Jon Barrondo zesta-puntalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 20a, 14:07

Bederatzi urte zituenean iritsi zen lehendabiziko zesta Jon Barrondoren eskuetara. Bere aitaren eskutik eman zituen lehen pausoak kirol horretan eta profesional mailara iritsita, bikain ibili zen 2008an erretiratu zen arte.

Nolaz hasi zinen zesta-puntan jokatzen?
Kirol ezberdin askotan jokatzen nuen umetan; eskupilotan, futbolean, palan... Bederatzi urte nituenean, ordea, aitak zesta bat ekarri zuen etxera. Zesta harekin froga egin, eta geroztik ez nuen gehiago kendu. Eskuz jokatzean, hatzaparrak mindu egiten dira; zestarekin, ordea, ez da horrelakorik, eta gustatu egin zitzaidan. Gure aita zena bizkaitarra zen eta zaletasun izugarria zuen zestarekin. Hark bultzatu gintuen, Aitor anaia eta biok, kirol horretan aritzera.

Andoaingo Arrate pilotalekuan hartu zenituen lehendabiziko eskolak…
Gure aitak Rafael Elizondori proposatu zion bi anaioi erakustea. Andoaingo zesta-punta eskolaren lehen mugarria izan zen hura. Zenbait urtetan indar handia hartu zuen eskola hark. Hirurogei mutiko izatera ere iritsi ginen. Inguruko herrietako jendea etortzen zen zestan jokatzera eta baita urrutiagotik ere: Doneztebetik, Noaindik, Betelutik... Garai hartan oso zaila zen Andoainen zestan jokatzeko tarteren bat bilatzea; Arrate pilotalekua beti hartuta egoten zen.
Rafael Elizondo puntista profesionala izandakoa zen eta oso irakasle ona izan zen. Pilotari on asko pasa zen bere eskolatik.

Arraten emandako lehen pilotakada haien ondoren, zein izan zen zure ibilbidea?
Hamalau urte nituenean, zesta besterik ez nuen buruan; eskolan ez nuen golperik jotzen eta argi neukan pilotari izan nahi nuela. Nire aitak Ermuan bazuen familia eta hara bidali ninduen. Izan ere, debuta Gipuzkoan egin izan banu, Bartzelona aldera bideratuko zatekeen nire kirol ibilbidea eta nire helburua Ameriketara joatea zen. Horretarako, Bizkaia aldera jotzea zen egokiena. Markinara joaten nintzen entrenamenduak egitera; Agur Jai alai enpresa zegoen bertan eta haiek jartzen zuten pilotari berriak Ameriketara bidali ahal izateko dirua.
Hamasei urterekin Gernikan egin nuen debuta. Inguru horretan jokatzen nituen partida gehienak; Durango, Markina, Gernika...

Oso gazterik eman zenuen Ameriketarako pausoa...
Hemezortzi urte bete aurretik joan nintzen. Garai horretan oraindik ere soldaduska egin beharra izaten genuen. Hemezortzi urte betetakoan soldaduskako zerrendan sartzen gintuzten eta hori gertatu aurretik Ameriketara joateko aukera izan nuen. Estatu Batuetan egin nuen halamoduzko soldaduska; kontsulatuan banderari zin egin eta urtean behin kartilla bidaltzen nuen, zigila zezaten.

Hamazazpi urterekin, hegazkina hartu eta Ameriketara joan zinen. Zein oroitzapen duzu han igarotako lehen egun haietaz?
Hegazkinetik jaitsitakoan, bero izugarria egiten zuela gogoratzen naiz. Hango auto handiek ere atentzioa eman zidaten lehen momentu haietan. Bertan zeuden pilotariek jaso ninduten aireportutik eta eskerrak haiei. Oso gaztea nintzen eta ez nekien ingelesez hitz egiten, ez dakit zer egingo nukeen bakar-bakarrik egon izan banintz. Beraiek erabat babestu ninduten eta uneoro esaten zidaten nora joan eta zer egin.
Miamiko hotel batean egin genuen lehendabiziko geldialdia. Egoera bertsua ginen gazteak elkartu eta kalera atera ginen, zerbait jateko asmoz. Batera eta bestera genbiltzala ikusita, poliziak gerturatu zitzaizkigun zertan ari ginen galdetzera. Janari azkarra saltzen duten jatetxe horietako batera bidali gintuzten. Miamin jende askok hitz egiten du gaztelaniaz, baina jatetxe hartan ez zigun inork ulertzen. Besoekin hegalen mugimendua irudikatuz lortu genuen oilaskoa eskatzea. Barre algara ederrak egin genituen egun hartan.

Pilotalekuz pilotaleku ibili zinen Ameriketan. Kontaiguzu…
Sistema berezia zuen nire enpresak pilotari berrientzat. Lau pilotalekuren jabe ziren eta horietan aritzen ginen, bakoitzean denboralditxo bat pasaz. Guretzat ez zen oso sistema erosoa, izan ere, toki batera egokitzen hasten ginen bezain laster, trasteak hartu eta beste toki batera joan beharra izaten baikenuen. Laguntza asko behar izan genuen bolada hartan, hamazazpi urterekin oraindik ez genuen gidatzeko baimenik ere, eta beti norbaiten laguntzaren premian ibiltzen ginen.
Hala ere, zorte handia izan nuen eta urtebetez bakarrik egin nuen zirkuitu hura. Enpresako arduradunei gustatu egin zitzaien nire jokatzeko modua eta Tanpako pilotalekura bidali ninduten.

Internetik gabeko garaiak ziren haiek. Nola mantendu zenuen harremana etxekoekin?
Gutun asko idazten nituen eta telefonoz ere hitz egiten nuen. Astean behin deitzen nion andregaiari eta etxera ere deitzen nuen. Dirutza handiak gastatu nituen telefono dei haietan. Horrez gain, pilotalekuetako programazioak postaz bidaltzen nizkion aitari; izugarri gustura hartzen zituen.

Herrimin handia izan al zenuen?
Bai, baina han ere oso gustura nengoen, ez nintzen mehatzean lan egitera joan. Zesta- puntan jokatzea izugarri gustatzen zitzaidan eta erabat horretan murgilduta ibili nintzen. Egunero joaten nintzen pilotalekura eta gainera, dirua irabazten ari nintzen. Hemengo bizimoduaren hutsa sentitzen nuen baina hango martxa ere polita zen; eguraldi ona, igerilekua... Amaren otordu goxoez maiz gogoratzen nintzen, baina ondo moldatu ginen.

1988ko grebak Ameriketan harrapatu zintuen. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?

Hiru urte eta erdi luzatu zen pilotarion greba hura. Gogorra izan zen. Legez kanpoko lantxoak eginez lortzen genuen dirutxoarekin bizi ginen. Tartean, hala ere, enpresarekin hitzartutako akordio bati esker, zenbait partida jokatzeko aukera izan genuen lau pilotarik. Egun haietan irabazitako diruaren erdia grebalariekin banatzen genuen. Pilotarien arteko giroa, bestalde, gaiztotua zegoen; zenbait pilotari grebaren alde ginen eta beste zenbait lanean hasiak ziren. Partida gogorrak jokatzen genituen haien aurka. Lau hilabetez modu horretan jokatzen aritu ondoren, Euskal Herrira etorri nintzen boladatxo bat pasatzera. Itzuleran, greba egoerak bizirik jarraitzen zuen eta enpresak ez zidan partida gehiago jokatzen utzi; piketetara itzultzea egokitu zitzaidan. Greba amaitu zenean, artean nik ez nuen Estatu Batuetako naziotasunik eta Euskal Herrira itzuli beharra izan nuen urtebete pasatzera. Xixtera enpresarekin aritu nintzen urte hartan.

Zure anaia Aitorrek ere ezagutu zituen greba egun haiek...
Bai, Aitor Estatu Batuetara iritsi bezain pronto hasi zen greban eta uzteko erabakia hartu zuen. Pena izan zen. Pilotari ona zen Aitor, errematatzailea. Gaztetxotan, ordu mordoa pasa genuen pilotalekuan. Jokoaren eraginez, askotan haserretzen ginen elkarrekin, baina gustura ibiltzen ginen.

Mexikoko pilotalekuak ere ezagutu zenituen...
1993an, neronek eman nuen Mexikora joateko pausoa. Goruntz zetorren hango pilota mundua eta hara joatea erabaki nuen. Lehen partida oso gogorra izan zen. Mexiko hiria altuera handian dago eta gorputza pixka bat egokitu arte, gaizki pasa nuen. Dardarka amaitu nuen lehen partida hura. Egokitzapena amaituta, ordea, oso urte onak pasa nituen Mexikon; nire kirol ibilbideko onenak ziurrenik. Bi urte eta erdi egin nituen han. Diru polita irabazten ari nintzen Mexikon, baina hango ekonomiaren egoera okertzen hasi zen eta txanponak balioa galdu zuen. Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu nuen. Ordurako, gainera, alaba jaioa zen eta eskolan hasteko garaia iristen ari zitzaion. Aurrera edo atzera, erabakiren bat hartu beharra zegoen eta Andoainera itzultzea erabaki genuen.

Nola gogoratzen duzu Estatu Batuetako bizimodutik Mexikorako jauzia?
Joaneko bidaia autoz egin genuen. Muga pasa bezain laster, beste mundu batean sartzen ari ginela sentitu nuen. Mexiko DF-ra joan behar genuen eta han, jendea autoaren gainera etortzen zitzaigun, gauzak saltzera edo eskera. Hiri handia da Mexikoko hiriburua eta baita arriskutsua ere.
Pilotari dagokionez, berriz, oso urte onak bizitu nituen han. Edozeinen aurka irabazteko gai sentitzen nintzen. Arazo fisiko baten eraginez jokatu gabe ere egon beharra izan nuen bolada luze batean, baina orokorrean, oso oroitzapen onak ditut.

Txapelketa askotan lortu duzu garaipena. Haietakoren bat nabarmenduko al zenuke?
1997an pilotari onenaren saria eman zidan Espainiako Pilota Federazioak. Modalitate ezberdinetako pilotari guztiak hartzen dira kontuan sari horretan, eta ilusio handia egin zidan.

Haserrealdiren bat ere pasako zenuen pilotalekuetan...
Euskal Herriko txapelketa bateko finalean harrapatu nuen inoizko haserrealdirik handiena. Katxin Uriarte nuen aurkari eta oso gaizki hasi nuen partida. Pixkanaka, ordea, nire jokoa hobetzen joan eta buelta ematea lortu nuen. 33-32 ginenean, Katxinek tantoa galdu zuen. Epaileak, ordea, ez zuen hala ikusi eta haren alde eman zuen. Nire onetatik atera nintzen. Sekula ez dut egun hartan bizitako haserrealdirik sentitu izan. Galdu egin nuen partida hura.

2008an etorri zitzaizun erretirorako garaia…
Besoan lesio larria izan nuen eta ahalegin guztiak egin arren, ezin izan nuen kantxara itzuli. Pena eman zidan horrela erretiratu beharrak, baina halaxe egokitu zen.
2010ean omenaldia egin zidaten Arrate pilotalekuan. Ekitaldi polita izan zen, hunkigarria, baina oso arraroa egin zitzaidan harmailetatik ikusi beharra. Agurreko azken partida bat jokatzea gustatuko zitzaidakeen, baina ezin izan nuen.

Nolakoa da gaur egun zesta- puntaren egoera?
Gipuzkoan ez du inoiz indar handirik izan eta gaur egun, are txikiagoa. Orokorrean begiratuta, oso egoera larrian dagoela esan behar da. Oso partida gutxi antolatzen da. Ez du laguntzarik jasotzen eta galtzear dagoela ere esango nuke. Estatu Batuetan pilotaleku batzuk mantentzen dituzte, joko eta apustuetarako baimena dutelako. Aitzakia horrekin, bingoa eta antzeko jokoak jartzen dituzte pilotalekuetan. Frantzian mugimendu handixeagoa dago, baina orokorrean, egoera larria da.

Kirol lorpen handiak
Amateur mailan:
  • Gipuzkoako txapeldun, 1981 eta 1984.
  • Espainiako txapeldun, 1983.
  • GRAVN txapelketako txapeldun, 1984.

Profesional mailan:
  • Nazioarteko txapelketako txapeldun Donibane Lohizunen, 2008.
  • Munduko txapeldun, 1993 (Mexikon), 1997 eta 1998.
  • Pau-ko supertxapeldun, 2006.
  • Kontinente arteko txapelketako garaile, 2000 eta 2001.
  • Amerikako txapelketako garaile Tijuanan, 1993.
  • Ciudad de México y Nicasio Rincón txapelketako garaile, 1993.
  • Urrezko zestako garaile, 1995 eta 1996.
  • Kontinente arteko txapelketa eta Miarritzeko Masterreko garaile, 1997.
  • Superchampions-eko txapeldun, 1999.

Txapelketak eta kinielak
Kinielak osatuz jokatzen zuten zesta-puntan Estatu Batuetara joaten ziren pilotariek. Hala azaldu du Jonek: “Zortzi pilotariko taldeak osatzen genituen. Lehen bi pilotariak kantxaratu, eta tanto bat jokatzen genuen. Galtzen zuenak pilotalekua uzten zuen hirugarrenari tokia uzteko. Zazpi tanto lortzen zituen pilotariak irabazten zuen kiniela. Zorteak ere zerikusi handia zuen kinielak irabazteko garaian. Nik nahiago nuen ohiko txapelketak jokatzea, haiek irabazteak meritu handiagoa zuelako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!