Teodosio Enea etxeko azken biztanleak, etxearen historia gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 21a, 08:50

Zizurkilgo plaza eraberritzearen ondorioz, datozen egunetan eraitsiko dute XX. mende hasieran eraikitako Teodosio Enea etxea. Azken hamarkadetan bertan bizitutako Mikeli Goikoetxea eta Jokine Almorza ama-alabek hartu dute hitza:

Mikeli Goikoetxearen senar zenaren aitona Teodosio Almorzak eraiki zuen Teodosio Enea etxea Zizurkilen. 1900 urtean eskatu zuen etxea eraikitzeko baimena eta Foru Aldundiari erosi zizkion lurrak. Bere izena jarri zion Asteasu errekaren gainean eraikitako etxeari, mende pasatxoan, Elbarrenako paisaian historia luzeko etxea izan denari. Bere asmoa, etxe hura familiako kideen bizileku izatea zen eta tartean, maizterrak ere bizitu diren arren, halaxe gauzatu da bost belaunalditan zehar. Lehen solairuan Almorza familia kokatu izan da beti. Mikeli Goikoetxea alargunak, haren alaba Jokinek eta honen senar Juan Gomezek, Joseba eta Itziar seme-alabekin batera eman diote amaiera etxeari. Bigarren solairuan, berriz, Miren Carton-en familia bizitu da azken 50 bat urtean.
Mikelik, urteak atzera eginez, senarraren aipamena egin du: “Joan Joxe senarrak ez zuen bere aita Joxe ezagutu, ama (Joakina Galarza) zortzi hilabeteko haurdun zegoela hil baitzen. Teodosio etxeko tabernan lanean aritzen zen Joakina”. Jokine bilobak, bien bitartean, amonak tabernan zenbat lan egin zuen gogoratu du: “Bazkariak ere zerbitzatzen zituen bertan eta oso famatuak ziren prestatzen zituen tripaki nahiz karakolak. Tabernaz gain, denda koxkor bat ere bazuen; gailetak eta bestelako jakiak saltzen zituen amonak. Behartsuei laguntzen ahalegintzen zen beti eta ahal zuen guztiei ematen zien janaria”. Teodosio Enea etxea “bizi guztian” historia luze eta handiko etxea izan dela aipatu dute biek, nolabait definitzearren “familiako etxea”. Familiako kideez gain, ordea, maizter ugari bizitu dela aipatu dute, “goiko solairuan azken urteotan beti berdinak bizitu izan dira hil artean”.

Kroketak eta eltzeko kafea
Mikeli Goikoetxea Nafarroako Intza herrixkatik ezkondu zen Zizurkilera. Gazterik hasi zen lanean Donostian eta bertan ezagutu zuen gerora senarra izango zuen Joan Joxe Almorza, Kansas kafetegian kamarera lanetan zebilela, “ezagutu nuenean, Joan Joxek taloak egiten zituen Kansas tabernan. Gaztetatik gustatzen zitzaion sukaldaritza eta 14 urterekin hasi zen ikasten. Santanderrera ere joan zen ikasketak egitera. Maria Cristinako sukalde arduradun izatera ailegatu zen eta, besteak beste, Lizarra ondoko Aiegiko Iratxe hotelean edota Iruñeko Las pocholas jatetxean aritu zen lanean”. Sukaldari gisa ez ezik, lan handia egin zuen Joan Joxek politika mailan ere, “oso abertzalea zen eta propaganda banatzeagatik espetxean egon zen aita. Iparraldeko politikariekin harreman handia zeukan”, gogoratu du Jokinek. “Ikurrina handiak eta propaganda ekartzen zituzten Iparraldetik. Talde handia elkartzen ziren: irakasle, abokatu nahiz sendagileak tartean. Garai hartan sortu zituzten lehen ikastolak Donostian”, gaineratu Mikelik.
Ezkondu zirenean, biek Donostian lan egiten zutenez, bizitzera Donostiara joan beharko zutela esan zion Joan Joxek Mikeliri, “hura poza nirea! 27 urte nituen eta Donostian bizitzera ohitu ondoren, Zizurkilera etortzea aspergarria iruditzen zitzaidan orduan. Senarra, ordea, Zizurkilgoa zen eta herriak tira egiten zion. Bertan geratu ginen bizitzen”.
Zizurkilera etorrita, Pasus jatetxean sukaldari lanetan aritu ziren hasiera batean lanean Mikeli eta Joan Joxe senarra. Gerora, Joakinarekin batera, urte askoan egin zuen lan Mikelak Teodosio Eneako tabernan. Jokinek azaldu duenez, “amaren espezialitatea haragi egosi eta arrautzekin eginiko kroketak ziren, jende asko etortzen zen haiek jatera. Kroketekin batera, Teodosio Eneako eltzeko kafeak ere fama handia zuen. Kafe etxe ezberdinek eskaini ziguten kafetera jartzeko aukera, baina ez genuen jarri: jendea eltzeko kafearen bila etortzen baitzen tabernara. Igandeetan bereziki, izugarrizko jende piloa etortzen zen inguruko herrietatik eta neroni ere tabernan laguntzen aritzen nintzen”. Dudarik gabe, kroketa piloa egin zuen garai hartan Mikelik, “jendeak gustora jaten zituen eta erraz egiten nituen nik kroketak orduan”.

Perratokia ere gertu
Orain 30 bat urte pasatxo, estankoa zabaldu zuten etxearen azpialdean eta bertan aritu dira lanean Mikeli nahiz Jokine. Tabakoa saltzeko baimena, ordea, lehenago eskuratu zuen Joan Joxek eta hasiera batean, tabernan bertan saltzen zituzten tabako nahiz puruak. Mikeliren hitzetan, “senarrak Maria Cristinan lan egiten zuela lortu zuen Teososio Enea etxean tabakoa saltzeko baimena. Berak esaten zuenez, markesa batzuk ailegatu ziren behin hotelera eta haiek sinatu zioten estankoa martxan jartzeko baimena. Orduan oso zaila zen baimen hura lortzea”.
Teosodio Enea etxearen historiaren zati bat, beraz, bertan kokatutako taberna nahiz estankoak osatzen dute. Hala ere, antzinagoko urteetara jauzi eginda, beste lanbide bat ere landu zen etxearen inguruan. “Teodosio bera -nahiz bere ondorengo ugari- perratzaileak izan ziren lanbidez eta Teodosiok perratokia eraiki zuen etxearen atzealdean. Gerora, perratokiaren gainean Teodosioberri etxea altxatu zen. Teodosioren seme zaharrena hasi zen etxe hura eraikitzen, baina ez zuen sekula zutik ikusi; lehenago hil baitzen. Joakina emazteak egin zuen aurrera senarraren proiektuarekin”, azaldu du Mikelik. Perratokiaren inguruan sortzen zen giroa ondo gogoan duela ere jakinarazi du, gainera: “Garai hartan inguruan baserri asko zegoenez, mugimendu handia sortzen zen etxe atarian: behi, idi, behor…, denetarik izaten zen han. Nik ezagutu nuen garaian, Migel Zabalak zuen perratokiaren ardura. Perratokia itxi eta gero, Batzokia ireki zuten bertan”.

Penarik ez, damua bai
Hainbeste urtean etxea eraitsi egingo dutela entzun eta gero, dagoeneko etxea botata irudikatzea onartuta daukatela azaldu du Jokinek, “jaio nintzenetik, urtetan eta urtetan entzun dut etxea botatzeko asmoa. Mentalizatuta eta etsita gaude, beraz, dagoeneko. Aspaldian, ordenaziotik kanpora jarri zuten etxea eta, ondorioz, teilatuan ituteak sortu zirenean ere ez zen erraza izan hura konpontzea. Azkenean, Mikel Arrastoa alkate jarri zenean iritsi zitzaigun berrikuntzak egiteko baimena”. Mikelik ere etxea eraistearen inguruko bere iritzia azaldu du: “Batetik bestera, leku askoan ibilia naiz eta ez dut etxez aldatu garelako penarik. Baina badut barruan gordetako damu bat: hainbeste urtean Teodosio Enea etxean bizitu ondoren, Joan Joxe senarrak nahiz haren ama Joakinak etxea nola bota duten eta plazako etxe berrietara nola pasatu garen ikusi ez izana. Horrek negargura sortzen dit”. Etxe berrien inguruan,  “oso gustura geratu gara. Plazakoak oso ondo egindako etxeak dira eta pozik gaude bertan”, gehitu du Mikelik. Etxea ez ezik, estankoa ere lekuz aldatu dute berriki. Aurrerantzean, etxe berrien azpialdean kokatuko da ama-alabek kudeatzen duten zerbitzu hori.
Orain berritu duten plaza ere hartu du hizpide Mikelik, bera Intzatik Zizurkilera etorri zen garaian artasoroa zela gogoratuz, “babarrunak eta artoa bakarrik lantzen zen bertan garai hartan. Gerora obra egin eta plaza altxatu zuten gune hartan. Orain, berriz, plaza berria eraiki dute. Sarrerako pareta ez zait batere gustatzen, baina gainontzean, oso dotore geratu da plaza. Oso hila zen herria ni etorri nintzenean; ikusi besterik ez dago orain…”.

Teodosio Enea etxearen inguruko lana
Zizurkilgo Teodoro Hernandorena kultur taldeak, Teodosio Enea etxearen historiari buruzko lan interesgarria osatu du. Datozen asteotan, zizurkildar guztien etxeetara banatuko dute testuz eta agazkiz osatutako 55 orrialdeko liburuxka ederra.

Taberna, azken urteetan
Teodosio taberna almorzatarren eskuz esku igaro zen urtetan. 1970eko hamarkada amaieran alokairuan uztea erabaki zuten, “urtean zehar, festetan Herri Batasunakoek alokatzen ziguten taberna, gu bakarrik ez baikinen ondo moldatzen gerturatzen zen jende guztia hartzeko. HBkoek estimu handia zioten tabernari. Gerora, besteak beste, Amaia eta Arantxa Zabala ahizpa zizurkildarrek alokatu zuten taberna, baita Xabier Agirretxek ere. Azken honek taberna hartu zuenean, hainbat konponketa egin zen eta billarreko mahaia ere jarri zuen. Taberna jendez lepo beteta egoten zen orduan. Jendea Donostiatik ere etortzen zen bertara. Gabriel Hilario tolosarrak eman zion amaiera tabernari, gerora erabilera laburren bat izan bazuen ere”, azaldu dute ama-alabek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!