiaren ondoko birziklagune txabola ere erre bait zuten.

Gertaera hauen aurrean, Adunako Udalak gogor salatzen dugu gertatutakoa. Ez dakigu zeintzuk izan diren egileak, ez dakigu bertakoak edo kanpokoak izan diren, dakigun bakarra, Adunan ez dela polemika berezirik egon bilketa sistemaren aldaketaren harira. Aldaketa, herritarrekin elkarlanean eta normaltasunez egin baita eta erasoarekin herritar hauek dira kaltetuenak, bere egunerokotasunean aldaketak suposatzen dizkietelako.

Azkeneko hilabetetan, batzuk hondakinen gaiarekin polemika politiko guztiz interesatua sortu nahian ibili dira, eta Adunakoa ez da gaikako bilketa egiteko erabiltzen den mobiliarioaren aurkako eraso bakarra izan.

Ondorioz, gai honen inguruan polemika sortu nahi duten guztiei, dei egiten diegu bere jokaera aldatu dezaten. Hondakinen arazoa guztiona da, eta guztion artean konpondu behar dugu. Denok ados bagaude gehiago birziklatu behar dela esaterakoan, zergatik eraso hauek? Zergatik oztopoak jarri gehien birziklatzen ari diren bilketa sistemei?

Esan bezala, hondakinak jasotzeko sistemaren aldaketak ez du arazo aipagarririk sortu Adunan. Jendea pozik dago aldaketarekin eta herritarrak modu ezin hobean erantzuten ari dira. Azaroaren erdialdean hasi ginen sistema integralarekin eta konpostajea duela urte t’erdi lantzen dugu. Organikoaren %100 herrian kudeatzen dugu eta beste frakzio guztiak gaika biltzen ditugu. Esan bezala, herritarren parte hartzea goraipatzekoa izaten ari da. Emaitzen neurketa maiatzean egin eta jakinaraziko dugu, hala ere gaur egun, jakin badakigu eta esan dezakegu ezin hobeak izango direla.

Gogoratu behar da, Adunako herriak ere saria jaso zuela hondakinen sistemarengatik, herri txiki bezala, iraunkortasunaren alorrean egindako aurrerapenengatik.

Guzti hau horrela, Adunako Udalak eta herritarrak bideari eutsiko diogula adierazi nahi dugu. Etorkizuna prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapenaren bidetik datorrelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!