Aurrekontuak, premia berriei begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 20a, 14:04

Diru partida bereziak bideratu dituzte beharrean dauden Adunako familiei lagundu ahal izateko.

Krisialdiaren eraginez egoera gogorra bizitzen ari diren familiei laguntzeko, partida bereziak aurreikusi dituzte Adunan 2014rako. Herriko ur zerbitzuan egingo duten aldaketa batek ahalbidetuko du hori. Josu Amilibia alkateak eman ditu beharrezko azalpenak: “Ur Kontsortzioaren ziklo integralean sartuko gara aurtengo apiriletik aurrera. Orain arte, ur zerbitzuaren kudeaketak 25.000 eta 40.000 euro arteko diru galera eragiten zion Udalari eta aldaketa horri esker, kopuru horri beste erabilera bat emateko moduan izango gara. Bi erabilera ezberdin emango dizkiogu; batetik, herritarren ordaindu beharreko uraren kuota diruz lagunduko dugu, eta bestetik, gizarte laguntzetara bideratuko dugu partida bat”.

Gizarte zerbitzuak
Emergentziazko diru-laguntzen premia hazten ari da Adunan ere: “Geroz eta familia gehiago ari da Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitatera eskaerak bideratzen. Eusko Jaurlaritzak urtean 2000 euro ematen dizkigu emergentziazko laguntzetarako eta diru kopuru hori amaitzen denean, Udalak egiten die aurre gainerako eskaerei. Aurten, uraren zerbitzuan egindako aldaketa horri esker, 5000 euro gehiago bideratuko dugu emergentziazko laguntzen poltsa horretara”.
Horrez gain, 10.000 euroko beste partida bat ere aurreikusi du Udalak gizarte laguntzetarako. “Oraindik ez dugu oso garbi nola bideratuko dugun, baina gure asmoa 10.000 euro horiek zuzeneko laguntzetarako erabiltzea da. Seguruenik, plegu batzuk sortuko ditugu, eta baldintzak betetzen dituztenek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak”.
Aurrekontuetatik at, beste ekimen batean ere parte hartzen du Aduna herriak: “Aiztondoko Elikagai Bankua martxan da dagoeneko. Hilabetean behin egingo da elikagai banaketa, premian dauden familien artean”.

Giza baliabideak
Ur zerbitzua kontsortzioaren esku uzteak, beste ondorio bat ere ekarriko du: “Dirua aurrezteaz gain, udaletxeko langileen lan zama ere arindu egingo dugu. Ur deposituak begiratu edota administrazio lanak aurrerantzean ez dituzte Udal langileek egin beharko eta beste zenbait lanetan aritzeko aukera izango dute”.

Aurrekontu txikiagoa
1.034.000 euroko aurrekontua izango du Adunako Udalak 2014 urterako. Josu Amilibia alkateak jakinarazi duenez, “iaz baino 200.000 euro inguru baxuagoa. Azken zazpi urteetako aurrekonturik txikiena izango da. Eraldaketa lan asko egin da aurreko urte hauetan eta lan horien eraginez diru-sarrera bereziak ere iritsi dira Udalera. Aurten ez da horrelakorik izango. Nolanahi ere, aurtengo aurrekontua txikiagoa izateak, ez du esan nahi datozen urteetan era hala izango denik”.

Inbertsioak
Inbertsioen atalean, bat baino gehiago azpimarratu du Josuk: “234.000 euro ditugu inbertsioetarako. Ermita aldeko errepide berriaren argiteria berritzen amaituko dugu. Ibai-ondo industriguneko argiterian ere berrikuntzak egingo dira eta konponketak burutuko dira lurzoruan”. Pilotalekuan egin beharreko aldaketa batzuk ere ahotan hartu ditu Josuk: “Haize korronteak sartzen dira pilotalekuaren frontisaren albo batetik eta neguan hotz handia egiten du. Arkitektoarekin zein irtenbide eman aztertzen ari gara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!