Geltokian, bizi puskak, joan-etorrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 21a, 08:57

Joan zen martxoaren 13an estreinatu zuen Aukeran dantza konpaniak Geltokia izeneko lan berria, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean. Bederatzi dantzarietako bost amasar eta billabonatarrak dira. Ioritz Galarraga, Ione Iriarte, Uxue Urruzola, Itziar Uzkudun eta Axier Iriarte. Eurena da hitza…:

Geltokia emanaldiaren aurre estreinaldia Urnietako Sarobe antzokian egin zenuten martxoaren 9an. Lehen taularatzea, zuen entsegu gunean bertan. Zer moduzkoa izan zen lehen bidaia?
Ioritz:
Gustura geratu ginen Urnietako Sarobe antzokiko aurre estreinaldiarekin eta ikusleei ere emanaldia gustatu egin zitzaiela iruditu zitzaigun. Lehen saioak arraroak izaten dira guretzat; denbora asko igarotzen baitugu aurrez gure artean entseatzen, inork saiorik ikusi gabe. Taularatu aurretik, ez dugu jakiten zein izango den ikuslearen erantzuna.
Itziar: Prestatzen ari garena guri gustatu arren, hainbestetan entseatu eta errepikatzearen ondorioz, guk ere duda egiten dugu gero ikusleak gustuko izango duen edo ez.
Uxue: Udazkenean Bilbon Geltokia ikuskizunaren zati labur bat eskaini genuen. 20 minutuko zati hura prestatu genuen lehenengo eta emanaldi osoa ondoren. Lehen gala hartan gu gustura geratu ginen eta ikusleak ere bai.
Ione: Aurrez jendaurrean aritzeak segurtasuna ematen du estreinaldiari begira.
Ioritz: Eszenatoki aldaketara ere ohitu beharra dago. Orain artean Sarobe antzokian entseatu dugu beti eta aurre estreinaldia ere bertan eskaini genuen. Hemendik aurrera antzoki berrietara egokitu beharko dugu. Antzokiaren neurria aldatzeak eragin egiten du beti, antzoki bakoitzeko baldintzetara egokitu behar izaten baita emanaldia.

Estrenaldia etorri zen gero, martxoaren 13an, Donostiako Victoria Eugenian…
Ioritz eta Axier:
DFeriaren baitan, azken eguneko emanaldia izan zen gurea. Gustura geratu ginen, harrera bikaina jaso baikenuen. Bihararamunean, martxoaren 14an, Balmasedan aritu ginen eta oso pozik itzuli ginen handik ere. Abiapuntua ona izan da eta oso gustura gaude.

Zer eskaintzen du Geltokia emanaldiak?
Itziar:
Tren geltoki batean gertatzen diren bizitzako etapa ezberdinak islatzen dira emanaldian zehar. Etapa eta pertsona ezberdinak gurutzatzen dira bertan; bizi puskak, azken batean.
Ioritz: Azken emanaldi honetan istorioa sinesten erakutsi digute gehiago, gero guk hori jendaurrean transmititzeko. Enrique Santiago eszena zuzendariak lagundu digu interpretazioa lantzen. Egia da norberak bere papera sinesten badu, desberdin ikusten dela kanpotik. Dantzatzeaz gain, paper bat ere betetzen dugu oraingoan.
Uxue: Bakoitzak pertsonaia ezberdina interpretatzen dugu eta paper horiek sinesgarriak izateko eredu ugari erakutsi digu Enriquek. Eszena zuzendariaren helburua ikuslearengana iristea izan da.
Ione: Hasieran zertxobait kosta egin zitzaigun antzezle paperean sartzea, baina pixkanaka, ondo moldatu gara.
Uxue: Moldatu egin behar izan dugu, bai guk eta baita eszena zuzendariak ere. Bera dantza mundutik baino, antzerki mundutik baitzetorren. Gure paperak lantzeko antzerkiko ariketa asko egin dugu. Guretzat guztiz esperientzia berria izan da egoera ezberdinak antzeztea. Nik esaterako, orain artean irribarretsu egin izan dut dantza beti. Oraingo emanaldirako, ordea, erregistroz aldatu behar izan dugu. Interpretazioa lantzea izan da guretzat aldaketarik handiena. Gainerakoan, dantzari dagokionez lehengo bidea landu dugu.

Nola definituko zenukete dantzariok Geltokia emanaldia?
Itziar:
Aurre estreinaldia ikusi zuten lagunek oso emanaldi polita zela esan zidaten. Hunkitu egin zirela.
Axier: Bibolinaren doinuak tartean, musika oso polita da eta horrek ere asko laguntzen du emanaldia goxatzen.
Ioritz: Emanaldian zehar bizitzaren fase ezberdinak irudikatzen direnez, etapa bakoitzari dagozkion ezaugarriak ageri dira. Gaztaroa irudikatzen dugunean egiten ditugu dantzarik alai eta indartsuenak; kideetako bat agurtzen denean, berriz, tristeagoak… Ohiko euskal dantzak, fandangoa, arin-arina edota banakoa, gaztaroarekin lotuta eskaintzen ditugu. Euskal dantzekin batera, dantza garaikidea ere tartekatzen dugu emanaldian zehar.
Itziar: Emanaldia giro lasaian hasi eta bukatzen da. Erdialdea, ordea, biziagoa da.

Zer diozue jantziez?
Itziar
: Oso jantzi politak egin ditu Oscar Armendarizek, bai neska eta bai mutilenak. Nire iritziz, mutilen jantziek bereziki, oso ondo islatzen dute emanaldia kokatzen den garaia: 50eko hamarkada, hain zuzen.

Musika ere ederra dela aipatu duzue aurrez…
Ioritz:
Xabier Zeberio tolosarraren musika entzungo da emanaldian zehar, oso doinu politak. Kantu pare bat izan ezik, gainerako guztiak Geltokia emanaldirako sortu ditu espreski.
Itziar: Musika goxoa da, entzuteko polita eta asko laguntzen du ikuskizuna indartzen; musika gustatuz gero, errazagoa da istorioaren barruan sartzea.
Ione: Dantzariontzat garrantzitsua da musika gustuko izatea, motibagarriagoa baita guretzat gustuko doinuekin dantzan aritzea.
Atrezzoari begira, dotore ageri da eszenatokia…
Ioritz: Pantailari esker, tren geltokiarekin harremana duten irudi ezberdinak ageri dira eszenatokian: tren geltokia bera, trenak, erlojua, hitzak…
Uxue: Irudiek nahiz trenaren soinuak asko girotzen dute lana. Giro horren baitan ageri gara dantzariak.
Ione: Maletak ere ez dira falta. Dantza guztietan ageri da maletaren bat eszenatokian bertan edota dantzarion eskuetan. Azken batean, bidaiariak gara eta bakoitzaren bizia gordetzen dute maleta horiek.

Bederatzi dantzarik hartzen duzue Geltokia emanaldian parte. Horietako bost amasar edo billabonatarrak zarete…
Ioritz:
Partaideetako gehienak herritarrak gara. Bostok Oinkari dantza taldean abiatu genuen gure bidea eta orain, Aukeraneko entseguetara joateko ere elkarrekin ibiltzen gara kotxean.
Uxue: Hasieran bereziki, asko eskertzen da taldekideak ezagunak izatea. Bakarrik talde berri batean sartzea baino askoz ere errazagoa baita lagunen babesean hastea.
Ione: Gutxi gara taldean eta giro ona dugu elkarren artean.
Ioritz: Astean hiru egunetan entseatzen dugunez, zer erremedio! Asko eskertzen da taldeko giro ona, bestela ezinezkoa litzateke horrelako ekimen bat aurrera ateratzea.

Zer esan nahi du zuentzat Aukeran-en mailako konpainia bateko dantzari izateak?
Ioritz:
Aukera paregabea da guretzat. Ez gara dantzari profesionalak, baina konpromiso handia dugu eta konpainiako kide izateak izen handiko antzokietan aritzeko aukera eskaintzen digu, bidaiatu edota jende berria ezagutzeko aukerarekin batera.
Itziar: Dantzan sakontzen jarraitzeko aukera ere bai, noski.

Dantza eta ikasketak uztartuta
Bost taldekideek ikasketak dantzarekin batera uztartzen dituzte. Eskolako lanez gainezka dabiltzanean, dantzan hastea zertxobait kosta egiten zaiela aitortu duten arren, “gustuko lekuan aldaparik ez” diote. Ioritzek diseinu ingeneritza ikasketak amaitu eta gero, irakasle izateko masterra egiten dihardu egun. Dantza irakasten ere aritzen da Donostian. Ione, enpresaritza karrerako 3. maila ikasten ari da. Uxue enpresaritza karrera amaitzeko proiektua garatzen. Itziar haur hezkuntzako gradua egiten eta batxillergoa amaitzen Axier.

Amasar eta billabonatarrak Aukeran konpainian
Arreba Nahikariren urratsak jarraituz, duela zazpi urte hasi zen Ioritz Galarraga Aukeran dantza konpainian dantzan. Geroago gehitu zen Ione Iriarte, duela lau urte eta erdi. Orain bi urte ekin zieten konpainian euren bideei Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudunek. Taldera gehitu den Villabonako azken kidea Axier Iriarte da, iaz hasia, taldeko gazteena.
Aukeran konpainiarekin batera, herriko hamaika ekintzatan ere hartzen dute parte elkarrizketatuek. Berriki, Ione, Uxue eta Itziar, Villabonako Udalak martxoaren 8rako osatutako bideorako dantzan aritu dira, besteak beste. “Ohitura ere bada herriko ekintzatan parte hartzea eta, egia esan, gustatu egiten zaigu. Ilusioa egiten digu gurekin gogoratzen direla ikusteak”, jakinarazi dute.

Agenda betetzen
Oraindik ez dakite Amasa-Villabonan bertan Geltokia emanaldia eskaintzeko aukerarik izango ote duten. Hala ere bostak bat etorri dira herrian bertan gustura arituko liratekeela esaterakoan, “asko gustatuko litzaiguke herritarren aurrean Geltokia eskaintzea. Ea aukera sortzen den etorkizunean!”. Momentuz, Tolosan, Orion, Gernikan edota Oiartzunen saioak hitzartuta badituzte ere, aukera gehiago hurrengo urteari begira sortuko zaiela uste dute.
Estreinua Donostiako DFeria jaialdiaren baitan izatea ere positiboa dela diote, “bertan programatzaile asko izaten da eta gure eskaintza gustatu bazaie, ea emanaldia bertan edo kanpoan zabaltzen duten. Bidaiatzeko ere prest baikaude gu”, azaldu dute irribarretsu. Aurrez, beste hainbat lan aurkeztuz, kanpoko hainbat lur ezagutzeko aukera izan zuten hainbat taldekidek; tartean, Oviedo, Argentina, Munich edota Edimburgo.

EMANALDIAREN FITXA TEKNIKOA
  • Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz
  • Eszena zuzendaritza: Enrique Santiago
  • Gidoia: Miren Agur Meabe
  • Jatorrizko musika: Xabier Zeberio
  • Argiztapen diseinua: Carlos Solano
  • Zuzendari laguntzailea: Eli Alberdi
  • Koreografiak: Edu Muruamendiaraz, Aukeran DK
  • Dantza garaikide aholkularitza: Eneko Alkaraz
  • Dantzariak: Ioritz Galarraga, Ione Iriarte, Uxue Urruzola, Itziar Uzkudun, Axier Iriarte, Ander Errasti, Ekain Kazabon, Amaia Basilio eta Garazi Egiguren
  • Jantziak: Oscar Armendariz
  • Soinua: Kandi Fernández.
  • Ekoizpen laguntzailea: Jaione Jauregi
  • Argazkiak: Kali G.
  • Argiztapena eta ikus - entzunezkoak: Carlos Solano
  • Ekoizpen exekutiboa: Aukeran Dantza Konpainia
  • Banaketa: Glu-Glu Producciones.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!