"Oraintxe amaitu da Zizurkilgo XII. Antzerki Astea. Oso aste erakargarria izan da, hainbat motatako ikuskizunez betea. Herritarrei eskerrak eman beharrean gara, oso ondo erantzun dutelako, eta antolatutako ekintzetan gogoz parte hartu dutelako.
Martxoaren 17an eta 18an, herriko ikastetxeetako haurrentzako ikuskizunak izan ziren: Harriz-harri eta Galtzagorriei to, Iñaxito! Bertan bildutakoak oso gustura geratu ziren, eta asko gozatu zuten ikuskizunekin.
Bestalde, hilaren 19an, Ametsetan bizi kale antzerkia izan zen, Joxe Arregi plazan, Trapu Zaharrak konpainiaren eskutik. Oso harrera ona izan zuen, eta bildutako jendeak barre ugari egin zuen, eurak ere parte hartzera gonbidatu baitzituzten, beraiekin batera mozorrotuz.
Hilaren 20an, Bikokote haurrentzako emanaldia izan zen, Iriarte kultur etxean. Haur mordoa elkartu zen bertan, eta asko gozatu zuten antzerki-emanaldiarekin.
Azken eguna gaurkoa izan da, eta Pedro Mari Otaño ikastetxeko LH1 eta LH6ko ikasleek Hamelingo txirularia eta Markesaren etxea antzezlanak antzeztu dituzte, Atxulondo kultur etxean. Herriko gainerako ikastetxeetako ikasleak gonbidatu dituzte beren ikuskizunaz gozatzera".