Andoaindarren esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 21a, 10:05

Joan zen ostiralean Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena egin zen Basteroko ekitaldi aretoan. Abian da taldea Andoainen, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrek erabakitzeko aukeraren alde jarduteko asmoz, eta Durango eta Iruñea batuko dituen giza-katean jarrita dauzka begiak batez ere, 600 andoaindar eraman nahi baitira bertara.

Bideoa | Kronika:

Ekitaldian zehar, Gure Esku Dago ekimena ez ezik, Andoainen berau sustatzeko sortu den taldea aurkeztu zen. Mikel Mancizidor eta Ainhoa Aiertzak gidatu zuten kultur kutsua eduki zuen ekitaldia. Aritz Eskudero eta Ion Beloki bertso eskolako kideek bertsoak abestu eta jarraian, Alberto Agirre abesbatzako eta Basteroko helduen abestatzako zenbait kidek Txoriak Txori abestu zuten. Ez zen aurreskurik ere falta izan, Urkiko bi dantzarien eskutik.
Ekimena zabaltzeko egin den bideoklipa ikusi ahal izan zen, eta ekitaldiari amaiera emateko argazkia osatzeko bildu ziren bertaratutako guztiak.   
Aurkezleek adierazi zutenez, Gure Esku Dago ekimena erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duen mugimendu irekia da. “Erabakitzeko eskubidea, nazioarteko legedian jasotako eskubide demokratikoa eta unibertsala da. Beraz, zer demokratikoagoa, herritarrei hitza ematea baino?”. Zenbait ekitaldi iragarri dira aldarrikapen hori kaleratzeko hurrengo aste eta hilabeteetan. Ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen giza katea izango da ekitaldirik handiena. Andoaingo herriari Arakil eta Irurtzun arteko 103. kilometroa egokitu zaio, eta erronka latza jarri da tarte hori osatzeko: seirehun lagun eraman nahi dira bertara.   
Aurretik, igande honetan Basteron eguerdiko 12:00etatik aurrera, ekimenaren inguruko informazioa banatuko dute.

Izaskun Audikana
Interneteko orrietan eta prentsan jaso dut informazioa ekimen honen inguruan aurreko asteetan, eta konforme nago erabat eskatzen duenarekin eta plazaratzeko moduarekin. Jendearen adostasuna bilatu nahi da, eta gustatzen zait horretarako martxan jarri den kanpaina. Bideoklipa oso polita eta ikusgarria iruditzen zait; maiz ikusi dugu etxean eta letra ere ikasi dugu dagoeneko.
Oso garrantzitsutzat jotzen dut ekainean antolatu duten giza-kate luzea. Egun polita eta ikusgarria izan daiteke, aproposa geure etorkizuna geure esku egon behar duela aldarrikatzeko eta bistan jartzeko.
Arakil (Nafarroa) aldean egokitzen omen zaigu andoaindarroi; 600 lagun behar omen dira. Bada, familiako kideak elkarrekin joango gara, eta gurasoen eta seme-alaben artean, gutxienez hamabost bat lagun bilduko gara!

Mari Karmen Martiarena
Lehendik ere baneukan ekimen honen aditzera eta gaur babesa ematera etorri naiz. Helduen abesbatzako kidea naiz, eta abestea ere egokitu zaigu gaurko ekitaldian zehar. Ekimenaren bultzatzaileak irudimenaz gain, herritar arruntok erraz ulertzeko moduko diskurtsoa erabiltzen ari direla iruditzen zait. Izan ere, gaur egun ez da nahikoa burujabe izan nahi dugula adieraztea; aldarrikapen horretara jendea batzeko, formula erakargarriak erabili behar dira. Alde horretatik, asmatzen ari dira herritarren ilusioa pizteko orduan; ez daukat zalantzarik ekainaren zortzian 50.000 pertsona eta gehiago bilduko garenik.
Ehunka andoaindar eraman nahi dira Uharteko kilometrora; kostako da, baina baita lortuko ere! Ez al gara kapaz izango, bada, ehunka batzuk mugitzeko, milaka lagun dituen Andoain batean? Nik, behintzat, agendan markatuta daukat egun hori, eta lagunekin joango naiz. Eguna iritsi bitartean, ingurukoak animatzen saiatuko naiz.

Candi Salaberria
Ni herrian sortzen diren ekimenetan parte hartzeko prest egoten naiz beti. Adiskide batek  ekimenaren nondik norakoa azaldu zidan lehengoan, eta asmo noblea zela iruditu zitzaidanez, aurrera! Gainera, bigarren gonbidapena jasota neukan gaurkorako, helduen abesbatzaren kide naizen aldetik.  
Euskarari eta euskal kulturari balio handia ematen diet nik, eta iruditzen zait horrelako ekimenek bat egiten dutela pentsamendu horrekin. Gauzak modu baketsuan planteatuz eta hurkoaren jatorria eta kultura errespetatuz, aurrera egin dezakegu. Gauzak horrela eginez gero, errazago adieraz dezakegu munduan geuk, euskal herritarrok, erabaki nahi dugula zer nahi dugun izan etorkizunean, nora joan nahi dugun eta norekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!