Udal gobernu taldeak aurrekontu proposamena aurkeztu die oposizioko taldeei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 22a, 10:53

Andoaingo oposizioko udal taldeek urte honetarako aurrekontu proposamena jaso dute, baita 2014 eta 2015 urteko Udalaren Bideragarritasunerako Plan ekonomiko finantzarioa ere. Proposamena Alberdi politikoei banan bana azaldu zaie, bilera erronda baten bidez. Eta orain, Gobernu taldea euren ekarpenen edo proposamenetara zabalik dago.

Gobernuaren oharra:

“Aurreikuspenen arabera, datorren apirileko plenora eramango da bozkatzera. Urte konplikatuak bizi ditugu diru kontuei dagokionez. Azken aspaldian esaten gatozen bezala, udalaren ekonomiaren egoera ez da samurra. Legegintaldi hasieratik hartu izan dira gastuaren kontrolerako neurriak; herritarrek horren berri jakin badakite, azalean sufritu baitituzte doikuntza neurri horien ondorioak. 2013 urte hasieran esku-artean genituen datu ekonomikoen aurreikuspenen arabera urte amaierara zor akumulatua 1.500.000 eurokoa izango zen. Ordea, urtean zehar hartu ziren doikuntza neurri eta gastuen kontrolaren bidez, zor akumulatu hori 800.000 eurotara gutxi gora-behera jaistea lortu da. Udal gobernuak mahai-gainean jarri dituen aurrekontuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailarekin batera landutako aurrekontuak dira.

Bi aurrekontu proposamen dira, egoera konplikatuari aurre egiteko neurri ezberdinak jasotzen dituztenak. Horietan lehenak, uraren kudeaketa osoa ente publikoa den Gipuzkoako Ur Kontsorzioari esleitzea jasotzen du. Gobernua jakitun da oposizioak ezezkoa eman ziola aukera honi; nolanahi ere, aurrekontuak osasuntsu bideratzeko eta bestelako hainbat inbertsio egin ahal izateko aukera bakarra dela mantentzen jarraitzen du udal gobernuak, eta proposamena berriz ere mahai-gainean jartzea erabaki du. Bigarren, proposamenak, berriz, uraren kudeaketa udalaren esku jarraitzea aurreikusten du. Honek, inbertsioetan eta mantenimenduan murrizketa esanguratsuak egitea suposatuko luke. Edozein kasutan, garrantzi handiko aurrekontuak dira aurkeztu direnak. Azken aspaldian esaten gatozen bezala, udal kontuak ez daude bere onenean, eta beharrezkoa da udal aurrekontuak onartuak izatea Udalaren funtzionamendua egoki bermatu ahal izateko. Kontuan izan behar da, iaz, oposizioak ez zuela aurrekontu proposamena babestu; ezta udal gobernuak aurkeztu zuen 2013-14-15rako Plan Ekonomiko Finantzarioa ere, diru kontuak hobetzeko hainbat neurri mahai-gainean jarriz. Horren ondorioz, 2012ko aurrekontu luzapenarekin dihardu gaur gaurkoz lanean Udalak; honek zailtasun ugari dakartza eguneroko lanean. Udal gobernuak uste du konplikazio egoera horren jakitun dela oposizioa, eta zentzu horretan, konfidantza du udal aurrekontu hauei eskarpenak egin eta akordioaren bidera batuko direla. Azken urteetan egin duen bezala, udal gobernuak aurrekontu proposamenak jendartean aurkezteko asmoa du batzar ireki baten bitartez.

Era berean, duela urte bete pasatxo egin zen “Parte-hartze hariak lotuz!” ekimenean herritarrek egindako eskaerak zertan diren azalduko da. Batzar hau apirilaren 8an izango da, 19:00etan, Bastero Kulturgunean. Ohar honen bidez, batzar horretarako deia luzatu nahi du udal gobernu taldeak herriko elkarte, talde zein norbanako guztiei, baita komunikabideei ere, aurrekontuen proposamena bertatik bertara aurkeztu, ezagutu eta zenbait erreflexio zein iritzi konpartitzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!