Pausoka, behar bereziak dituzten haurren integrazioaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 21a, 10:03

Pausoz pauso egiten da bidea. Behar bereziak dituzten haurren gurasoak lorpen ugari lortzen ari dira horrela. Ezina ekinez egitea zer den ondotxo dakite Pausoka elkarteko kideek. Fisioterapia edota logopedia behar bereziak dituzten haurren gurasoek administrazioak eskaintzen dien zerbitzua osatzeko bat egin eta Hernanin egoitza egokitu dute, zeinean haur horiek profesionalen eskuetan dauden. Ezintasunei aurre egiteko terapiei esker, haur horiek mugikortasunean eta beste alorretan garapen handia izaten ari dira. Behar beharrezkoa dute gizarte bazterketa saihesteko. Elkartearen oinarrian Buruntzaldeko gurasoak daude, tartean Urnietakoak eta Andoaingoak. Dagoeneko, gainera, eskualdeko eta Gipuzkoako egoera beretsua pairatzen duten familiek ere bat egin dute Pausokarekin.

Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Hondarribia, Irun, Errenteria, Legazpi, Orio..., behar bereziak dituzten 36 haur dira dagoeneko Pausoka elkartearen azpiegituraz eta adituen zerbitzuez baliatzen ari direnak. Maria Lesaca elkarteko bozeramaileetako bat da.

Behar bereziak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzeko fisioterapia edota logopedia saioak maiz egin behar izaten dira. Zerbitzu publiko edota kontzertatuaren bitartez, astean zehar eskaintzen zaien tartea txikiegia dela eta, behar beretsuak zituzten gurasoak elkartu eta errehabilitazio gune bat sortu dute Hernaniko Etxeberri auzunean. Haien webguneak argi adierazten du asmoa, “helburu bezala, haurren beharrei arreta jartzea eta berauen bizi kalitatea hobetzea ditugu. Diru irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta gure ekintzekin gure seme-alaben integrazioa eta eskubideak lortu nahi ditugu, edozein dela ere arloa”. 2012tik hona urrats sendoak eman dituzte eta dagoeneko Gipuzkoa osoko haurrak hurbiltzen ari zaizkie. Urnieta, Andoain, Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Hondarribia, Irun, Errenteria, Legazpi, Orio..., behar bereziak dituzten 36 haur dira dagoeneko Pausoka elkartearen azpiegituraz eta adituen zerbitzuez baliatzen ari direnak. Une honetan itxaron zerrenda ireki dute, haur guztientzat zerbitzua eman ezinik.  Egoitzak etxabe osoa hartzen du eta terapia okupazionala, fisioterapia eta logopedia eskaintzeko gela bana martxan dute. Datozen hilabeteetan terapia okupazionalerako bigarren gela irekitzeko lanetan ari dira.

Hernaniko Udalari eta hainbat esker
Urte eta erdi atzera, egoitza bila udaletxeetara ate joka hasi  eta Hernanikoa izan zen erantzuten lehena. Pozarren daude, elkartearen eskaerak errealitate bilakatzen ari direlako. Hernaniko Udalari esker aurrera egiten ari dira. Alokairurik ez diete kobratzen eta argindarra euren kontura doa. Enpresa eta erakunde pribatuak, bazkideak, Pirritx eta Porrotx pailazoak, kalean geratu eta laguntza ematen dieten herrikideak..., askoren laguntzari esker aurrera ateratzen ari da Pausoka elkartea.

 Maria Lesaca urnietarra, Markelen ama

Hernaniko egoitzan eta Pausoka elkartean buru-belarri dabilen kideetakoa bat Maria Lesaca Ansorena urnietarra da. 2010ean Markel bere semearekin Galiziako fundazio batera jo zuen, haurrak duen garun lesioa dela eta ezintasunei aurre egiteko tratamendua jasotzera. Finantzaketarako kanpaina burutu zuten herrian, eta geroztik eskertuta daude urnietarrek erakutsitako elkartasunarekin. Maria Lesacak indar osoa jarri du Markelen eta bera bezalako haurren alde lanean. Pausoka elkarteko eragileetako bat da gaur egun. Ezagutzen dutenek jakin badakite nortasun handikoa dela, eta halaxe hitz egiten du Pausokak duen egoitza Aiurriri erakusten dion bitartean, “haurren bizi kalitatearen alde egiten dugu lan. Ezinbestekoa da, haur hauek gizartean ez dira ezer eta ez badituzu errehabilitatzen are gutxiago. Markel semea Galiziara eraman nuen eta hango terapiekin gurpildun aulkitik altxatzea lortu nuen. Gaur egun eskolara eramaten dut, eskolan gizarteratuta dago. Gaur mundu guztiarentzat Markel bada norbait”.
Markel semeari eta antzeko egoeran direnei gutxieneko terapia ziurtatzen die administrazioak. Fisioterapia zerbitzua, adibidez, aste bakoitzeko ordu erdiko bi saio. Gutxiegi da, ordea. “Horrelako haur batek, egunero fisioterapia, logopedia eta terapia okupazionaleko ordubeteko saioa behar izaten du. Hiru ordu, beraz, egunero. Horrez gain, igeriketa saioak. Eta nahi izate aldera, estimulazioa areagotzeko musikoterapia bezalakoak. Haur hauen bizi kalitatea ez da ona eta lana gogotik egin behar da bizi kalitatea okertzea saihesteko”.
Antzeko egoeran dauden gurasoen beharra egon da Pausoka elkartearen sorburuan. Terapia bakoitzeko prezioa merkatuan 50-60 eurokoa bada, kontuak azkar atera daitezke: dirutza da gurasoek ordaindu beharko luketena. Horregatik indarrak batu eta prezioak adosteko garaian, elkarteak profesionalei egoitza eta ordu kopuru handi samarra eskaintzen diete. Hartara, gurasoei, bere kabuz ordaindu beharko lukeeena baino askoz merkeago aterako zaie.
Pausoka, urrats sendoak eman dituzte denbora tarte honetan. Etengabeko terapiarekin, haurrak gizarte bazterkeriatik atera eta besteen artean integratzea lortu arte.

Hernaniko egoitzaren zerbitzuak

Terapia okupazionala, fisioterapia eta logopedia zerbitzuak eskaintzea ezinbestekoa dira behar bereziak dituzten haurren kasuan. Hernanin egokitu duten egoitzan hiru zerbitzu horiek eskaintzen dituzte.

Laguntza emateko moduak

Elkarteko bazkide izan nahi duenak 60 euroko kuota ordaintzen du urteko. Egun hauetan laguntza eskatzeko deialdi berria egin dute eta mezuan adierazi dutenez, “euro bakarreko ekarpena ere laguntza handikoa da”.
Telefono zenbakia:
666 839 993.
Posta elektronikoa:
info@pausokaelkartea.org
Kontu korronte zenbakia:
2095 5006 32 1064260044.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!